10 arrazoi on azaroan Koldo Mitxelena Kulturunea bisitatzeko
Azaroa zu KMKra erakartzeko hitzorduz josita dator.

10 arrazoi on azaroan Koldo Mitxelena Kulturunea bisitatzeko
Azaroa hilabete atsekabegarria da askorentzat: uda ondoren izaten den su-eten klimatiko laburra, eguzkiaren eta tenperatura epelen eta beroen luzapenarekin, amaitzen da, eta neguaren gogortasunak nabarmentzen hasten dira. Gau goiztiarrak eta euriaren astinaldi errepikariak nagikeria eta gogogabetasuna ezartzen digute, eta horrek, sarritan, gure etxeetan giltzapetzera eta ezinbestekoa dena baino ez irtetera bultzatzen gaitu.
Gure etxearen erosotasuna uzteko motibazio nahikoa biltzea zaila dela dakigunez, Koldo Mitxelena Kulturuneak oso erakargarria den programazioa prestatu du.
Hilaren hasieran, azaroaren 8an, Nanni Morettiren Il Caimano filma proiektatuko da, Mosaico Italiano 4 zikloaren testuinguruan. 2006ko film luzea da, eta Silvio Orlando eta Margherita Buy italiar zinemako aktore garrantzitsuenetako biren interpretazioak ditu. Hogei urtez Italiako paisaia politiko eta soziala aldatu zuen berlusconismoaren fenomenoan sakontzen du.
Azaroaren 15ean Gipuzkoako historiaren pasarte ezezagunak zikloaren hitzordu berri bat izango da. Hizlaria Javier Buces doktorea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea izango da. Hitzaldiak, Frankismoa bakarra izan zen. Errepresio frankista Gipuzkoan 1960 eta 1975 artean izenburupean, 1960 eta 1975 urteen artean Gipuzkoako lurraldeak jasan zuen errepresio frankistan sakonduko du.
Azaroaren 20an, astelehena, Eugenia Tenenbaum dibulgatzaile kulturalak bisita egingo digu Madrildik, 2023ko VIII. Artista-Liburuaren Gipuzkoako Topaketetan programatutako La figura de artista y sus posibilidades en el cambio social hitzaldiarekin. Ohi duen lan-ildoari jarraituz, Eugeniak artistaren figura ardatz nagusi duen hausnarketa proposatzen digu, genero, arrazakeriaren aurkako, antikolonialista eta antikapazitistaren ikuspegiak aplikatuz.. Hasteko, mendeetan zehar izan duen bilakaeraren ibilbidea ezartzen du, gaur egungo garaira iritsi arte. Puntu horretara iritsita, bere lanaren dimentsio etikoa zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu, eta gizarte-aldaketa ahalbidetzen duen potentziala aztertzen du. Bere lehen liburuan, La mirada inquieta: cómo disfrutar del arte con tus propios ojos (Temas de Hoy, 2022), praktikan jarri zuen gogoeta kritikoko ariketaren jarraipena da.
Hurrengo egunean, azaroaren 21ean, Ramón Andrés humanista garaikidea gurekin izango dugu: idazlea, editorea, itzultzailea eta musikaria. Hitzordua, La alerta amorosa. Un encuentro con Ramón Andrés izenburua duena, Donostia Kulturak azaroaren 13tik 26ra bitartean antolatu duen Literaktum literatura jaialdiaren barruan kokatzen da. Topaketa Ramón Andresen eta Ruth Pérez de Anucita komunikatzailearen arteko elkarrizketa espontaneo gisa planteatzen da. Bertan, Andresen erudizio zabala agerian geratuko da, bere musika-formakuntzak bere liburuei oso sentsibilitate enfokatu eta berezia ematen dielarik. Ramon Andresek Diccionario de música, mitología, magia y religión (Acantilado, 2012) bezalako lan espezializatu eta handinahiak ditu, baita Semper dolens. Historia del suicidio en Occidente (Acantilado, 2015) edo Pensar y no caer (Acantilado, 2016) bezalako saiakerak, edo Los árboles que nos quedan (Acantilado, 2020) bezalako poema-liburuak ere. Bere literatur lanari sari ugari eman dizkiote, besteak beste, Vianako Printzea Kulturaren Nazioarteko Saria eta Saiakera Sari Nazionala.
Azaroaren 22an Poetika zikloaren saio berri batez gozatzeko aukera izango dugu: OteHitza, olerkirik eszenara. Oraingoan diziplina anitzeko ikuskizuna da, eta Jorge Oteiza eskultorearen figura eta ondarea aldarrikatzen ditu, hainbat formatu eta lengoaia uztartuz: errezitaldia, ikus-entzunezkoa, musikala eta bookjockey-a. Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak eta Euskadiko Arkitektura Institutuak (IAE) (AHIKU: Arkitektura eta hiri kultura elkartearen bitartez) garatutako proiektua da.
Garaikidetasunaren krisia zikloak, gaurkotasun handiko gaiei buruzko pentsamendu eta eztabaidarako guneak, azaroaren 23an jarraituko du aurrera, Vilma Coccoz gonbidatuarekin, Lacaniar Psikoanalisi Eskolako eta Munduko Psikoanalisi Elkarteko kidea. Bere hitzaldia, Nuevas formas del malestar subjetivo: identidades y máscaras, subjektuaren eraikuntzan sakontzen du, «Zer naiz?, zer izan nahi dut ?» galderen inguruan ematen dena, baita gogoeta-ariketa horretatik ondorioztatzen diren ondoezetan ere.
Azaroko azken-aurreko astean Antzinari buruzko XXX. Jardunaldiak — ANTIQVA — ospatuko dira. Aurten Informazioa Antzinako Munduan izenburu dute, eta hilaren 27an, 28an eta 29an burutuko dira. Astelehenean, azaroak 27, Fernando Wulff Malagako Unibertsitateko Antzinako Historiako irakasleak Antzinateko zibilizazio nagusien arteko elkartrukeak aztertuko ditu La circulación de la información, personas y culturas en la Antigüedad entre el mundo griego, indio y chino hitzaldiarekin. Hurrengo egunean, azaroak 28, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Greziar Filologiako irakaslea den Raquel Fornieles Sánchezek La transmisión de noticias en la literatura griega antigua: de Homero a la Oratoria izenburuko hitzaldia emango du. Hilaren 29an itxiko du zikloa Denis Alvarez-Sostoa Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinako Historiako irakasleak. Hitzaldiaren izenburuak edukiaren nondik norakoak aurreratzen ditu: Sobre la información en Roma.
Hileko azken hitzordua azaroaren 30ean izango da, euskarazko errezitaldi musikatu batekin: Joxan Artze... espirituz ere bai! Izenburuak aurreratzen duen bezala, emanaldia Joxan Artze artistaren figuraren ingurukoa da, eta, zehazkiago, haren alderdi poetikoaren dimentsio espiritualaren ingurukoa. Andoni Salamerok irakurriko ditu poemak, Pello Ramirezek biolontxeloarekin laguntzen duelarik.
Uste dugu nahikoa arrazoi eman dizkizugula zure etxean hotzetik eta euritik babesteko duzun gogari aurka egin dezazun eta gu bisitatzeko!
Gure Agendan bila dezakezu interesatzen zaizun ekitaldia, informazio zehatzagoa eskuratzeko.
Azkenik, gogoratu KMK-ren egoitzako lanek irauten duten bitartean, ekitaldi guztiak Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuko Ekitaldi Aretoan egingo direla.
Zure zain gaude!