Botila barruko poemak
Jorge Luis Borgesen hiru poema
Tigreen urrea
Sartalde horizko ordura arte
zenbat aldiz egon naizen so
Bengalako tigre ahaltsuari
joan-jinean bide xedatuan
burdin barren atzean, susmatzeke
haren kartzela zirela.
Gero hara beste zenbait tigre,
Blake-ren tigre suzkoa;
gero hara beste zenbait urre,
Zeus zen metal amodiotsua,
eraztun bederatzi gauz behin
bederatzi eraztun sorrarazle,
haiek berdin azken gabe.
Urteekin han joan ziren
beste kolore txit ederrak,
soilik baitzaizkit orain geratzen
argi lausoa, itzal ebazgaitza,
hastapeneko urrea.
Oi arrasti, oi tigre, oi dirdirak
mito eta epikarenak,
oi urreen gailen, zure adatsa
eskuon irrika bizi.
Itsasoa
Ametsak (zein izuak) josi baiko
mitologia-kosmogoniarik,
izan aurretik aldi-monetarik,
itsasoa han zen, beti garaiko.
Nor da itsasoa? Nor antzinako
izaki bortitz hura, lurra baitu
azpi-jaten, bat bera infinitu,
erroitz, dirdai, zori, haize halako?
Estreina da haren ikustaldia
aldiro. Hain baitira harrigarri
funtsezko zerok, arrats bat oskarbi
eder, ilargi, su irazekia.
Nor da itsasoa, nor naiz? Aurrena
hilzori ostean nekike dena.
Hilartitz
Bagara heldu zaigun ahanztura.
Hauts elemental, gutaz ezaxola,
Adam gorria zena, hala nola
gizon hau den gaur eta bihar hura.
Bagara jada hobian bi datak,
hastea eta fina, egur-kaxa,
usteltze ezaina, bezti aratza,
herio-azturak eta hil-kantak.
Ez naiz zoro atxikitzen zaiona
bere izenaren hots xarmantari;
esker diot ez dakikeenari
izan nintzen izakiaren sona.
Zeruaren urdin soraio pean,
gogarte hau soleigarri barnean.
MPK, Jorge Luis Borges (Susa, 2026. Itzultzailea: Juan Garzia)
