Altza Porru
Altza Porru
Jakoba Errekondo, Axpi, Asisko, Mattin, Olariaga, Unai Gaztelumendi, Unai Iturriaga, ZaldiEroa, Josevisky
Argia, 2016
Modan dagoen gaia da baratzearena zalantzarik gabe. Argiak argitaratu duen Bizi baratzea liburua eta bere inguruan Jakoba Errekondori esker sortu den ekosistema ikusi besterik ez dago. Hitzaldiak, irratsaioak, baratzeak nonahi…
Ingurumaria honetan komikiak ere eman du bere fruitua. Bizi baratzea liburuan oinarrituta sortu baita Altza porru komikia. Bertan, Asisko, Unai Iturriaga, “mattin”, “Axpi”, Antton Olariaga, Zaldieroa, Unai Gaztelumendi eta Joseba Larratxeren marrazkiak aurki daitezke. Guztia Jakoba Errekondoren hitzetan oinarritua eta Idoia Torregarai eta Maialen Lujanbioren hitzek apaindua.
Tartean, Jakoba Errekondoren gidoi bat banatu zaie marrazkilari guztiei, bertsolarien gisan, kartzelako gaia balitz bezala, denek ariketa berdina egin dezaten. Eta emaitza harrigarria da. Marrazkilari bakoitzak bere mundua sortu baitu hitz berdinen gainean. Jakoba Errekondok esan duen moduan “irudigileak ez baitu soilik marrazkia egiten, baita mundua sortu ere. Mundua sortu? A zer jainko txikiak! Mundugile mundialak!”