Aitzol digializatuta
Aitzol fusilatu zutela 75 bete ondoren, KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegian gordetzen ditugun haren funtseko eskuizkribuak digitalizatu eta sareratu ditugu. Hortaz, fondoa osatzen dituzten hainbat agiri liburutegiko katalogoan bertan aurkitzeaz gain, orain zuzenean azter ditzake irakurleak.
Euskal Herriko bazter guztietatik Aitzoli bidali zizkioten testuak aurki ditzakegu bertan, gehienak 1930 eta 1935 artekoak. Ekarpen asko Euskaltzaleak elkarte kulturalaren buru izan zen aldetik jaso eta bildu zituen; gehienak literatur arlokoak dira, hainbat lehiaketa antolatu baitzituen euskara suspertzeko.
Bildutako testuen artean, halaber, gai aniztasun handia topatuko dugu; egile ezberdinek irakaskuntzan, politikan eta komunikabideetan eragiteko premiari erantzuteko idatziak. Besteak beste, orduko ikasle gaztetxoei zuzendutako gai askotariko testu didaktikoak: kimika irakasteko, Euskal Herriko geografia edo hegazkinak nola funtzionatzen duten azaltzeko, mekanografiatuak eta mapaz eta marrazkiez hornituak. Literaturan, batez ere olerkiak ditugu, baina ez dira antzerti-lanak falta, euskal literaturaren inguruko saiakerak eta itzulpenaren bat ere badago.
Azkenik, garaiko argazkiak eta korrespondentzia aipatuko ditugu. Bildutako gutun askok El Dia egunkari donostiarrarekin lotura dute eta haren gorabeheren lekukotasun zuzena eskainiko digute.