Eduki publikatzailea

Antonio Valverde Ayalde

Gipuzkoar artista eta idazlearen funtsa, bere lanek (akuarelek, grabatuek, marrazkiek...) zein hainbat dokumentuk (eskuizkribuek, argazkiek, korrespondentziak...) osatua.

Antonio Valverde Ayalde funtseko dokumentu guztiak ikusi

Ogi-apurra

Fitxa teknikoa

  • ​​​​​Signatura: A.V.
  • Muturreko datak: katalogazio eta datazio prozesuan
  • Deskribapen fisikoa: hainbat kaxa eta hainbat karpeta, hainbat dokumentu eta euskarriekin
  • Aipamena: Antonio Valverde Funtsa. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Sarbide baldintzak:  Eskaera aldez aurretik egin behar da, KMK Liburutegiko Erreserba Gelan (kmliburutegia@gipuzkoa.eus) edo online.  Baliteke dokumentu batzuk eskuragarri ez egotea, datu pertsonalak dituztelako.
  • Erreprodukzio baldintzak: Erreprodukzio eskaerak kmliburutegia@gipuzkoa.eus helbidera zuzendu beharko dira, edo online bidez egin. Eskatzaileak izango du kopiak erabiltzeko ardura, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Antonio Valverde Casas, margolaria, grabatzailea eta idazlea, Ayalde izenez ezaguna, Errenterian jaio zen 1915eko urtarrilaren 1ean eta Oiartzunen hil zen 1970eko uztailaren 28an.


Valverde XX. mendeko euskal pinturaren funtsezko irudia izan zen, Ascensio Martiarena margolariaren ikaslea. 1931n, bigarren saria jaso zuen Irungo VI. Euskal Astearen Lehiaketan. Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketan parte hartu zuen 1935ean eta 1942an, eta hirugarren eta lehenengo sariak lortu zituen, hurrenez hurren. 1951n, bere Olentzero lanak arrakasta handia izan zuen Madrilgo Arte Bienal Hispanoamerikarrean.


Pinturaz gain, Ayaldek lan handia egin zuen Industrias Gráficas Valverde familia enpresan, eta kudeatzaile eta zuzendari artistiko gisa lan egin zuen. Bere kalitatea nabarmendu zuen arte grafiko guztietan (grabatutik hasi eta kartelismora arte, litografiatik edo ilustraziotik igaroz, beste teknika eta espezialitate batzuen artean), zehazki, Xabier de Lizardiren En el corazón y en los ojos eta Orixeren Los vascos lanen berrinprimaketen kasuan, hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da, halaber, Ayaldek abangoardiarekin duen lotura. Izan ere, berak aurkeztu zuen Gaur taldearen manifestua Donostiako Barandiaran Galerian, 1966an.


Idazle gisa ere lan oparoa egin zuen. 1952 eta 1964 urteen artean, aktiboki lagundu zuen artikuluak idazten El Bidasoa astekarian eta beste argitalpen askotan (Oarso, La Voz de España, Egan eta Olerti). Bere bi liburu nabarmentzen dira: Con fondo de txistu (1965ean argitaratua) eta Ibar Ixillean (1970ean).


Ayalde 1960an iritsi zen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide, 1961ean Euskaltzaindiako kide eta 1962an Gipuzkoako Arte Elkarteko presidente izatera.

Ikusi gehiago...

Funtsaren aurkezpena

Antonio Valverde Ayalderen funtsa oso funts heterogeneoa da, eta askotariko dokumentuek, formatuek eta euskarriek osatzen dute. Bertan, artelanak (marrazkiak, akuarelak eta grabatuak), askotariko dokumentazioa (eskuizkribuak, gutunak, etab.), argazkiak eta argitalpenak aurki daitezke.

Bere ibilbide artistikoan eta bizi ibilbidean gertatzen diren gai batzuk nabarmentzen dira, eta horrela islatzen dira funtsaren dokumentazioan. Lehenik eta behin, Gerra Zibilean egindako marrazki eta apunte ugari daude. Bestalde, bere garaiko kultura munduko pertsonaien erretratuak ere asko dira (Aita Donostia, Ricardo Baroja, José de Arteche edo Jesús Guridi, besteak beste). Erretratu horiek egiteko prozesuarekin lotutako material ugari ere gordetzen da, eta horrek aukera ematen du artistaren lan egiteko modua ezagutzeko. Bere akuareletan, olioetan eta beste obra grafiko batzuetan, inprimaketaren bilakaerari buruzko xehetasun interesgarriak ikus daitezke, bai artisau inprimaketari dagokionez (litografia harrian, akuaforteak, etab.), bai industria inprimaketari dagokionez (berak bere inprimategian entregatzen zituen original askotan, teknikariei kokapenei, handitze erredukzioari, koloreen tratamenduari eta abarri buruz ematen zizkien jarraibideak ikus daitezke).

Material grafikoa alde batera utzita, euskararekin duen harremanari buruzko dokumentazio ugari dago. Izan ere, hizkuntza horretan zenbait idazlerekin dagoen korrespondentzia gordetzen da, bertsolaritzaren munduan duen partaidetzari buruzko dokumentazioaz gain edo hizkuntzaren ikaskuntzan duen inplikazioarekin lotuta (Kurpila sortzea eta CCC Akademiarako euskara metodo baten ilustrazioa). Ez dira ahaztu behar Ayalderen eskuizkribuak, ez eta beste lankide eta lagun batzuenak ere. 

Beste informazio osagarria

Ezagutu Antonio Valverderen bizitzari eta lanari buruzko informazio gehiago.

Antonio Valverde funtserako sarbidea

Sar zaitez Antonio Valverde Funtsaren dokumentuetan, Liburutegiaren katalogoan.

Katálogoan ikusi