'Josephine Baker' komikia
Josephine Baker. Catel, Bocquet. Salamandra, 2022
Missourin jaiotako eta jatorri afroamerikarreko artista estatubatuarrak bere bizitzaren erdia baino gehiago Frantzian pasa behar izan zuen. Dantzari eta abeslaria zen batik bat, baina beste hainbat lanbideren artean, Alemania naziaren aurka espioi gisa ere aritu zen. Gaur egun Josephine Baker jotzen da lehenengo vedette izartzat.
Ikono musikal zein politiko bihurtua, bere bizitza filmetan, literaturan zein komikitan errepasatua izan da. 564 orrialdeko Josephine Bakerren bizitzari buruzko Salamandraren edizio bat jaso berri dugu liburutegian. Oso ondo dokumentatutako komiki trinkoa da honakoa, luzea, sakona eta biografikoa. Bere bizitzaren kronologia 15 dakar eranskin gisa komikiak, baita bere bizitzan zeresan berezia izan duten pertsonaiei buruzko informazioa ere, zati honek komikiaren ia 100 orri betetzeraino, eta azkenik, baita lan hau burutzerakoan erabilitako bibliografia eta filmografia ere.
Komiki biografiko hau 2016an argitaratu zuen lehen aldiz Frantzian Casterman argitaletxeak. Ilustratzailea Catel Muller da, emakumeen hainbat komiki biografiko egin izan ditu aurretik, eta gidoilaria José-Louis Bocquet da, Humanoidesekin lotura berezia duen literatura-editorea.
Josephine Bakerren bizitzan murgiltzeko, ez dago bere hitz hauek baino gauza argigarriagorik: "Adiskideok, badakizue ez naizela gezurretan ari errege eta erreginen jauregietara, presidenteen etxeetara sartu naizela esaten badizuet; Estatu Batuetan, berriz, ezin nintzen hotel batean sartu edo kafe bat edan, eta horrek amorrarazi egiten ninduen!". 1963ko abuztuaren 28an Washingtonen enpleguaren eta askatasunaren alde egindako martxan bertan Josephinek esandako hitzak.
Gure liburutegian Josephine Bakerri buruzko biografiak, fikziozko lanak, soinu-grabazioak eta bideoak aurki ditzakezue.