400 urte Cervantes hil zenetik
2016. urtean 400 urte betetzen dira Miguel de Cervantes hil zela (1547-1616). Hori dela eta, gure funts bibliografikoaren lagin txiki bat prestatu dugu, haren obrarik unibertsalenari, Don Quijote de la Manchari eskainia. Hainbat edizio ilustratu jarriko ditugu erakusgai, besteak beste Gustave Doreren laminak (1832-1883), Kixote pertsonaiarekin banaezinak izatera iritsi direnak; baina, klasiko horrez gain, gutxiago ezagutzen diren edizio ilustratuak ere erakutsiko ditugu, Ricardo Balaca- enak (1844-1880) adibidez, eta euskal jatorria zuen Daniel Urrabieta Vierge (1851-1904) berritzailearen ehun urtetik gorako edizioa. Ilustratzaile horrek Daniel Vierge bezala sinatzen zuen eta hil ondoren argitaratu zen edizio hori. Horrez gain, egile horren lan garrantzitsu batzuk ere kontsulta daitezke liburutegian. |
Garai berriagokoak dira akuaforterekin ilustratutako edizioak, Eberhard Schlotter (1921-2014) edo Salvador Dalí (1904-1989) margolarienak. Kixote obrari beste hainbat obra bitxi elkartu zaizkio, honako erromantze-bilduma hau adibidez, Jainkoaren onustearekin eta desira onenarekin egindako olerkiak. Obra horrek ehun urte ditu eta marrazki eta fotograbatuekin ilustratuta dago. Cervantesen pertsonaien ikonografiari errepaso laburra emate aldera jarri ditugu ikusgai baita ere, XX. mende hasierako haur egokitzapenak, kromoen album bat, argazki eta ilustrazioz osatutako obrak, fotonobelan egindako bertsioa edo komikiak, Will Eisner (1917-2005) ospetsuarena adibidez. |
Beste aldetik, esaten da Bibliaren atzetik, Kixote dela obrarik itzuliena, ehun eta berrogei hizkuntza baino gehiagora itzulita baitago, eta gure liburutegiko erakusketa txikian ezin dira falta euskarara egindako lehenengo itzulpen partzialak, obraren hirugarren mendeurrenaren inguruan egindakoak. Ikusgai egongo dira Jean Duvoisin-en edizioa (1810-1891) 1904. urtean lapurterara itzulitako lehen kapituluekin. Horrez gain, Julián Apraiz (1848-1910) arabarraren edizio arraroa ere ikusgai dago, 1905. urtean argitaratua eta berehala agortu zena; horren ondorioz bigarren edizioa egin zen, zabalagoa, 88 orri izatetik 105 orri edukitzera pasatuz, eta hori ere erakusten dugu. Kixoteren itzulpenak jarraipena izan zuen zortzigarren kapitulua itzultzeko antolatutako lehiaketa baten bidez. Orixe (1888-1961) izan zen lehiaketaren irabazlea eta 1929. urtean argitaratu zuen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarianseparata modura. Itzulpen hori liburutegiko katalogoan online kontsultatu daiteke. Bederatzigarren kapitulua Xabier Lizardik (1896-1933) itzuli zuen eta aldizkari horretan bertan argitaratu zuen. 1969. urtean, Gabriel Arestik (1933-1975), bere aldetik, lehen zortzi kapituluak itzuli zituen, bere obra osoan sartuta daudelarik. Eta azkenik, obra guztiaren itzulpena Pedro M. Berrondo Lasarteren (1919-2002) lanari esker argitaratu zen. Horiek guztiak dokumentatzen dute obra horren euskarazko itzulpenen historia. |
Aipatutako testuez gain, azken lau mendeetan Kixote izan da genero guztietako ehunka musika konposizioetako inspirazio iturri, batik bat, antzeztutako musikan eta koreografian. Liburutegian eskura dituzu obra horretan oinarritutako operak, honako hauek adibidez: Don Quichotte (Telemann), Don Chisciotte (Manuel García), Don Quixote (Wilhelm Kienzl), Don Quichotte chez la Duchesse (Boismortier), El retablo de maese Pedro, (Manuel de Fallaren ganbera opera), Don Quijote (Cristobal Halffter) edo Don Quichotte (Jules Massenet). Beste generoak ahaztu gabe, entzun dezakezu Richard Straussen Don Quixote, Joan Comellasen Canciones para Don Quijote, eta, gertuagoko musikarien artetik, badago ere Jesús Guridi (1881-1961) musikariaren lanen bat Kixote obran oinarrituta. |
Kulturuneko fonotekan Kixoten oinarritutako telesail eta filmak aurkituko dituzu, bai antzezlan modura eta bai konferentzia modura, azken horiek Koldo Mitxelena Kulturunean antolatutakoak Kixoteren laugarren mendeurrena xede hartuta. Ez baduzu denborarik izan obra hori irakurtzeko edo berriro irakurri nahi baduzu, erraza daukazu, Espainiako Liburutegi Nazionaleko Kixote interaktiboan sar zaitezke eta zure gailu elektronikora deskargatu, edo Cervantes Institutuaren Edizio honetan sartzeko aukera daukazu. Edizio kritiko hori Francisco Ricok (1942) zuzendu zuen Joaquin Forradellasen (1938-2014) lankidetzarekin, azkeneko hori Donostiako Usandizaga Institutuan irakaskuntza ertaineko katedratiko gisa aritutakoa da 35 urte luzez. Liburutegira etortzera animatzen bazara, lehengo solairuko erakusmahaian aurkituko dituzu egon diren azken edizioak maileguan, aipatutako edizio kritiko hori eta beste bertsio eta egokitzapen batzuk, horien artean Alfonso Fernández de Avellanedaren oker deitutako edizio apokrifoa, oso atsegina hori ere. |