Abuztuko eleberri eta komiki nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Abuztuko eleberri eta komiki nobedadeak
Iritsi dira nobedadeak mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere xehetuago. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatzean -Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian- eskura izan dezazuen, gozatu!
ELEBERRIAK
Ernesto Carriónen “Catálogo de aves muertas” eleberriak suizidioaren gaia jorratzen du, beti galderak argitu gabe uzten dituen gaia, eta min handia eragiten duena ingurukoengan. Elisaren heriotza kontatzen du, itxuraz borondatezkoa. Elisa biologoa da eta heriotza masibora amiltzen diren hegaztiak aztertzen ditu. Bere familiak erantzunak bilatu nahiko ditu dolua, memoria eta galtzearen zentzua ulertu nahian.
Guillaume Mussoren “Alguien más” thriller psikologikoak egia zalantzan jarriaraziko digu. Nor ari da egia esaten? Oriana di Pietro, milandar familia ezagun baten editore eta oinordekoa, noraezean dagoen ontzi batean aurkitu dute. Bortizki erasotua izan da, egun batzuk koman eman ondoren, azkenean hil egingo da. Hainbat pertsonek euren bertsioa eskaini arren, eta inork gezurrik esan ez badu ere, inor ez da adose gongo kasuaren egiaztapenekin.
Marcos Augustoren “Te hice dios” eleberrian bi gizonen harremana kontatzen da, elkar ezagutuko dute sexu grinak eraginda eta harreman berri bat sortuko dute. GIBak, gezurrek eta doluak markatzen du harreman hau, maitasunaren eta autosuntsipenaren esplorazio sakon batean murgilduko gaitu. Egunerokotasunak, desioak eta galeraren beldurrak markatutako gezur sare bati bide ematen dion istorio bat kontatzen da.
Ray Candelasen “Hötel Métropole” eleberrian 1933ko Bruselan kokatuko gara. Fisikari alemaniar gazte batek Solvay Kontseiluan Hôtel Métropole historikoan bildutako zientzialariak zelatatzea onartuko du nazismoak Europan indarra hartzen duen bitartean. Espioitza misio gisa hasten dena zientziaren eta boterearen inguruko intriga, dilema moral eta erromantzeen abentura arriskutsu bihurtuko da.
Jabier Muguruzaren “Café Mokka” liburuak lehen pertsonan kontatutako istorio intimo eta ironikoa aurkezten du, kafetegi bateko egunerokotasunaren bidez. Aldi berean, gaur egungo gizartearen azalekotasuna eta kontraesanak modu kritikoan erakutsiko dizkigu.
“Odol arrastoak elur gainean” eleberrian Sara Zaldaiz da protagonista. Sara Nafarroako Gobernuaren uren arduratzen den teknikariak, saltsa lodi batean katramilatuta ikusiko du bere burua: batetik, kolore desberdinetako politikoen arteko jokoak; bestetik, enpresari dirugoseen jukutriak, eta azkenik, hiltzaile gupidagabeen esku zikinak.
KOMIKIAK
Giulio Macaioneren “Todas las veces que me hice mayor” eleberri grafikoa LGBTQ+ modukoa da, 90eko hamarkadako Italian girotua dago eta Lucioren identitatea ezagutzeko bidea kontatzen du. Bere adinerako helduegia dela esaten dioten arren, besteen itxaropenei eta huts egiteko beldurrari aurre eginez, bere burua onartzen eta bere buruarekiko leial izaten ikasiko du. Haztea, adiskidetasuna, maitasuna eta norbera den bezala agertzeko ausardia aztertzen dituen komiki sentikorra da.
“Posos de cafe” Pilar González Camposen eleberri grafikoa da. Kafetegi batean elkartzen diren sei emakumeren istorioak kontatzen ditu, euren bizitzen kontakizunak partekatzen dituzten bitartean, katiluen hondarrek haien patua iragarriko balute bezala. Guztiek dute gizon berdinaren oroitzapena baina maitasuna bide ezberdinetatik nola ezagutu eta bizi izan duten agertzen da. Eleberri ironiko eta hunkigarria da, harremanek uzten dituzten arrastoei, sekretuei eta galeraren ondoren norberaren burua berreraikitzeko modu ezberdinei buruzkoa.
“Habana Split: bienvenidos a Cuba” Frédéric Brrémaud eta Vittoria Maciociren lana, 1958ko Habanan kokatua dago, Kubako iraultzaren erdi-erdian. Lilyk bere aita erreskatatu beharko du, apustu, mafia eta bahiketa sare arriskutsu batean harrapatuta baitago. Horretarako, CIAko agente ohi baten eta abentura bitxiko lagun baten laguntza izango du. Ekintzaz, umorez eta zinema beltzaren giroz beteriko eleberri grafikoa da.
“Lemóniz, ETA y el movimiento antinuclear” Florentino Flórez eta Guillermo Sannaren lana, Euskadiko berunezko urteetako pasarte gatazkatsuenetako bat berreraikitzen duen komikia da. Lemizko zentral nuklearraren eraikuntzak gizartearen eta ekologisten aurkako jarrera handia eragin zuen, eta egoera are gehiago gogortu zen ETAk proiektuaren aurkako borroka hasi zuenean. Dokumentazio zorrotzez egindako eleberri grafikoa da, tentsio politikoak, indarkeriak eta memoria historikoak markatutako gatazka hau aztertzen duen komikia.
Sylvain Ferreten komikia da “Memorias de gris”. Gerrak, zergek eta iraganeko zauriek markatutako Erdi Aro fantastiko batera garamatza. Pierre de la Niebla zalduna berpiztuta itzuliko da, duela urte asko abandonatu zuen Marion sendagileari esker, eta biek atzean utzi nahi izan zuten sekretu eta indarkeriari aurre egin beharko diote. Fantasia heroikoko istorio honetan magia, traizioa eta erredentzioa elkartzen dira mundu ilun eta, aldi berean, harrigarria den istorio honetan.
“El vuelo del cuervo” Jean-Pierre Gibraten komikia da. 1944ko Paris okupatuan girotuta dago. Jeanne militante komunista, salaketa anonimo baten ondorioz atxilotua, eta François lapur txiki bat, ekintza batean harrapatua, ustekabean elkartuko dira komisariako ziegetan. Elkarrekin ihes egiteko aukera baliatuz, euren indarrak eta patuak batuko dituzte, gerrak eta erresistentziak markatutako maitasun, adiskidetasun eta biziraupen istorio batean.