Arkitektura eta eskultura Arantzazuko basilikan

Orain dela urte bi, Arabako ARTIUM museoak Arantzazuko basilika eraikitzeko prozesuaren alderdi ezezagun batzuk azaltzeko erakusketa antolatu zuen, Jorge Oteiza hil berria zelarik, eraikuntza prozesu hartako proiektuaren ardura izan zuten arkitektoen arteko eztabaidan eta haiek Frantziskotarrekin izandako eztabaidan, eskultorearen ahotsa indartsu eta dramatismo handiz entzun baitzen. Liburu batez lagundurik joan zen erakusketa hura, hain zuzen ere bigarren argitaraldian eskuartean duzun hauxe; patxada pixka batez azaltzen dira hemen orduan bizi izan zen prozesu artistiko eta, batez ere, arkitektoniko zalapartatsuaren xehetasun ezezagun asko. Ez da katalogo arrunta, beraz, ez baitu arkitektoek sortutako dokumentazio grafiko guztia biltzen, han eta hemen Luis Laorgaren eta Francisco Sáenz Oizaren oinordekoen eskuetan sakabanatuta egon ondoren erakusketan bildu baitzen hura; horren ordez, igarkizuna argitze aldera, ikerketa historiko zorrotz batera lerratu da liburua.
Erakusketaren nahiz liburuaren bizitzak, mundura jaio zireneko bi urte eta erdi hauetan, oso mamitsua izan dira. Alde batetik, erakusketa Bilboko eta Bartzelonako Arkitektoen Elkargora eramana izan zen; eta bestetik, liburuaren lehen argitaraldiko 3.200 aleak berehala agortu ziren. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala izan zen, ARTIUMekin batera, edizio haren babesle, bere 75. urteurrenaren ospakizun.
Jakina, ibilbide horretan Gipuzkoa nahitaezko helmuga izan behar, Oñatiko herriaren lurretan baitago, Gipuzkoako bihotzean, basilika. Garai hartan halako ezbai suharrak sortu zuen proiektura itzuli beharra zegoen, berrogeita hamar urte geroago, urruntasunak eskaintzen duen bareaz eta lasaitasunaz, jakinik, orain dakigun bezala, orduko pasarte hartan garai oso baten aurpegia gelditu zela islatuta, alde batetik bazihoan garai batena, bestetik etorri zetorren garai batena.
Arantzazuko misterioa orain arte mitifikatu egin da aztertu baino gehiago; jar dezagun, beraz, neurri hurbilago eta gizatiarrago batean, ezagunago eta ezagunerrazago batean, haren handitasunak ez baitu zipitzik ere galtzen eraikuntza lanetan izandako oinaze eta nekeak xehetasunez jakiteagatik. Alderantziz, gisa horretako eliza eraikitzea, hainbeste zailtasun barne nahiz kanpokoak izanda, euskal lurretan garai hartan bizi izandako giroaren adierazpen artistiko, politiko eta sozial esanguratsuena da. Nolanahi den ere, misterio hori ez da guztiz argitua, artxibategi batzuk (Batikanokoa eta Donostiako Gotzaindegikoa) ikertu gabe baitaude oraindik; aztertu gabe dago, baita ere, eztabaidaren alderdi publikoa, garai hartako Donostiako egunkarietan jasoa.
Liburuaren bigarren argitaraldi honek lehen atalaren euskarazko itzulpena jaso du (bigarrena Jorge Oteizak gazteleraz idatzitako gutunek osatzen baitute ia osoki), eta Koldo Mitxelena Kulturunearen lankidetzaz egina da, bertako Ganbaran jaso baita, aurreko txandetan baino oparoago, Arantzazuri buruzko erakusketa. Gogoan izan dezagun Arantzazuko basilika berritua 1955eko abuztuaren 1ean zabaldu zela; beraz aurten berrogeita hamargarren urteurrena bete du. Une ezin egokiagoa orduko hari begiratu berri bat egin diezaiogun.
Javier González de Durana
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17