Crítica sobre el cómic 'Melody' de Sylvie Rancourt
1985. urteko martxoa. Quebec-eko nekazal herri txiki batetatik Montrealera abiatutako Sylvie Rancourt izeneko neska gazte batek, bere lehen komikia marrazten amaitu berri du. Ez da oso ohikoa emakume batek komiki bat marraztu, fotokopiak egin eta fanzine bihurtuta, banan bana saltzen hastea.
Eta askoz ere ezohikoagoa, istorioen protagonistaren izen bera duen Melody izeneko fanzineak arrakasta izatea.
Fanzine horretan ordea, Sylvie Rancourtek bere stripper lanbideaz, lankide eta buruzagiez, droga saltzailea den bikoteaz eta bere bizitzako beste hainbat pasadizo kontatzen dizkigula azaltzen badugu, akaso ez da hain zaila ulertzen zergatik lortu zuen fanzine hark kioskoetan ere bere lekua izatea. Marrazki estilo infantil eta basikoari, ironia tantarik gabeko kontakizun naifa gehitu eta guztia kontra izan arren, komikiak lilura efektua lortzen du. Aurreiritzirik gabeko narrazioak, kontatzen duen errealitate gogorra ez du xamurtzen, baina aldi berean ez du epairik edo balorazio etikorik botatzen. Denboraren galbaeak gainera mesede egin dio komikiari. Egun gailentzen den inpostura eta zuzentasun politikoaren trazarik ez dago biñeta hauetan, eta horregatik du guztiak egiazkotasun usain hori (streep-tease klub batetan egon daitekeen usaina ere primeran kontatzen digu besteak beste Sylviek).
Dantzari erotiko batek eginiko autoerretratu honek, hunkitu, dibertitu eta garai eta gizarte baten erradiografia egiazkoa eskaintzen du bere estilo grafiko sinple, zuzen eta erradikalarekin.
Odlok