Afroamerikarren desobedientzia zibila 60. hamarkadan

March
Norma, 2018
March osatzen duten hiru liburuak batuta, lan honen tamaina ez da nolanahikoa. Alabaina, bai kontakizunaren intentsitateak bai eta kontakizun grafikoaren kalitateak irakurketa errazten du. Hau da, ezer baino lehen, March komikia da, eta komiki ona.
Esan bezala, baina, ez da arina, intentsoa baizik. John Lewisen bizitza eta batez ere militantzia jasotzen da, modu autobiografikoan. 60. hamarkadan EEBBetan bizi izandako desobedientzia zibil baketsuaren buruetakoa dugu Lewis. Mugimenduaren sorrera eta ekintzak kontatzen ditu; esan gabe doa, mugimendua sortzeko nondik-norakoa ere bikain azaltzen duela. Orain dela 60 urtetako EEBBetako gertakizunak baino ez direla pentsatze hutsak are zirraragarriagoa egiten du kontakizuna. Era berean, desobedientzia taktika bat zela, helburu zehatzak zituen estrategia baten baitan. Horri beti eutsi izana ia da harrigarriena, hain da bortitza jasandako tratua, hain dira ugari eta ordaindu gabekoak hildakoak.
Lewisek ez ditu ezkutatzen ez ahuleziak ezta bidean izandako kontraesanak ere, ezta bere zalantzak edo hartutako zein ez hartutako erabakien ardura ere. Era berean, bere bidea partekatzen ez zuten baina helburu berdinak zituztenekiko azaltzen duen errespetua ere aipagarri egin zaigu. Ez ohikoa izanagatik.
Lewisek herritarren memoria osatzen du, bere burua ez ezik, bere itzala izan ez duten jende askoren biografia, sakrifizio eta borroka argitara ekarriz.
Horiek horrela, eta azken egunotan mediotan Luther King Institutuaren gainean zabaldu hainbat manipulazio medio, liburu honek gaurkotasun handia duela uste dugu. Eta etorkizunean ere hala izango duela, 60. hamarkadetako aktibista haiek bultzatzen zituzten egoera sozialak areagotzen direlako mundu mailan.