'Ellas iban sin sombrero' komikia
Ellas iban sin sombrero. Ponent Mon, Catarata, 2022
Bost emakume sortzaileren bizitzak jasotzen dituen komikia da honakoa, bost egile desberdinek marraztua, hauek ere guztiak emakumezkoak. Komiki hau XX. mendeko lehenengo erdiko Espainian kokatzen da, 27ko belaunaldiaren garaietan, emakume artistei buruzko aurreiritziz jositako gizarte batean.
Emakume artisten talde hau, denak 1898 eta 1914 artean jaiotakoak, Las Sinsombrero (kapelik gabekoak) izenez ezaguna egin zen, hauetako batzuk Federico García Lorca eta Salvador Dalírekin batera, Madrileko Puerta del Sol inguruan txapela kenduta ibili zirelako. Ekimen honek, arau sozialak apurtzeaz gain, buruko ideiak askatzea zuen xede.
Gidoia Carolina Corvillorena da eta kapitulu bakoitzak protagonistetako baten istorioa kontatzen digu. Lehenengoa, Maruja Mallo, margolari surrealista dugu, eta bere korronte honen kutsua dute Mercedes Palaciosek irudikatutako orriek. Marga Gil eskultore, ilustratzaile eta poetaren bizi onirikoa Jen Del Pozoren eskutik ezagutu daiteke. Hirugarren istorioa Irina Hirondellek marraztua da, Tortola Valencia dantzariaren oroitzapenak jasotzen ditu. Dantza orientalen inguruan zuen ezagutza eta pasioak estilo propio bat izatea eragin zion. Ernestina Champourcin gasteiztarra 1927ko belaunaldiaren parte izan zen poetaren kapituluari Irene Galak jartzen dizkio irudiak. Azkenik, Josefina de la Torre poeta, aktore eta abeslariaren bizitzaren pasarte batzuk Noelia F.-ren marrazkiek ilustratzen dute.