Apirileko musika nobedadeak

Hona hemen martxoan iritsi eta katalogatu diren CD berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan entzuteko. Maider Zabalegi, aurreko mende amaieran Alaitz eta Maider pop-folk bikote arrakastatsuko kide izandakoa, bigarren diskoarekin dator: “Bidean”. Disko berriarekin, aditzera ematen du bizitza bidaia bat dela, “bidaia zoragarri” bat, baina pixka bat “krudela” ere. Folk eta pop erritmoekin, eta Ameriketako countryari keinu asko eginez, errefuxiatuak, memoria, maitasuna, bizipoza eta ilusioa dira lantzen dituen gaiak. Natali Izagirre kantautorea Estatu Batuetatik itzuli da eta lehen diskoa argitaratu du. “Garena” izeneko disko hau bere talde Natalirekin grabatu du, eta euskarazko eta ingelesezko abestiak biltzen ditu.