Apirileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Apirileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
Maddi Ane Txoperenaren “Zaldi bat”. Alaba jaio eta sei hilabetera, eta Unai hil eta bost urtera, Miren mendira itzuliko da. Han zaldi berezi batekin topo egingo du, eta hainbat egoeraren bidez, bere barrura begiratuaraziko dio. Gai sakonak lantzen ditu, besteak beste heriotza, dolua, maitasuna eta amatasuna. Istorio honetan, laguntasun konplexu eta kontraesankorra nabarmentzen da.
Asako Yuzukiren “Mantequilla” lanean, Manako Kajii, sukaldari ospetsu bat ezagutuko dugu. Honi, hainbat gizon hil izana leporatzen diote, bere sukaldaritzaren bidez erakarri ostean gizon hauek. Kasu honek, arreta mediatiko handia sortuko duen arren, txefak kazetari bakarrari kasu egingo dio. Rika Machida kazetariak errezeta bat eskatuko dio, eta hortik abiatuta Rika bere mundura sartzen da, eta poliki-poliki, bien arteko harremana ikerketa bat baino gehiago, sukaldaritza irakaspen ere bihurtuko da.
Jane Campbellen “Cepillar al gato”. 70 urte baino gehiago dauzkaten emakumeen bizitzak dira protagonista istorio hauetan. Guztietan desira, plazerra eta maitasuna azaleratzen dira. Ironia eta argitasunarekin, gorputzak oraindik nola pizten diren, pizgarri ustekabeei eta berriro bizi daitekeen maitasunaz hitz egiten du Campbellek. Zahartzaroa esperientziaren lurralde libre eta basati bat dela erakusten duen eleberria da.
Rachid Benzineren “El librero de Gaza”. Gazako hondakinen artean, adineko gizon batek liburuak gordetzen ditu, herri baten bizitza eta memoria osatzen duten zatiak bihurtuz. Argazkilari gazte batekin izandako topaketak odisea bat abiaraziko du, Palestinaren historia zeharkatuz: ihesaldia eta espetxea, borroka eta erresistentzia, eta hitzak nola bihurtzen diren babes eta lekukotza erakutsiko digu.
Hervé Le Tellierren “El nombre en el muro” heroi ahaztuei egindako omenaldi bat eta memoria historikoari buruzko gogoeta bat dugu. Ustekabean aurkitutako izen batetik abiatuta, egileak André Chaix, Frantziako Erresistentziako gazte baten bizitza labur eta tragikoa berreraiki du. Memoria kolektiboaren zatiekin, bere historia berreskuratu eta okupazioa, kolaborazionismoa eta faxismoa ez ahaztearen garrantziaz hausnartuko du liburuak.
Miguel Ángel Gonzálezen “Las tres familias” eleberria, Huesoren istorioa ezagutuko dugu. Umezurztegi batean hazitako gazte bat da, eta Palermoko kaleetan bizirik dirau, iruzur txikiak eginez. Beti eramaten du berekin kamafeo misteriotsu bat, mojek abandonatu zutenean bere ondoan aurkitu zutena, bere jatorriaren gakoa gordetzen duela jakin gabe, eta mende batzuk lehenagoko ondare ere kontsideratzen dena.
KOMIKIAK
“Los profesionales del mal: Moluscotombe y cesárea prohibida” Pierre La Policek sortutako komikian Cris eta Feliciano Temístocles mutante bikiak eta Fongor izaki bitxia ezagutuko ditugu. Moluku uharteetan tsunami suntsitzaile baten ondoren agertzen diren izaki prehistoriko handiak ikertuko dituzte pertsonaiek. Baina Felicianok Jurasikora bidaiatzen du etengabe, Crisek bere anatomiarekin arazoak dauzka eta Fongor izozkiekin entretenituta ibiltzen denez misio hauek konplikatu egingo dira.
“Lluvia” Joe Hilen eleberriaren komiki-egokitzapena da, David M. Booherren gidoiarekin eta Zoe Thorogood eta Chris O'Halloran-en marrazkiekin. Udako egun batean Boulder, Coloradon, zerua hautsi eta iltzeak erortzen hasiko dira: kanpoan harrapatzen duen edonor zulatzen duten kristal-ezpalak. Kaos honen erdian, Honeysuckle Speck-ek bere neska-laguna den Yolandarekin biltzea baino ez du nahi. Arnasarik ematen ez duen maitasun eta apokalipsi istorio bat.
Mario Trigoren “La espera: algunas cosas que aprendí sobre la paciencia, la memoria, la naturaleza y ser padre mientras intentaba ver un lobo en las montañas de León” komikia kontakizun intimo bat da. Leongo mendietako otso bate bizitza eta sinbolismoa aztertzen ari da protagonista, Riaño herriko memoriarekin eta pazientziari, naturari eta mundua ikusteko gure modua eraldatzen duten uneei buruzko gogoeta bat da lan hau.
“Y un día: Formentera 1940” Víctor Escandell, Vicent Ferrer, Carles Torres eta Antoni Ferrerren komikia da. Gerra Zibilaren ondoren Formenteran egon zen espetxe kolonia frankistaren memoria berreskuratzen duen lana da. Bertan, milaka preso politiko oso baldintza gogorretan eta pilatuta bizi izan ziren. Elkarren artean lotutako kontakizunen eta proposamen grafiko indartsu baten bidez, lanak, espetxeko eguneroko bizitza berreraikitzen du, krudeltasunaren eta gizatasunaren testigantzak uztartuz.
Ana Miralles eta Antonio Segurak burutu dute “Eva Medusa” komikia. 1908ko Brasilen girotutako istorioa da; bertan, gazte batek vudúaren boterea aurkitu eta madarikazio baten menpe eraldatu egingo da, liluragarri bezain arriskutsu bihurtuz. Lanak fantasia, gizarte-gatazka eta giza harremanak uztartzen ditu, erotismo eta sentsualtasun handiz.
“Magma” Nicolas Bastideren lehen eleberri grafikoa da. Bertan, XIX. mendeko Asiel protagonistaren bizitza kontatzen da; uharte bolkaniko txiki batean antzinako objektuen denda bat gidatzen du, gertu duen hilerritik hartutako objektuek salduz. Bere bikotea, Mary, sumendiaren inguruan kontzientzia galduta agertuko da bapatean eta Asielek iragana aztertu beharko du emaztea orainaldian esna dadin.