Erreseinak

Erreseinak

Poema-liburuen erreseinak eta iruzkinak

Imanol Larrinaga

Ruta de navegación

Publicador de contenidos

  • GELA ILUNETIK

    Ana Urkiza Ibaibarriaga

    Egan & Hiria, 2000


    ​​​​​​​

    Norberaren gela bat norbera izan daiteke. Norbere atsekabeek ilundu dezakete edozeinen gela. Gela iluneko leihotik, edo belztasun goibelaren hodeitzan murgildurik dagoen begiradatik ikus daiteke argiaren norabidea errainuaren arrasto luzeari esker. Eta, era berean, gela iluneko leihotik sartzen da denboraren joanaz ohartaraziko gaituen ezkila-hotsa. Halaber, gela oroimena ere bada. Bere barrunbeetan arakatuz gero, aintzinako musuekin, udaberriko loreen usain iharrarekin eta entzun nahi ditugun oinatzekin topo egin dezakegu: «Gela bete iluntasun: / eta angelu itsuan / hormaren kontra iltzatuta / kurtina hegaldarazten duen / esku ikustezinaren beldur».

    Izuaren iturburua barruan dago, ez gorputzetik kanpo. Argiak gelan sartu nahi du. Sartzen uztea geuri dagokigu, ez argiari. Errezelak keinu herabetiz mugitu edo leihoak ausarki parez pare zabaldu. Ilunetik argirako bidea erabakimenean datza. Nekez egingo lioke lekua udako beroak neguko hozkirri sarkorrari, ostera ere udaberriak atea zabalduko diola jakingo ez balu. «Zer gertatzen da / arrastiko zeru okreetan / eta goizaldeko ortze garbietan, / gaua zorion / eta eguna zorigaitz / zaizkigunean?». Gizakion adu malguaren izatean, edozer gerta daiteke, baita zoriona ustekabeko iluntasunean arkitzea ere, argiak gardenegi bihurtzen dituelako zauriaren sastadak.

    Denbora, bestalde, iraganaren eta orainaren arteko distantzian neurtzen dugun gisa berean, mina ere nabarmenagoa da denboran urruntzen doan heinean. Bi espazio ez dira inoiz elkartuko bi puntu urruntzen ari diren bitartean. Hortaz, «Espazioa, / denboraren gordeleku / isila» bilakatzen da. Urrutiko minak gela ilunean gordetzen ditugu, batzuetan, nahi baino zarata gehiago ateratzen dutelarik. Argi guztiak amatatzeaz bat ozenago entzuten ditugu minaren zantzu iraungigaitzak. Itsumustuka ibiliko gara argiaren bila tunelaren beste ahoan.

    Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntza: "Los vascos hemos sido un pueblo muy  comprometido, pero nos hemos relajado"
    Ana Urkiza (iturria: www.deia.eus/Rubén Plaza)

    Akabera baino lehen eutsi behar zaio, ordea, esperantzaren argiari, gauez ere, are gaurik beltzenean ere, izarren batek lipar bat argituko duelako, kalezuloren bateko kantoiko farola indargeari adore emateko asmo apalez. «Izarren abaroan / gorde ditu heriotzak / errauts biziak». Denbora infinitua iruditu arren oraindik gazte diren bizizaleei, bizitzaren artaziek, apurka-apurka, finitora mugatuko dute inoiz betirako ez den tarte gero eta laburragoa. Horregatik, guztiok gara bidaztiak bizitzaren ildo berean, bakoitzak bere bidea egin arren.

    Bakardadearen isiltasuna kaleko abarrotsak indartu dezake. «Bakardadeak / eskuak poltsikora / gonbidatzen». Bidaztia bakarrik hilko da, bakarrik jaio zen bezalaxe. Eta bakarrik itzuliko dira heroiak etxera bidaia luze baten ostean, ametsa egia bilakatzeko itxaropen osoz. «Pintore ameslaria / bidazti / motxila hartuta / inspirazioaren bila da abiatu… / Urrun da joana… / Urrun da ibilia… / Paisaia margulak bisitatu ditu… / Eta azkenean, / ametsak pintatzea / du deliberatu».

