'El ojo azul de Horus' komikia
Harrigarria da Egipto zaharra. Harritzarrek harritzen gaituzte, bai eta harri horien gainean egindako lanek ere.
El ojo azul de Horus: historia de la reina que vestía de hombre
9 aleko bilduma - ECC Ediciones, 2022 -
Harrigarria da ere antzinako egipziarrek euren zibilizazioa azaltzeko garatu zuten kosmobisioa; mendebaldeko zibilizazioan uste baino gehiago kristautasunean gorpuztu zena : berpizkundea edo infernua, esaterako.
Tartean, kultura helenikoak ere, jakina, kontakizuna bere egin zuen, maiz ahazten baitugu zer nolako unitate kulturalak batzen gintuen.
Horusen begia, esaterako, elementu komun horietakoa da. Meditarreneoaren bi aldeetan turisten souvenirrei begiratzeari baino ez da egin behar horren berri izateko.
Anaia Osiris hil eta zatitu egin zuen Sethek; baina Osirisen alargun Isisek hura berrosatu eta hilda bazegoen ere haren semea ernaltzea lortu zuen: Horus, hain zuzen ere.
Horusek lortu zuen, nolabait, Egiptoren bizitza antolatzea; Egipto antzua Sethen menpean utzita. Horusek eguzkia du alde; Sethek, berriz, arima gaiztoak irensten dituen abernoa, sugetzarra.
Manga honetan zehar Horusen begia ez ezik, bestelako funtsezko protagonista bat ere badugu: ekialdeko zibilizazioari buruz mendebaldarrok ditugun aurre iritziak kolokan jartzeko modukoa gainera. Izan ere, emazte faraoiak izan zirela ba al zenekiten? baina, zer da hau? Marvelen inbento bat ala? Hulk emea bezala telebistarako?
Baietz hau edo honelakoak ziur esan batek baino gehiagok Hatshepsut protagonista nagusia delako, non eta... manga batean!
Beraz, bildumatxo honetan aurre juzgu asko zaborrontzira botatzeko aukera duzu. Ez galdu aukera.
Oraingoz bildumaren lehen alea dugu esku artean, eta bertan Hatshepsut protagonistaren bizipenak ezagutzen hasi gaitezke, faraoi izateko pasa behar izan zituenak alegia. Faraoi izatera iritsi zen emakume honek, Hatshepsutek, ideia finkoak ditu eta ez ditu onartuko emakume gisa ezarri nahi dizkioten murrizketak.