Antonio Zavala
Antonio Zavala euskal ahozko eta herri kulturaren ikertzailea eta Auspoa bildumaren literatur editorea izan zen. Bere bilduma 1.162 dokumentuk eta artxibo pertsonalek osatzen dute: bere lanak eta Auspoan argitaratu zuten egileen eskuizkribuak, bertso paperak, laneko paperak eta abar.
Fitxa teknikoa
- Signatura: A.Z.
- Muturreko datak: 1762-2017
- Deskribapen fisikoa: 185 kutxa, 993 karpeta, USB 1 memoria.
- Aipamena: Antonio Zavala Funtsa. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Sarbide baldintzak: Eskaera aldez aurretik egin behar da, KMK Liburutegiko Erreserba Gelan (kmliburutegia@gipuzkoa.eus) edo online. Baliteke dokumentu batzuk eskuragarri ez egotea, datu pertsonalak dituztelako.
- Erreprodukzio baldintzak: Erreprodukzio eskaerak kmliburutegia@gipuzkoa.eus helbidera zuzendu beharko dira, edo online bidez egin. Eskatzaileak izango du kopiak erabiltzeko ardura, indarrean dagoen legeriaren arabera.
Antonio Zavala Tolosan jaio zen 1928an eta Iruñean zendu zen 2009an. Gernikako Jesusen Anaien eskolan, lehenik, eta Eskolapioetan, gero, egin zituen ikasketak. 1945ean Jesusen Lagundian sartu zen. Filosofia, magisteritza eta teologia ikasketak egin zituen.
Irakasle izan zen, baina bere gogoak bultzatuta, herri-literaturaren ikertzaile eta suspertzaile bilakatu zen, eta honen ondorioz 1961ean Auspoa bilduma sortu zuen, argitaratzaile bihurtuz. Bertsoei buruzko bilduma nagusiaz gain, bertsolarien bizitza eta lanei buruzko monografikoak ere argitaratu zituen. Besteak beste, Txirritari, Pello Errotari, Pedro M. Otañori, Xenpelarri eta Bilintxi buruzkoak. 280 bat liburu argitaratu dira Auspoa bildumaren barruan, bai prosaz eta bai bertsoz, eta horietako 100 libururen egilea izan da Zavala; gainerako guztien eragile, biltzaile, kopiatzaile eta editorea ere izan da. Luxuzko 23 liburu handi ere argitara eman ditu.
Gaztelaniazko herri literaturaren arloan, 1993. urtean Biblioteca de Narrativa Popular sortu zuen. Espainiako artzainak izan ziren bere iturriak, eta hauen ahotik jasotako errelatoekin 29 liburu argitaratu zituen.
1956an, Gerra Zibilaren ondoren, Euskaltzaindiak antolatutako lehen bileran, Antonio Zavalak bertso berrien edizio legitimoa izan zuen hizpide, 1953az geroztik azaldu zuen ideia. Zavalak Euskal Herri osoan galdutako milaka bertso berreskuratzeko eta sailkatzeko, herri osoaren parte hartzea eskatzen zuen, bai bertso-paperetan, bai ahozko memorian eta lekukotasun ezberdinetan. 1961ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, eta 1964ko abenduaren 18an euskaltzain oso.
2005ean Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak eskuratu zuen Antonio Zavalaren Artxibo pertsonala.
Funtsaren aurkezpena
Antonio Zavala funtsa bi kategoria handitan sailkatzen da. Alde batetik, idazlearen identifikazio dokumentuak, gutunak, postalak, argazkiak... biltzen dituzten dokumentu pertsonalak jasotzen ditu. Bestalde, hainbat arlo eta gai islatzen dituzten dokumentu profesionalak ere jasotzen ditu. Apaizgintzarekin zerikusia duten dokumentuak daude (sermoiak, eskuz idatziak zein mekanografiatuak), hezkuntzarekin zerikusia dutenak (ikasleen lanak kontserbatzen dira, Zavalak egindako zuzenketa eta kalifikazioekin), sorkuntzarekin, edizioarekin lotutakoak (Auspoa, Biblioteca de Narrativa Popular edo Sendoa argitaletxeko fakturak, gutunak, kontratuak...) edo bildumagintzarekin harremana dutenak. Izan ere, Zavalak sortzaile, gai, bildumagile, bertso txapelketa edo soinu grabazio askori buruzko informazio ugari bildu zuen, besteak beste.
Funtsaren antolaketa-irizpideak eta edukia zehazten dituen sailkapen-koadroa Liburutegiko katalogoan kontsulta daiteke.
Beste informazio osagarria
Ezagutu Antonio Zavalaren bizitzari eta lanari buruzko informazio gehiago.
-
Antonio Zavala. Auñamendi Eusko Entziklopedia
Idazle eta editore gipuzkoarraren biografia Estornés Lasa familiak sortutako entziklopedian.
-
Antonio Zavala. Bidegileak
Idazle eta editore tolosarrari eskainitako Bidegileak bildumaren alea. Bidegileak 1987an sortu zen, eta euskararen defentsan eta sustapenean aitzindariak diren pertsonen bizitza eta lana biltzen ditu.
-
Antonio Zavala. Wikipedia
Wikipediako orria, egilearen biografia, irudi batzuk, bere lana eta erreferentzia dokumentalak jasotzen ditu.
-
Antonio Zavala. Xenpelar Dokumentazio Zentroa. BDB Bertsolaritzaren datu-basea
Egilearen biografia, Xenpelar Dokumentazio Zentroan dauden aldizkarien, grabazioen, albisteen eta idazlearekin lotutako dokumentuen erreferentziekin batera.