ANTIQVA XXXII
ANTIQVAk 33 urte bete ditu Antzinateko mugen inguruan hausnartzen
ANTIQVA XXXIII
ANTIQVA Antzinateari buruzko XXXIII. Jardunaldiak urriaren 5ean, 6an eta 7an egingo dira, antzinako munduko mugen kontzeptua ardatz hartuta. Ibilbide eta ospe handiko adituek eskainiko dituzten hiru hitzaldiren bidez, Greziako, Erromako eta Antzinako Egiptoko lurralde-, politika- eta kultura-mugen errealitatea aztertuko da.
Programazioa urriaren 5ean, astelehena, 19:00etan hasiko da, El Mar Negro: fronteras reales, fronteras imaginarias hitzaldiarekin. Hitzaldia Marta Oller Guzmánek emango du; Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle agregatua da, Grekoa eta Kultura Klasikoa espezialitate dituena, eta gaur egun greziar munduko atzerritartasunari buruzko ikerketa-proiektu batean parte hartzen du.
Urriaren 6an, asteartea, Limes Imperii: la frontera del Imperio Romano hitzaldiaren txanda izango da. Ángel Morillo Cerdán, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseako Arkeologiako katedradunak eskainiko du, eta Augustoren garaitik aurrera Erromak garatutako muga-sistema zabalaren inguruan jardungo du. Sistema horrek 5.000 kilometro baino gehiagoko hedadura izatera iritsi zen. Hitzaldiak aukera emango du limes-a osatzen zuten defentsa-azpiegiturak ezagutzeko: kanpalekuak, gotorlekuak, harresiak, lubakiak eta zaintza-dorreak, baita antzinako Britainiako Adrianoren eta Antoninoren harresi ospetsuak ere.
Jardunaldiak urriaren 7an, asteazkena, amaituko dira, Las fronteras del antiguo Egipto: territorio, identidad y alteridad hitzaldiarekin. Raúl Sánchez Casado, Sevillako Unibertsitateako Antzinako Historiako Departamentuko Ramón y Cajal ikertzaileak, mugaren kontzeptua ikuspegi bikoitz batetik aztertuko du: fisikotik eta sinbolikotik. Antzinako egiptoarrek beren lurraldea nola ulertzen zuten eta atzerritarraren aurrean nola eraiki zuten nortasun propioa izango dira aztergai. Horretarako, Nilo haraneko muga-nozioa eratzea ahalbidetu zuten mekanismo kultural, politiko eta ideologikoak ulertzeko testu-, ikonografia- eta arkeologia-iturriak baliatuko dira.
Hiru saioak Javier Mina Astizek aurkeztuko ditu, eta Antzinateaz geroztik zibilizazioei lotuta egon den gai bati buruzko ikuspegi osagarriak eskainiko dituzte: lurraldeak, kulturak eta nortasunak bereizten dituzten mugak definitu, babestu eta interpretatzeko beharra. Edizio berri honekin, ANTIQVAk hogeita hamahiru urteko ibilbidea betetzen du, eta Antzinako Historiaren dibulgazio eta azterketarako erreferentziazko hitzordu gisa sendotzen da.