'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikia
Ni ez naiz Mikel Laboa
Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Joseba Larratxe
Elkar, 2022

Kantari ezaguna izan zen Mikel Laboa donostiarra. Marisol Iparragirre bere emaztearen eta berari buruzko lanak sustatzeko sortu zen katedrak eskatuta eraiki dute ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikia. Bertan, Mikel Laboaren biografiako hainbat puntu kapitulu bihurtu dituzte, wester, abentura, umore zein biografia ukituak dauzkan komiki berritzaile honetan.
Hiru artistaren lana da honakoa. Hasiera batean, honako asmoarekin, bi gidoilari, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano, eta Joseba Larratxe marrazkigile gisa aritu dira lanean. Baina ez da zorrotza izan lan banaketa hau. Abiapuntua bai, Iturriaga eta Canok gidoiak egiteko atalak banatu zituzten eta ondoren Larratxek hauek marraztea zen ideia. Baina bi urte luzez iraun duen proiektuan, hiru egileren ukituak, zuzenketak, esku hartzeak nahaspilatuta daude ia orri guztietan, bai gidoietan zein marrazkietan. Halaxe azpimarratu dute lanari buruzko elkarrizketetan hiru egileek.
Gidoiaren sorreran daude, Mikel Laboaren biografia bera eta Marisolek eskainitako informazioa, baina oinarri honen gainean egindako sukalde lana da komikiaren ardatza. Hau ez baita komiki biografiko soila, baizik eta Mikel Laboaren bizitzako hainbat pasarteetatik sortutako istorio berritzaile bat, Laboaren joerak, umore puntuak zein beldurrak eta ametsak jaso dituen istorioa.
Marrazkiari dagokionez, Joseba Larratxek arkatz biguina erabili du, arrastoa uzten duen arkatz mota, eta soilik arkatza erabili du, Laboa eta gitarra bezala, soila bai, baina sakona. Orri bakoitzean 6 bineta, erabat itxi gabeko binetak jarraikortasuna eman asmoz, eta orriak atalka banatuta daude, baita koloreak ere. Kolore bakoitza esanahi batekin edo giro batekin lotuta dago: urdina Donostia eta itsasoarekin, berdea Iruñako ikasle garaiarekin, granatea westerrarekin eta kolore zaparradak leherketa moduan berriz, berezitasunak nabarmentzeko erabili dira. Kolorea Josebak ordenagailu bidez eman du.
Laboak bere kantuak ulertu gabe sentitzeko egin zituen, bere lanbidea zen psikiatriarekin bat etorriz, eta halakoxea da komiki hau ere, bakoitzak bere Laboa berriro sentitu dezan, ulertu edo ezagutu beharrik gabe xehetasun guztiak. Erreferentzia asko daude, bai pertsonaietan, bai xehetasun txikietan, bineten fondoetan, baina hauek bigarren edo hirugarren irakurketa batean antzemateko utziko ditugu.
Komikiaren playlista Spotifyn
Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe Euskadi Irratiko ‘Arratsean’
Unai Iturriaga Bilbo hiria irratian