Ana Penyasen 'Estamos todas bien' komikia
Ana Penyas
Estamos todas bien
Salamandra, 2017
Denok. Belén eta Andrea; eta Maruja eta Herminia. Denok gaude ondo. Besaulkitik altxatzea geroz eta zailagoa egiten zaion Maruja; egunak etxekoen arropak garbitzen igaro dituen Herminia; eta bi emakumeen bizitza ezagutzeko nahia duen Ana biloba.
Penyasek 2017an argitaratu zuen liburu honekin irabazi zuen Komiki Sari Nazionala; saria jasotzen zuen lehen emakumea. Valentziarrak hainbat liburu eta aldizkari ilustratu ditu, eta 2021ean ‘Todo bajo el sol’ eleberri grafikoa argitaratu zuen, turismoaren garapenak familia bati ekarri zizkion kalteei buruko istorioa.
‘Estamos todas bien’ bi emakumeren istorioa da: Maruja eta Herminiarena, autorearen amonak. Baina amonen istorioa kontatu baino, haien bizitzaren trazu batzuk ematen dizkigu Penyasek. Horrela, frankismoa bizitu zuten bi emakume hauen oraina ezagutzeko, denboran bidaiak egingo ditugu, eta garai ezberdinetan kokatutako gertaerek haien bizitzaren puzzlea osatzen lagunduko digute.
Bi amonen bizitzetako une sorta baten lekuko izaten utziko digu Ana Penyasek eleberri honetan. Sukaldeko mahaiaren bueltan eserita, eskuan kafe bat dugula argazki zaharren albuma begiratzen ibiliko gara, amonak lo kuluxka bat egiten duen bitartean; parkinson gaitza duten pertsonentzat prestatutako ariketak egingo ditugu, eta dilistei mendafina jarriko diegu. Pasarte batetik bestera eramango gaitu valentziarrak, kutsu zinematografiko handia duten elipsien bidez; baina batez ere goxotasun eta miresmenez beteriko pieza bat ikusteko aukera izango dugu; detaile txiki eta umorez eginiko biloba baten omenalditxoa.