Arkitektura, noizko? José Manuel Aizpurua & Joaquin Labayen
2012.03-07 / 2012.04.21
Erakusketa honetan objektuak, argazkiak eta planoak ikusgai izango dira; baita, Aizpuruak eta Labayenek eraikitzeke utzi zituzten proiekto arkitektonikoen maketak ere.
Arkitektura, noizko?
José Ángel Medina Murua
1929ko urriaren 24an, arkitekto talde bat Alemaniako Frankfurt hirira iritsi zen. Bertan, CIAM izenaz ere ezagutzen den Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Biltzarraren bigarren edizioa inauguratu zuten[1].Biltzar hartatik, arkitektura modernoaren eskuliburu txalotuenetako bat atera zen: Die Wohnung für das Existenzminimum. Izan ere, bertan, XX. mendearen hasierako gizarte gorabeheratsuak behar zuen gutxieneko duinaren paradigmari lotutako etxebizitza ereduak biltzen ziren.[2]
Katalogoko aktetan eraikuntza estandar berriei eta Europako hirien hazkunde masiboari irtenbidea emateko etxebizitza arrazional eta arrazoizkoen premiari[3] buruzko txostenak jaso ziren. Nabarmena zen XIX. mendeko hirien gainpopulazioaren ondoriozko arazo sozialak eta higiene arazoak konponduko zituen hiri eta arkitektura eredu berri baten beharra.
Premia horretatik etxebizitza zelula baloratzeko eta proiektatzeko modu berri bat jaio zen. Horrela, etxebizitzaren inguruko eztabaida lotuta geratzen zitzaien, bai udal ordenantza berrien aplikazioari, bai eta abangoardiek gizartearen bizi-maila hobetzeko erreklamatzen zuten “lirikotasun” berria lortzera bideratutako eraikuntza elementuen industrializazioari ere.
Giedion, May, Gropius, Le Corbusier eta Jeanneret, Bourgeois eta, azkenik, Schmidt arkitektoek Biltzarrerako idatzitako txostenen edukiak hainbat alderdi definitzen zituen, hala nola eguzki-argi zuzena egunean zenbat orduz jaso behar den, airea berritzeko portzentajeak, kristaldun azalerak, inguruko espazio berdeak, azalera/ohe proportzioak, intsonorizazio baldintzak, ikusgaitasuna, arkitektura tipologien araberako eraikuntza sistemak, edota estatuek ezinbestean alderdi horiek guztiak arautu beharra, pertsona baten beharrik oinarrizkoenaren, hots, etxebizitza bat izateko eskubidearen inguruko edozein espekulazio saihesteko. Azken buruan, arkitektura proiektatzeko modu zientifikoagoa eta arrazionalagoa bilatu zen.
Aipatu neurri horiek guztiak aplikatzearen ondorioak xedetzat izango luke ordura arte eraikitakoak baino etxebizitza merkeagoak eta duinagoak lortzea, soilik eraginkortasun zientifikoaren araua aplikatzearekin eta industriaren munduarekiko lankidetza estuan jardutearekin. “Etxe bat, jauregi bat” esan zuen Le Corbusierrek asmo horri buruz.
Bitxia bada ere, eta data bat aipatu dugunez, esan beharra dago 1929ko urriaren 24a ostegun beltza izenarekin ere igaro dela historiara. Egun horretan hasi zen New Yorkeko burtsaren gainbehera bizia eta, horrekin, 29ko Kraka eta Depresio Handia.Burtsa, ostegun beltzaren ondoren, egun gutxira, kolapsatu egin zen eta, horrela, izua olio-orban baten modura zabaldu zen herrialde osora.Berehalako ondorioa izan zen banketxe askok, bata bestearen ondotik, porrot egin zutela; horrela, ordaindu gabekoak eta berankortasuna izugarri hazi ziren.
Europan, ondorioak ez ziren hobeak izan.Krisiaren lehenengo hilabeteetan, Britainia Handia eta Alemania bakarrik kontuan hartuta, 10 milioi langabe izatera iritsi ziren. Europako testuinguru politiko eta kulturala tenkatu egin zen, noski.Ondorengo urteetan Europan gertatutakoak ezin hobeto argitzen du hori guztia.
