'Louis la Guigne' komikia
Giroud gidoilari handiak eta Dethorey marrazkilariaren abenturazko istorioak dira Louis la Guignerenak.

Louis la Guigne
10. liburukia: Etchezabal
Glénat, 1993
Louis pertsonaia bi mundu gerren artean bizi den protagonista da. Ezer galtzekorik gabe, langabezian eta erdi galduta dagoelarik, edozein egoeraren aurrean dena emateko prest agertuko den abenturazalea da. Seriearen 13 aleetan zehar Europako hainbat herrialdetan ibiliko da protagonista, eta tartean 10. liburukian kontatu bezala, Euskal Herrian girotuko da bere istorioa, kasu honetan kutsu historikoa ere badauka liburukiak.
Euskal hizkuntza zein nazioari buruzko informazioan eta historian oinarritutako abentura honetan Etchezabal mugaldeko herrixka ezagutuko dugu. Beñat, Koldo edo Kattalin anderea izango dira pertsonaia nagusiak Louisekin batera, eta euren bidez komiki honek ezagutzera eman zuen bere garaian taloak nola egiten diren, pilota partidak edo mugalarien lana eta gora-beherak zeintzuk ziren.
Istorioa hasi aurreko orrietan Glenatek euskarari buruzko argibide batzuk ezarri zituen komikiaren hasiera zein amaieran, baita hiztegi txiki bat ere. Gainera Espainiako garaiko gerra ere aipatzen da bertan. Ondoren dagoen portadan berriz, egileek euskara maitatzen irakatsi dietenei eskaintzen diete liburuki hau. Bertan itzultzailea, Danielle Albizü, Jean-Henri eta Mirentxu Aguerretche aipatzen dira.