Arestiren etxekoak
Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia Arestiren izenera eta izanera itzuliko dira Maite Larbururekin batera
Arestiren etxekoak
Gabriel Aresti hil zenetik 50 urte bete diren honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ‘Arestiren etxekoak’ hizketaldi musikatua antolatu du. Ekitaldia ostiralean, urriaren 31n, 19:00etan egingo da, eta bertan parte hartuko dute Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia idazleek, Maite Larburu biolinistarekin batera.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak nabarmendu duenez, “Arestik batuko ditu Atxaga eta Sarrionandia, eta Arestiren lekukotasun poetikoa hartuta elkartuko dira berriz, aspaldiko partez biak elkarrekin, jendaurrean, oholtzan, Arestiren poesia oso bizirik dagoela gogoratzeko. Elkarrekin egingo dute Arestiren etxekoak, Maite Larbururen laguntza dutela. Hala, Arestiren olerkietako hitzak kantuan aldarrikatu eta berrituko dituzte”.
Izan ere, ostiralean Atxagaren eta Sarrionandiaren arteko hizketaldiak eta Maite Larbururen kantuek beteko dute Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoa. Atxagak aurreratu duenez, Arestiren bi gutun irakurriko ditu, eta haien “barrua” adieraziko du: noiz eta zergatik idatzi ziren eta nola harreman hark zuzendu zuen haren ibilbidea. Komentatu egingo du, halaber, ‘Harri eta Herri’-ko ‘Q’ poema (‘Profeta bati’), “testu aparta”, idazlearen iritziz “Euskal Herriko bazter guztietan gutxienez urtean behin irakurri beharko litzatekeena”.
‘Harri eta Herri’-ren 60. urteurrena
Gogoratu beharra dago, bestalde, Arestiren ‘Harri eta Herri’ liburua 1964. urtean argitaratu zela. Beraz, 2024an 60 urte bete ziren euskal literatura modernoaren oinarri eta erreferentea izaten jarraitzen duen liburua argitaratu zela. Bernardo Atxaga idazleak liburu hura hartzen du euskal literatura modernoaren abiapuntutzat. Atxagaren ustez, bizirik irauteko eredu bat eskaini zion euskal literaturari Gabriel Arestik.
“Ez balitz etorri gizon hau, Aresti gure hau, ez zen etorkizunik izango”, baieztatu du Atxagak. Gabriel Arestik kultura, euskara eta gizartea jarri zituen bere bizitzaren ardatzean. “Hirian eta modernotasunean topatu behar genuela bizilekua” Arestiren abisua berritu du Sarrionandiak, eta, hain zuzen ere, musikagintza eta kantagintza eraldatzeko duen ahalmenetik, bi idazleekin elkarrizketan arituko da Maite Larburu emanaldirako prestaturiko kantuekin.