    Komeni da ametsak ondo lotzea, krisketa jarri eta ondo ixtea, inor ere sar ez dadin. Ametsa, sarriki, ustearekin nahastu ohi dugu. Irudimena askea dela uste dezakegu, aske izatea ezinezkoa dela jakitun garen arren. «Fruituak aske du uste / bere burua / zuhaitz tiranoaren behatzetatik / ihes egiterakoan, / ankerki / lur eiharren kontra / istripatzen den arte». Baino horretarako dago poesia, hots, ametsei hitzak jartzeko. Honela aitortzen du ondarroar poetak: «Mintzo naizeno / ene desira grinak ditut / aitor / bizi-indarraren sekretu. / Ixil nadinean / desiraren sua zait iraungiko / eta heriotzaren beso sendoetan / itoko naiz / nakar / ahots eske». Ahotsak hitza baitu hizpide eta «Lumaren pisua / lumaz / mintzo da».

    Amodioaren argiak alaitzen ditu maiteminduaren eta maitatuaren bihotzak. Argiarekin bizitzen jakin behar. Eta amodioak, bere baitan, berezkoak dituen baldintzak ditu, bre nortasuna ziurgabetasunez orbaintzen duelarik. «Iraungi ahal ote / lehenengoz kausituriko argia? / Eta azkenekotz agurtutako / paisaia? // Nork jakin / alantzak iziotu / ala ireki egiten ote diren… // Ziurtasuna / baldintza-zakuetan / saltzen». Maitasunaren harrak agerian uzten ditu sagarraren kezkak. Amodioaren katerik sendoenak tai gabe uhertu dezake negarraren jarioak. «Dunbotsa / zeruaren zauri irekitik / negarrez mara-mara».

     

                                                               Maite Lopez Las Heras (2026ko urria) 

     

  • ZURUBI LUZEA

    Bizitzarik ez odolik gabe, ezta herririk ere hitzik gabe. Baina hitzari negarra dario noizbehinka, eta herriari odola. Minetik jaiotzen dira maiz hitzak. Minetik sortzen da bizitza ere. Eta, askotan, atsekabea eta maitasuna batera doaz, kate berarekin loturik baitaude. Kateak askatzeko eskubidea izateak ez du, ordea, nahitaez askatasuna ziurtatzen. Inoiz ez gara aske, baina askatasunaren mailaketan, batzuk aurrerago daude beste batzuk atzerago egoteari esker. Horrela gertatzen da gainerako esparru guztietan ere. Guztiok eskubide berberak izan arren, denok ez gaude egoera berean. Baldintza guztiak elkar elikatzen dira, aurreak atzea behar duelako bere kokalekuaren abantailaz jabetzeko, eta ezkerrak eskuina behar duelako itxaropena zein norabidetan galdu zen jakiteko.

    Herritarren odolak gorriz tindatu zituen herriko ateak, «Plagak plagaren gainean / urtetan izan ditugu, / aingeru hiltzaile gaiztoa / hamaikagarren plagarekin dugu / indarrez azkenean garaitu»; mahatsa bezala zapaldu zituzten, «Baina, / Guk edango dugu gure ardoa / handik mozkortzeraino / botagurea amorruz egiteraino»; tiroz jotzen eta senideak etxetik erauzten, «bizitzak ez du balio gure herrian / pistolaren tiroa baino gehiago». Minez beteriko garaiak, burdinaren kiratsak eta tiro-hotsak hartutako kaleak. Halandaze, ezin zorionezko hitzik esan. Zezenaren patua herriaren berbera zen: «Euskadiri eman zigorra / nahi diote zigorra / gogorra / zapalduko dutelakoan». Geroan zegoen jarrita esperantza osoa, egoera noiz hobetuko, herri berri bat noiz sortuko zain. Eta zuhaitz berri horren adarretan esekigo zituzten berriro eskubideak.

    Odola dago odol edaleak dauden tokian: «Eta odol edalea dago gainean, / gizon baten odol edalea, / otsoak edaten duen bezala / gizon baten edalea dago gainean». Eta orduan hasten da fedearen pisua astunagoa bilakatzen, zalantzaren zama nabarmenagoa izaten, galderaren erantzuna mingarriagoa suertatzen. Errealitatearen kontrapisuak sinesmenari irabazten dio, gordinegia delako, bistakoegia akaso, eta hurbilago sumatzen duelako gartzelan dagoen anaiaren mira Jaunaren errukia baino. «Barkatu, Jauna, gaur / galtzen badut itxaropen hondarra / eta fedearen indarra. / Euskal Herriak badu bihotza, / Jauna, / sentitzen du fusilatuaren heriotza».

    literaturaren zubitegia - Pello Zabaleta
    Pello Zabaleta Kortaberria. 

