Abuztuko bideo nobedadeak
Hona hemen uztailean iritsi eta katalogatu diren bideo berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan ikusteko. “La sociedad literaria y el pastel de piel de patata” Mike Newellen filman «british» kutsua da nagusi, eta horrelako film batean espero dezakegun guztia ageri zaigu: atmosfera, gaia, interpretazio motak, aktoreen ahoskera, tokiak, argazkia… Sorpresarik gabeko istorioa, non bat egiten duten literaturak, adiskidetasunak, printzipio batzuekiko leialtasunak, iraganaren zamak, eta maitasun harremanak. “Kursk” filman, Thomas Vinterberg zuzendariak, estilo zuzen eta erraz aurre ikusteko modukoan, 2000ko udan Errusiako itsaspeko nuklear bati gertatutakoa kontatzen du: istripua izan zuen eta egoera arriskutsuan gelditu zen itsas hondoan. Alde batetik, eskifaiak ganbera estu hartan igarotako larritasuna islatzen du, eta, bestetik, Errusiako Gobernuaren gaitasunik eza, bai erreskate lanak egiteko, eta are okerrago dena, bai beste herrialde batzuk eskainitako laguntza onartzeko.