"Bernart Etxepare, 1545" diska-liburua
Bernart Etxeparek izandako amodio eta politika bizipenak azaleratu ditu haren poema musikatuak biltzen dituen disko-liburuak (Pamiela, 2024), Koldo Azkonak zuzendutako proiektu baten baitan.
Koldo Azkonak, Bernart Etxepare, 1545 proiektuaren zuzendariak, denboraldi luzea eman du Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ikertzen, XVI. mendeko dokumentuetan Bernart Etxepare aurkitu nahirik. Bilaketa ez da erraza izan, baina azkeneko emaitza, ordea, ederra izan da. Hauek dira aurkitutako dokumentu nagusiak: XIV. eta XV. mendeetako erreferentzia batzuk idazlearen arbasoei buruz; Etxeparek 1511ko auzi batean egindako deklarazioak artxiboan duen kokapen fisikoa; Espainiako erregeordearen 1521eko gutun argitaragabe bat (Peio Monteano historialariaren laguntzarekin aurkitua), lehendik ezaguna zen beste baten jarraipena; enperadorearen aginduz Etxeparek kobratu behar zuen zerga baten men-egitearen deskribapena; eta, agian deigarriena, Etxepareren semearen ezkontza 1537an. Hala da, aita izan zen gure Etxepare apaiza...
Euskarazko lehen liburuko poesiak dakartzate aurkikuntzarekin batera Koldo Azkonak eta Danserie ensemblek, garaiko musikaz kantatuak.
Gainera, Nafarroako Parlamentuak Bernat Etxepare omenduko du abenduaren 2an. Parlamentuko atrioan izango da Danserie Ensemble taldearen emanaldia, 19:30ean, eta Bernat Etxepare 1545 disko-liburua izango du oinarri, Koldo Azkona ikertzailearen ekimenetik jaiotako sorkaria.