Arrate Rodriguez & Maite Caballero: "Nesken" komikiak
Maiatzaren 1ean, Berrian agertutako artikulu batean, Isabel Fonsecaren honako hitzak iritsi zitzaizkigun Arantxa Urretabizkaiaren ahotik <<Emakumeek, beren irakurketetan, gustu bisexualak dituzte. Gizonek, aldiz, tendentzia homosexuala. Ez zaie interesatzen emakumeek idatzitakoa>>
Guri honakoa otutzen zaigu; zergatik erabiltzen da, komiki eta ilustrazio munduan, neskena, gutxiespen-hitz bezala? Hau da, obra baten egilea emakumea dela jakina denean, haren marrazkiak neskena adjektiboarekin izendatzen baditu ikusleak, edo, are gehiago, aurretik enfatizatzeko oso jartzerakoan, zer esan nahi du? Edota, autorea emakumezkoa denean eta bere lana oso interesgarria iruditzen zaionean ikusleari, zergatik sortzen dio harridura?
Bestalde, autorearen izaerari buruz ez dakigunean, nola jakingo du ikusleak emakumezkoa den? Gaiagatik? Marrazteko eragatik? Egindako pertsonaien itxuragatik? Koloreen erabileragatik? Zer esan nahi du guzti honek? Emakumeok aukeratzen ditugun gaiak, sinpleak edo hutsalak direla? Marrazteko trebetasun urriagoa dugula? Pertsonaiek mototxak dituztela? Kolore arrosak eta beroak erabiltzen ditugula?
Maitasunari buruz hitz egitea femeninoa da? Eta orduan, zer da maskulinoa dena? Futbolaz hitz egitea? Edo bizar mozkera ezberdinez? Superheroien komikiak dira maskulinoak? Chester Brownek maitasun erromantikoari buruz hitz egiten duenean, hortaz, femeninoa izaten ari dela esan genezake? Daniel Clowes-en Ghostworld nesken komiki bat da? Esan genezake aipatutako hauek mutilen komikiak direla?
Nesken komikiak existitzen dira baina mutilen komikiak ez?
Genero bat gehiago balitz bezala tratatu behar da gai hau? Komiki belikoak, historikoak, biografikoak eta neskenak? Neska batek orduan ezin al ditu komiki belikoak egin? Genero bikoitza litzateke? Edo nola?
Nesken komiki eta ilustrazioak egin nahi ditugu?
Guk behintzat komikiak eta ilustrazioak egin nahi ditugu, besterik gabe.
Arrate Rodriguez eta Maite Caballero
Irudia: Maite Caballero