    Gazteen odolez egin izan dira bizitzak, baina zertarako da odola, «ez bada / beste gizon lagunek / etsaiek / alperrik ixur / eta / xurga dezaten?». Besarkatzen dugunean, aldiz, azala eta oroitzapenak besarkatzen ditugu, ez odola. Besarkatzen dugunean, ez dugu gorputz soil bat besarkatzen, maitasuna bera baizik. Gurekin ez dagoen senide bat besarkatzeko gurariaren mina agorrezina da. Anaia gartzelan duen poetak olerkiz josten ditu hura besarkatzeko aukerarik eman ez zaion egun eta gau bakoitza. «Ez zekien penaz / zegoenaren minak ez duela / pertsonaren ezina / ehortz haren penetan nekea?». Zain egotea besterik ez zaio geratzen itxaropena guztiz galdu ez duen jagoleari. Beso banatan izan baitaitezke itxaropena eta tiroa. «Gosea sortu du gizonak / diruak altxa ditu txabolak / farrak ernarazi negarrak». Anaia besarkatzeko garrasia, finean, abesti bihur daiteke nekearen eraginez, «gure hizkuntza gaurkoa / ibai guztien gaindi / argia / besarka nahi zaitut».

    Odolarekin ordaintzen ez duguna, ostera, izerdiarekin kitatzen dugu. Seme-alaben geroa, esaterako, izerdiarekin ordaintzen dugu goizero lanera joateko jaiki behar garenok. Pobreari aholkua ematen dio legazpiar poetak: «Ez luzatu eskua / pobrea bazara / kenduko dizute / bestela». Ogia Jesusen gorputza da kristau sinestunarentat; eta, era berean, ogia bizitzeko beharretako bat da familia aurrera atera nahi duen edonorentzat. «Lanaren semeak kantatzen du / tirikitaukitauki / izerdiarekin egoso du labean / bizitzeko behar duen ogia, / semearen jakintza ordaindu / tirikitaukitauki / nekatzen bada, ez daki / nola izerdia lehortu». Lanaren semeak lanaren zortea baizik ez du ikasiko, ordea.

    Lurrak ematen ditu bizigaiak eta mintzoak. Lurrak ematen, halaber, labean ogia egosteko nahiz eskubideak idazteko papera kiskaltzeko sugaia. Ematen duenak kentzeko ahalmena ere badu. Halarik ere, lurrak egiten gaitu gu, hura gabe ezin baikara izan. Lurretik biltzen ditugu negarrak bihurtuko diren farrak. Eta farretik sortzen da zinkurina ere. «Bizia da biziago / ametsetan». Lurra zenbateraino maite dugun asmatzea ez da auzi makala. Ematen eta kentzen duen lurrak abaroan ditu guztion zoriak, onak eta txarrak. Poetak argi dauka: «Hilobiraino / maite dut lurra / gure lur apurra / odola edan ondoren / asetzeko geratzen den xurra».

    Baina bizitza musika ere bada. Ametsezko doinuz betetzen ditugu goizak eta Chopinen notekin erortzen doazen arratsak; galderez, berriz, gauak. Dantza da pozerako bide bakarra. Sorginak bere kobazuloko atea erakutsiko digu nora goazen galdetuz gero. Kantaz eta dantzaz blaituko gara bihotzean amodioa taupaka hasten denean. Ihesean dabilen egunari argia eskatuko diogu, ez baitago argirik ilunetan, bai, ordea, iluntasun-liparrik argiaren izpi zurixka itsugarrietan.

    Zotinka askatuko ditugu samina eta haren arrasto bilakaturiko oroipena gure barrenetik. Amets berria sortzen hasiko gara, ametsean sinesteari uzten ez diogun bitartean. «Txingorrak jo du udaberria, / ibaietan doa hondakin ustela, / sartu da enbor zaharrean zapelatza, / norentzat ekarri duzu amets berria?». Jakitun gara, hain zuzen, zoriona dagoela maitasuna dagoen toki berean; sua desioarenean.

