Antzinari buruzko XVIII. Jardunaldia
AURPEGIZ AURPEGI: ANTZINATEAREN AURPEGIA dugu aurtengo izenburua. Azaroaren 28, 29 eta 30ean izango dira. Antiqva jardunaldien 2011ko edizioaren ardatza da nola ikusten zuten aurpegia greziarrek eta erromatarrek. Horretarako, hiru ikuspuntu prestatu dira. Bata, estetikoa, Pedro Azararen kontu, Grezian eta Erroman praktikatzen zuten erretratuari helduko baitio, nola eskulturan hala pinturan. Beste ikuspuntu bat, Belén Altunaren kontu, filosofikoa izango da, Fisognomia deitutako sasi-zientzia erakusteko: Aristoteles filosofoari egotzi zioten, eta, erakutsi nahi zuen gai zela, inoren aurpegierari erreparatuta, haren izaera ez ezik, baita haren etorkizuna ere asmatzeko. Azkenik, hirugarren ikuspuntua, Marta Gonzalezen kontu, literarioa izango da, maskaraz arduratuko baita, antzerki klasikoan erabiltzen zen aurpegi osagarri eta kodetu horretaz.