Arantxa Iturbe lioaz
Liho-ri hatxea jan eta aditza aldatuta hartzen du zentzua egitarau ofiziala estreinatzekoen artean datorren sail honek. Poesiaren larretan ezin bada, non halako lizentziarik?
Poesia dute ardatz lau entzunkizunek (ea nor ausartzen den antzerkiak entzuteko poesiatik ez duela ezer esaten).
Zenbakitan: bi poeta, lau musikari, marrazkilaria eta ziento bat aktore. Eta ez denak elkarrekin. Ez denak euren hitzez.
Lau dira emankizunak.
Bat: Donostiako Teatro estudiokoak Bosguslaw Shaefferren Ensayo para siete, zazpi aktore jendaurrean antzezlana eraiki nahian. Eta ikuslea, han, entzun ohi ez direnak entzuten. Omen.
Bi: Bizitza misterio bat dela esanez, lau sortzaile: Misterioari dario eraiki dute bizitzako galderetan sakontzeko ahaleginean. Erantzun bila elkartuta laurak. Bakoitza bere hizkeraz. Omen. Andoni Salamerok hitzak, Pello Ramirezek eta Jon Goenagak musika, Josu Marotok, marrazkia. (Bai: marrazkia ere entzun liteke zure aurrean ari bada).
Hiru: Nobel sariaren zalapartaren erdian esan zuen Wislawa Szymborskak espero zuela ez haixatzea. Eszeptikoa zela berez. Bere buruarekin batik bat. Saiatzen zela bere buruarengan ez gehiegi pentsatzen. Ez zegoela bere interesguneen erdian. Mundua interesgarriegia zela horretarako. Omen. Iñaki Salvador musikariak eta Ana Pimenta aktoreak eta bi lankide haren mundua hitz bihurtzen.
Lau: Anne Sextonek bere buruaz beste arrakastaz egin zuen aldian autoan sartu eta irratia piztu zuela kontatzen du Harkaitz Canok Ene maite kuttun guztiak entzunkizunean. Cougar auto gorriaren bolante aurrean jarri eta motorra piztu zuen gero. Baina ez motorra bakarrik –eta xehetasun hau ez da hutsala–, irratia ere bai. Isiltasuna heriotza da idatzi arren, soinuz inguratuta jarri zen isiltasunaren zain. Omen. Harkaitz Cano poeta (eta Sextonen itzultzaile), Ainara Gurrutxaga aktorea eta Iban Urizar musikaria, soinuekin eta isiltasunekin jolasean.
Hitzen lioan plazera topatu nahi duenarentzat ariketa, belarriak zorroztu eta arrimatzea. Hitzen doinuak eta soinuak nola iruten diren entzuteko egokiera. Musikak apaingarri edo osagarri ote diren ikertu dezake kritikoak, begiak itxi eta isiltasunak ikusi, belarri-finak.
«Ezer ez da gertatzen bi aldiz, ez-eta gertatuko ere», idatzi zuen Szymborskak. «Horregatik jaiotzen gara eskarmenturik gabe eta errutinarik gabe hil»
.«Poesia ez da, beharbada, ezeren sendabide, baina suizidio saiakera batetik besterako tarteak luzeagoak izatea lortzen zuen, behintzat», esaten du Canok Sextonez.
Frogatzeagatik bakarrik mereziko du.
Arantxa Iturbek hitzen lihoa iruten programara gomitea luzatzen, DSS2016-k argitaratutako hilabetekarian.