     

                                                               Maite Lopez Las Heras (2026ko iraila) 

     

    Zurubi luzea osorik irakur daiteke armiarma webgunean

     

  • EPILOGORIK GABE

    Elena Sanchez

    Erein, 2024

    https://www.erein.eus/media/portadas/x/portada1742.jpg

     

    Bizitzak ez du epilogorik. Heriotza heltzen denean, ez dago azalpenerako aukerarik, ezta barkamena eskatzeko betarik ere. Homilian puztuko dituzte noizbait izan ginenaren ezaugarriak; bertuteak, halakorik balego, apainduko dituzte, eta akatsak ezkutatuko. Azken horiek, egon badira ere, beti daudenez gero, ez aipatzeak oroitzapena samurtzen laguntzen du. Hortaz, bizitza bera, hau da, hil aurretiko denboraldi osoa, norbere elegiaren konposizio-ariketa da. Guk geuk, geure ekintzen bitartez, hitzena bainoago, osatuko dugu gure requiemaren doinua.

    Baina denbora inoiz ez da simetrikoa. Bizitzaren aro bakoitzak beharrezkoa duen denbora hartzen du ia guztiz garatzeko. Garaiak ere ez dira simetrikoak, abestiak ere asimetrikoak diren hein berean. Monotoniak, aurreikusteko modukoa izateak eta simetriak bizitza gogaikarri bihurtuko lukete. Aldiz, bizitzeko bizi nahi izan behar da. Sarritan, denboran atzera begiratzean, simulakro bat baino bizi izan ez dugula iruditzeko arriskua dago, baldin eta gogoaren igoerak eta jaitsierak gogotik bizi izan ez baditugu. Halaxe dio Barakaldoko poetak: «Denboraren asimetrietan galdurik / jarraitzen dugu. / Nekatuta. / Bizitzaren simulakroa / bizitzea ekidin nahian. Ez besterik».

    Zaila da jakitea, akaso ezinezkoa, zer izan zen lehenago: poeta ala nostalgia. Fisikoki izan ez arren, poeta oro da deserritua, gehienetan bederen, arrotz zaizkion egoeretatik. «Denboraren erbesteratuak / ezlekuetan bizi gara, garairik gabekoak». Ametsak, askotan, hareazkoak izaki, urak desegiten ditu, geroaldiak iraganarekin egingo duen modu berean. Horregatik, orainaldia da gure helduleku bakarra. Orain egiten duguna baino ezin dugu bermatu, geroa eta iragana ez baitaude gure esku, hitz haien ahotsak ez direlako gure ahotik aterako. Poetak zalantza egiten du: «Baina, non ipiniko ditut gero / orain egingo ez ditudanak?».

    ​​​​​​​

    Epilogorik gabe | Erein
    Elena Sanchez bere poema-liburua eskuetan duela (iturria: Erein)

    «Euriak / baleen bizkarretan idatzitakoa / deusezta dezake». Norbait izendatzeari uzteak haren izena ezaba dezake. Aitzitik, ezikusiaren egiteak norbera itsutzen du, ez ikusi nahi ez duen hura. Eta hori ulertzen dugun unean, ikasiko dugu ez dagoela entzungorra baino gorragorik. Bizitzea, beraz, bidaldi gorabeheratsua den heinean, guztiok bilakatzen gara marinel gurea, nostrum, den itsasoan nabigatzerakoan, «Troiarik gabeko gerlari naufragoak. / XXI. mendeko odiseoak». Bistan da, hortaz, mundua zahartzen ari dela, eta belaunaldiak berritzen. Zaharraren eta berriaren arteko oreka bilatzea belaunaldi guztioi, lehengo eta oraingoei alegia, dagokigun aspaldiko auzia da. «Baina orain, / egunkariak inork irakurtzen ez dituen egunotan, / munduko utopia guztiak / zirimolarekin dantzan ari dira, / utopia higatuak, / maiztuak, / katramilatzen norabiderik gabe amiltzen den / mundu zahar honetan». Elkarbizitzaren oinarria, edozein politikarik esango lukeen moduan, elkarrenganako errespetuan datza.

