Angulemako festibala 2020
Data bereziak dira urtarrilaren amaierakoak komikigile zein komikizaleentzat, Angulemako komiki festibala baita. Aurten festibala urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra ospatuko da eta dagoeneko ezagutzen ditugu sari nagusirako izendatuak zeintzuk diren. Saritu nagusia zein den urtarrilaren 29an ezagutuko da, baina bitartean hiru artista handi hauek aurkeztuko dizkizuegu.
EMMANUEL GUIBERT
1964an Parisen jaio zen. Bere lehen komikia Bruno, nazismoaren gorakadari buruzkoa izan zen, eta bere bizitzaren 7 urte eman zituen lan horretan. 2000. urtean, bere teknika aldatu eta La Guerre d’Alan argitartu zuen 2000tik 2008ra, bere lagun Alan Infram Coperen oroitzapenetan oinarrituta. Lan honen arrakasta ikusirik, bai salmentetan eta baita kritikaren aldetik ere, bide honetatik jarraitzea erabaki zuen, beste bizitza erreal batzuetan inspiratuta, Le Photographe-n bezala, Didier Lefèvre foto-kazetariarekin egin zuen. Azken komiki honekin Angulemako Essentials sailean saritua izan zen. Eszenagile bikaina da Emmanuel eta, halaber, ezaguna da bere teknika berritzaile eta bide-urratzaile izateagatik.
Irakurle gazteagoei zuzendutako beste komiki batzuk ere badauzka, Olives Noires (Joann Sfarrekin batera), La fille du Professeur, Sardine de l’espace, edota Ariol (Marc Boutavantekin batera). Azken bi serie hauetan Guiberten narratzaile paper finaz gozatu daiteke. 2017an Martha et Alan lanarengatik René Goscinny saria eskuratu zuen, bere lanaren osotasunari emandakoa.
CATHERINE MEURISSE
Catherine Meurisse umorezko komikigintzan hasi zen 25 urterekin, Charlie Hebdon lanean hasi zenean. Bere lan arlo nagusia literature eta artea dira, bere komikietan kultura frantsesaren berrirakurketa adeigabea eskaintzen du.
Charlie Hebdoren atentatuaren ostean, bizirik atera eta bere ordurarteko papera, ikusle kritikoarena, albo batera uzten du. Bera bihurtzen da zuzenean bere komikietako pertsonaia, umorea beti alboan duelarik.
Catherine, bera, mozorrorik gabe agertzen da Légèreté komikian artearen bidez bere buruaren aurkikuntza nola egiten duen azalduz. Les Grands espaces komikian berriz, lan pertsonal eta autobiografikoan, landa eremuan pasatako bere haurtzaroaz hitz egiten du eta aldi berean izadia nola ikasi zuen azaltzen du.
CHRIS WARE
1967an jaio zen Chris Ware Omahan (EEUU) eta gazterik hasi zen bere komikiak RAW abangoardiako komiki aldizkarian argitaratzen. 90. hamarkada hasieran berriz, Acme Novelty serie handia sortu zuen, eta bertan eraiki ditu bere pertsonaia nagusiak. Quimby the Mouse, Rusty Brown eta Jimmy Corrigan. Urte mordoa pasa den arren, lan honek ez du bere originaltasuna galdu, melankonia eta tristuraren arloko komiki bat da.
Oso grafismo berezia erabiltzen du bere komikietan eta erraz ezagutu daitezke bere lanak, grafismoa eta baita fabrikazio zaindua ere. Elementu hauek eman diote indarra bere lanari eta krikitak saritu egin du. Chris Warek sari mordoa eskuratu du, tartean, 28 Harvey Award eta 22 Eisner Award.
Ez da Anguleman agertzen den lehen aldia aurtengoa. Epaimahaiaren sari berezia lortu baitzuen 2013an Building Stories liburu-objektu originalarengatik, formatu ezberdineko 15 liburuxkek osatutako lana, irakurleak nahi duen ordenean irakurriz gozatzeko modukoa.
*Irudia eta iturria: www.bdangouleme.com