Amable Arias intimoena Koldo Mitxelena Kulturunean
KOLDO MITXELENA Kulturunean Amable Arias (Bembibre, León, 1927 – Donostia 1984) artistaren Kaosari eta zoriari forma erakusketa egongo da ikusgai ekainaren 8ra arte. Mostrako erretratu eta autorretratu, marrazki serieak, olerkiak, eta liburu eta gutun arruntetan eginiko esku-hartzeak, artistaren azken 20 urteetako ibilbidea erakusten dute. Lan hauek agerian uzten dute Amable Ariasen pentsamendua eta garai hartako gizarte, politika eta kulturaren egoeraren aurrean hartu zuen jarrera.
Kaosari eta zoriari forma eman ez da artista berezi honen atzera begirako erakusketa zehatza. Amable Ariasen ibilbidearen alderdi ezezagunen berrikuspen bat dela esango genuke. Erakusketa KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiaren luzapen bat izango balitz bezala antolatu da eta, bertan, 150 piezatik gora daude erakusgai, gehienak ezezagunak orain arte. Besteak beste, Homenaje a Puigmiquel seriea (1980-1981); Rollo (1981-1982), 95 metro luze eta 15,3 cm zabalerako paper argizariztatua eta bere azken proiektuetakoa izan zen Historia de Euskalerria (1983-84) ikus daitezke. Bestalde, lehenbizikoz entzun ahal izango dira bere performance poetiko-soinuzkoak: Poemas fonéticos (1981) eta Espacios poéticos (1981-1982).
Amable Ariasen liburutegia
Aretoaren erdigunean ikusgai dago bere liburutegi partikularren zati bat, 429 liburuz, katalogoz eta aldizkariz osatua, non artistak 2.480 marrazki, ohar eta olerki baino gehiago egin zituen 1966 eta 1983 bitartean. 60. eta 70. hamarkadetan, kultura ezkertiarrak oso preziatuak zituen autoreak irakurri zituen Amablek (Adorno, Bahro, Barthes, Borges, Breton, Chomsky, Foucault, Fromm, Gramsci, Lenin, Marcuse, Marx, Sacristán, Sartre eta Trotsky, besteak beste), eta elkarrizketa bisual eta intimo bat edo isilpeko disidentzia bat eransten joan zen; bere liburuen barrualdera mugatutako beste ekintza mota bat.
Autodidakta, poesiak, filosofiak eta pentsamendu kritiko marxistak bideratuta, Amableren izaera bat zetorren garaiko giro intelektualarekin. Liburuak irakurtzen zituen bitartean artistak marrazkiak egiten zituen (Tupamaros deitu zizkion) eta mota desberdinetako oharrak idazten zituen. Liburutegi hori artistaren lan sortzaile eta esperimentala modulatu zuten kezken erretratu bat izango balitz bezala irakur daiteke. Irakurketa kritikoa, afektua, asmoa eta jolasa lotzen dira Amableren jardute artistikoan, eta haiek denak azaltzen dira liburuetan nahiz koaderno, oihal eta beste euskarri batzuetan.
Elementu horiek dokumentu funtsa oso baliagarria osatzen dute Amableren lana eta bizi izan zituen kezka estetiko, literario, intelektual eta poetikoen testuingurua hobeto ulertzeko eta ikertzeko.
Jarrera hartzea
Bere garaiko errealitatearekin konprometituta zegoenez, Amablek jarrera hartu zuen 70. hamarkadako egoera nahasiaren aurrean mota desberdinetako idatzietan (besteak bete, Poemas de la verdad, 1974), eta marrazki, istoriotxo, collage eta pinturetan. Esaterako: Lenin en los muros de roma (1973-74), Pelotari (1974), Eusko Abertzaleak II (1974), El comunista (1975), Pinocho quiere cambiarse de nombre (1975), A Rudolph Bahro, preso en la RDA (1978) edo Homenaje a Puigmiquel (1980) marrazki sorta antimilitaristan. Gutunazaletan egindako esku-hartze sorta osoan (batzuek olioan margotuko ditu formatu handiagoan), La jirafa cuadrada (1974-83) sortako collage ugaritan eta Das Kapital (1972-75) edo Jirafa Federico (1972-75) obretan ere ikus daiteke Amableren jarrera. Pieza hauetako gehienak erakutsi gabeak dira oraindik.