    Ez gara munduratu Historia egiteko. Ez dagokigu guri ondorengoen iruditeria finkatzea. Ez luke gure kezka izan behar oinordetzan gure arrastoa uztea. «Eta ez, / testu liburuetan Historiak / ez du gutaz hitz egingo». Lo gaudela gertatzen dena ere bizitzaren zati bat da. «Lo nagoen bitartean, / nik badakit, / munduak biraka jarraitzen du. / Geraezin». Horregatik, autokritikaz baliaturik, nor garen galdetu beharko genioke gure buruari, autobiografia osatzerakoan, gu ez ezik, aurreko batzuk ere izan garela jabetzeko. «Akaso ni naiz ni? / Beste askoren bizitza bizitzen». Entzuten dugun musika, irakurtzen dugun literatura, horixe gara gu, besteak beste.

    Emakumea eta artista izatea, kasu, aurretik emakumeak eta artistak izan direnen zailtasunak onartzea eta zeureganatzea da. «Gauean heldu da inspirazioa / baino ahiturik aurkitu zaitu». Poetak ez dauka idazteko astirik «arropa garbitu / lisatu / purea eta batuketak / irudimenari botoiak josi eta biderketak / sukaldeko trigonometria / kenketa arrosak / zatiketa urdinak» eta abar luze bat egin behar dituelako egunero. Picassok agian ez zuen horretan erreparatu inspirazioak lanean aurkitu behar zaituela baieztatu zuenean; ezta prekarietatearen zorroztasunean ere.

    Bizitzaren azken kapituluan, hortaz, «Bizitza jada desmemoriaren kristalean / irristatzen den azken ur tanta / baino ez denean» alegia, gure ikusmoldea aldatzen da. Beranduegi izan ez dadin erregutu behar dugu, «heriotzari beldurra / heriotzaren lilura» sentitzen hasten garenean. Poesiak lagunduko digu estatistikek azal ezin diezazkigukeen egiak ulertzen.

     

                                                                  Maite Lopez Las Heras (2026ko uztaila) 

     

  • HIRI GORAZARRE

    Bidaiatzea ez da helmugara heltzea, bizitzeko irakaspena baizik. Bizitzea ere ez da hiltzera iriste hutsa, ongiaren eta gaizkiaren arteko orekari eustea baizik. Tarteka, haizea kontra dugula ibili behar izaten dugu; marteka, alde. Tirainak ere ez du etsiko noizbehinka gu urperatu arte, are itolarrian egon arte ere. Baina hori ere bidaiaren atal saihetsezina da. Eguzkitan zein euripean, ekaitzarekin nahiz bero sargoriarekin, bidaiatzeak merezi du. Ez izan beldurrik Poseidon hiratuari.

    Hiriak ere baditu berezko arriskuak. Lestrigoiei eta Ziklopeei aurre egin behar izaten diegu, gau eta egun. Estetikaren eta etikaren baitan eraikitzen ditugu arima eta gorputza, hiriak eta hiritarrak. «Estetika eta etika / gizakiaren haitzuloetatik / uztarriaren alboetan. / Arima eta gorputza / bizitzaren, adarraren / zauri kulunkatuak». Haitzulotik ateratzeko beldur gara, ez kanpoan dagoenaren beldur garelako, egon daitekeenaren irudipenak izutzen gaituelako baizik. Oroimena, batzuetan, beldurraren lagun mina da. «Orainean ditut oroimenaren talkak». Baina itzalaren irudiak susmoa eraikitzen laguntzen digu, onerako zein txarrerako. «Arrotzak dira kaleak San Franciscoko munduko hiritarrentzat / kaleek ez baitute gerizperik txanponik gabeko poltsikoentzat».

    Antzinako hiri zaharretan, polisetan, hitzari plaza bat egiten zitzaion, agora bat, hitza aintzat hartzen zelako eta guztiena zelako. Hiritarren hitza ez zen tabernetan soilik entzuten, eta, batez ere, entzun egiten zen. Horrela hedatzen baita kultura, estali gabeko foro publikoetan, haizeak urrutiraino zabal ditzan pentsamenduaren solas gardenak. Argia behar da itzala egiteko, baina argiari tartea utzi behar zaio ilunak jotako hiri laiotzetan egunak ere badirela oroitarazteko, eguzkia ez dela telebistan noizbehinka ageri den iragarpen soil bat sinetsarazteko. «Polisetan, agoran, / hitzak zuen bere gotorleku. / Eta guda buztina zen. / Buztinezko inperioak sortu dira. / Hirian ez dago kulturarik. / Soinuaren kultura, zarata».

