'Penss y los pliegues del mundo' komikia
Ez da arrunta izaten, komiki argitaratu berri batean azalean ez agertzea izenburua edo egilearen berririk, eta gainera, are gehiago, ezta liburua zabaldu eta lehen orrietan ere. 20 bat orrialde aurrerago, jada irudien magiak istorioan murgiltzen zaituenean, orduan, agertuko zaigu komiki honen portada. Eta bertan ikusiko dugu ezker-eskuin, komikiaren zabalera osoa hartzen duen modu oso ez-ohikoan, komikiaren izenburua, egilearen izena eta baita argitaletxearena ere.
Jérémie Moreau
Penss y los pliegues del mundo
Norma, 2022
Moreau komikigilea dagoeneko ezaguna da komikiaren mundutxoan. Izan ere, Angoulemako eskolarteko sariduna izan zen 16 urte besterik ez zeuzkanean lehen aldiz. Eta gerora, 26 urterekin berriz, Angoulemako sari bat lortu zuen "La saga de Grimr" komikiarekin. Komiki hartan, nork bere burua gainditzeko ahalegina egiten duen protagonista bat da nagusi, istorio epiko eta naturaz gaindiko batean.
“Penss y los pliegues del mundo” liburuan, historiaurreko lehen gizakia da protagonista. Ehiza eta fruitu bilketan oinarritzen den komunitate batean bizi den mutila, egunerokotasunetik harago doan begirada berezia daukana. Bere komunitateak baztertu egingo du, baina berak naturaren ikerketa burutuz nekazaritza lantzen hasiko da.
Komiki honetan, bakardadea, partaidetza, lana, pentsamendua, historia, kritika soziala, filosofia zein beste hainbat gai ere jorratzen dira. Baina bitxia da, Bedethequen ere generoa jartzeko leihatilatxoan, identifikatu gabeko generoa eman diote komiki honi. Aldi berean izan daiteke abentura, fantasia, zientzia eta dibulgazioa zein drama edo ohiturazko komikia.
Marrazkera oso azkarra du Moreauk. Berak dio nahiago diola narrazioari garrantzia eman eta ez horrenbeste marrazteko detaileei. Trazo azkarrak erabiltzen ditu marrazteko, eta nahi duenean badaki detaileetan arreta jartzen ere. Bere marrazteko gaitasunaren erakusgarri da honako hau: nola marraztu duen emakume honen bizitza guztia orrialde erdia hartzen duen bineta hauen bidez, soilik aurpegiak, aurpegi zatiak marraztuz.