Kaosari eta zoriari forma erakusketak beste obra batzuk ere biltzen ditu, hala nola, autorretratuak, paper gainean tintaz eginiko Zumeta eta Ruiz Balerdi pintoreen erretratuak, Jean Arp dibujando a Amable (1974) eta A Maiakovski y sus papeles de caramelo (1974) bezalako formatu txikiko collageak, olioak, akuarelak eta testu, marrazki eta collageekin betetako arte koaderno esperimentalak.
Historia de Euskalerria eta Homenaje a Puigmiquel
Erakusketan ikus daitezkeen obren artean bi aipatuko ditugu bereziki. Bata, Historia de Euskalerria (1983-84), hil baino hilabete batzuk lehenago bukatuko zuena. Bere lagun Napo Olasolok Historia de Euskalerria izenburua zuen liburu bat eman zion Amableri Ediciones Vascas argitaletxeko bulegoan; liburu horrek imitaziozko larruzko azala zuen eta orriak zuri, proba bat baitzen. Lehen marrazkiak abuztuaren 6an egin zituen eta azkenekoak 1984ko urtarrilean 11n, hil baino hilabete batzuk lehenago. Artistak bere irudizko artea eta bizitza laburtu zuen liburu horretan, halabeharrez etorri zitzaion izenburua erabilita. Azken sorta horretan bildutako 155 marrazki eta collageetan teknika ezberdinak erabili zituen, baina badaude ere poesia bisualak berezkoak dituen testuak eta konposizioak.
Bestea, Homenaje a Puigmiquel (1980-1981), Caballo paperean tinta beltzez eta teknika mistoarekin egindako 21 marrazki jasotzen dituen sorta da. Amablek bere bikote Maru Rizoren etxean egin zuen marrazki-sorta hori, Espasa hiztegian argitaratutako kolorezko lamina batzuetatik abiatuta, non modu eskematikoan azaltzen ziren herrialde eta garai desberdinetako uniforme ugari. Oroipen jolas baten antzera, trajeen katalogo hori Pigmiquel, Arnao eta beste batzuek sortutako komikien (Chicos aldizkarian argitaratuak) marrazkiekin elkartu zituen modu ironikoan eta ludikoan. Lehenengo aldiz erakusten da marrazki-sorta hori. Marrazki horien joera antimilitarista satira bisualaren bidez adierazten da, irribarrean egiten den tranpa hori bezala eta beste lan batzuetan ere antzematen dena.
Azkenik, Amable Ariasen Poemas fonéticos (1981) eta Espacios poéticos (1981-82) entzun ahal izango dira erakusketan, perfomance poetiko-soinuzkoak gutxieneko eskema edo gidoietatik abiatuta (36 poema ditu bakoitzak). Halabeharrak beste esanahi batzuk sartzen dituen pieza horietan ekintza dadaistaren eta absurduaren poetikaren nolabaiteko memoria dago. Laburbilduz, erakusketa honek aukera ematen digu artista libre baten ezgaraiko gaurkotasuna berraurkitzeko. Bere predikatu tragiko, paradoxiko, alai, errebelde eta misteriotsuarekin, kaosari eta zoriari forma emanez, gizakien izaera ikertu zuen artistaren gaurkotasuna berraurkitzeko hain zuzen.
Jarduerak
Erakusketa osatzeko bi mahai-inguru antolatu dira El grupo Gaur y la trama del arte vasco izenburupean. Lehenengoa martxoaren 7an izango da, Amable Ariasekin batera Gaur taldea osatu zuten Chillida, Oteiza, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Sistiaga, Basterretxea eta Zumetari buruz. Bigarrena, martxoaren 14an, Amable Ariasen figuran oinarrituko da gehienbat. Halaber, familientzat sorkuntza tailerrak antolatu da larunbatetan eta bisita gidatu bereziak haur eta gazteentzat, artera hurbiltzeko modu ezberdinak sustatu asmoz. Hauez gain bisita gidatu orokorrak ere egingo dira. Jarduera guztiak doakoak izango dira.
Erreserbak: kmbisitagidatuak@ereiten.com edo 943 112 750 telefonora deituz.