    Arte[faktua] 98: Maite Lopez Las Heras, "Safo. Poesia guztia", Juan Ramon  Makuso, Jon Villapun • ZUZEU
    Juan Ramon Makuso (iturria: EITB, Artefaktua saioa)

    Beti bizi gara orainean, nahiz eta orain ez bizi lehengo toki berean. Orainak ere badu bidaiatzeko ahalmenik, poetaren gomutaren bitartez. Eta oroitzapenak batzuetan zaratak asmatzen ditu iraganaren pisua arintzeko, edo erabakiaren zama zuritzeko. Baina oroitzapenak badaki zaratak isilarazten ere, harkaitzera lotzen gaituen katetik askatu ahal izateko. «Kaleko zaratak estaltzen du / larunbat gaueko inkomunikazioa. / Koldo Mitxelenaren whisky basoak / ongarritzen du ene poema isila». Aspalditik jabetu gara, ostera, gizakiaren txikitasunaz herioaren handitasunaren aldean. Eta bakardadea inoiz ez da bakardade osoa kontzientzia lagun dugun heinean, norbait begira dugula jakin ez dakigunean. «Oinezkoen kaleak / Oinezkorik gabeko kaleak dira».

    Horrez gainera, hiria basamortua ere bada sarri askotan, anabasaren eta harrabotsaren erdian. Eta hiria, halaber, daudenen eta ez daudenen izenez osatzen da, biztanleria ez baita neurtzen erroldatze-ziurtagiritan, batzuen herriminean eta besteen ihesean baizik. Hiritartasunaren mugak norberak zehazten ditu: civitas. Nongoa eta nongotarraren arteko desberdintasunean oinarritzen gara. «Herrigabeak daude / baina hiri hiritartasuna / nik / badaukat». Paperak ezin dezake erabaki gu nor garen. Bitxia da komunikatuak izatea nagusi inkomunikazioa nagusitu den garaian. Baina joanaren eta etorriaren ibilbidean barrena, aberria atzerri bilakatzen dela ohartzea ez zaio samurra suertatzen bizilagun malenkoniatsuari: «Atzera egiten du herriak / eraikitzean ene atzerria. // Zergatik asmatu aberriak?».

    Hiriak, bestalde, begiradaz josita daude. Irribarreak garesti saltzen dira, eta begiak lurrera zuzentzen. Goibel, presati, serios dabiltza ibili heldu gehienak hirietako kaleetan zehar, euren bizitzaren atsekabeari aurrez aurre begiratzeko indarge. «Ez dut irribarre bat / ezpainik gabeko aurpegian. / Diotenez heriotzak ez du leihorik / ateak zabal-zabalik dituenean». Aitzitik, inor ez doa biluzik karrikaren hutsune luzeetan. Kolorez janzten ditugu egunik ilunenak, itxaropenaren egiari aukera bat ematearren. Odolaren gorriz margotzen ditugu bestearen ezpain beluriak. «Kolorerik gabe biluzik / dira formak». Heriotzak ere beltzez margotzen ditu hiriak hornitzen dituztenen bizitzak: «Kaleen arteko fabrikek pozten zituzten gazteen patrikak, / biriken arnasetan koadro beltzak margotuz».

    Maitasuna ere hiriko kantoirik ospelenean egon daiteke. Karrika zeharkatu behar da amodioaren aukerari jaiotzea ahalbidetzeko. Ibilian-ibilian, bidaian maitatzen ikas dezakegu, eta maitatuak izaten, batak ez baitu bestea beti bermatzen. «Maitasuna kandela / bat da, haizeak / itzaltzen badu / ez zen maitasuna». Gizakiaren kontzientzia biluzik ibili ohi da, nahiz eta gu mozorrotzen saiatu behin baino gehiagotan. Orbelak agerian utziko du, amairik gabeko udazken orotan, gizakiaren kontzientzia biluzia. Umetatik hasten gara gure kontzientzia janzten, ohartu gabe hasieran, eta ezagueraz beranduago. «Biziaz maiteminduta gaude. / Lagun mina, bizi mina, minbizia, maitemina, / mina ematen al didate?» galdegiten du poetak, eta baietz erantzungo nioke, Saforen hitzak gogora ekarriz, maitasuna, eta bizitza, finean, gozoa eta mingotsa baita, bidaia bera bezalatsu. 

     

                                                                   Maite Lopez Las Heras (2026ko ekaina) 

Mostrando el intervalo 1 - 4 de 31 resultados.