Horrenbestez, ironikoa da eta, hein batean, ederra eta itxaropentsua ere bai, jakitea Ostegun beltz hartan, 1929ko urriaren 24an, alegia, munduko burtsa-merkatu garrantzitsuenean hondamendia gertatzen zen bitartean, arkitekto talde xume batek hausnarketari ekin ziola, arkitekturak bere benetako zentzua berreskuratu zezan, xeheki aztertuz langile etxebizitza “soil” bat eta horrek etorkizuneko hiriaren hazkundean izango lukeen eragina. Gainera, aldi berean, zuhurtzia aldarrikatu zuten, ordura arteko panorama arkitektonikoan nagusi ziren estilismo burugabeetatik urrun.
Biltzarrean aritu ziren txostengile batzuk bazuten jada nolabaiteko ospe mediatikoa belaunaldi gazteenen artean, ez ordea itzal handiko profesionalen artean. Horregatik, biltzarrean parte hartu zuten gehienak abangoardiara arrimatutako gazte bizargabe baina grinatsuak ziren.
Katalogo honek ilustratzen duen erakusketako protagonistei dagokienez, bai Aizpurua eta baita Labayen ere belaunaldi horretakoak izan ziren.[4]Izan ere, testuinguru horrekin identifikatzen da, erabat, Aizpuruak 1930eko martxoaren 1ean La Gaceta Literaria aldizkarian argitaratu zuen artikulua, “Arkitektura, noizko?".
Aizpuruaren testuan arkitekturaren panoramaren inguruko hainbat gaitzespen aurkitzen ditugu, arkitektura berriak konpondu behar duen horren guztiaren inguruko benetako manifestua.Lehenengo hitzetatik hasita –“arkitektura, Espainian, ez da existitzen; ez dago arkitektorik, pastelgileak baizik”– arkitekto donostiarrak gogor ekiten du bere ustez arkitekturarentzat kaltegarria diren jarrera horien guztien aurka.Argudio nagusienetako batek zerikusia du arkitektoaren lanak izan behar duen benetako zerbitzu senagatik baino bere eraikinen konposizioagatik kezkatuagoa dagoen arkitekto “pastelgile” horren ideiarekin, eta “Arkitekto—Arkitektoa” aldarrikatzen du.Era berean, "masaren" hezkuntzari eta zerbitzuari buruzko zenbait gogoeta egiten ditu, hala nola "arkitektura berria masarena da, eta masara dator, hau askatzera”. Adierazpen horiek agerian uzten dute Ortega y Gasseten filosofiaren eta pentsaeraren eragina.[5]Azpimarratzekoa da, horri dagokionez, testuan aurkitzen dugun honako esaldia: "Langile espainiarrak eskubidea du langile alemaniarrak, frantziarrak, amerikarrak eta abar bizi diren bezala bizitzeko; Espainiako Gobernuak milioi asko eman ditu horretarako, baina iruzur egin diote”. Esaldi argigarria da, bestelako azalpenik behar ez duena.
Hala eta guztiz ere, Aizpuruaren testua aipatzeaz haratago, esan beharra dago artikulu hori aberastasun itzelekoa dela –baita formalki ere-, gure protagonisten garaia ezin hobeto ilustratzen duelako, baina oso garrantzitsua dela, baita ere, proposamen testu gisa.Bitxia bada ere, 29ko krakaren efemerideak inoiz baino garrantzi handiagoa izan dezakeen une honetan, Aizpuruaren testuak indarrean dirau nabarmen, hil zenetik 75 urte igaro ondoren ere.
Dudarik gabe, eta gogoeta xaloez haratago, erakusketari “Arkitektura, noizko?” izenburua jarri izanaren egokitasuna erabat justifikatuta geratzen da, kontuan hartzen baditugu egungo arkitekturaren arloan eman diren gertakari berrienak. Izan ere, denbora batetik hona, arkitekturaren munduan lanbide arrazionalagoa edo “arrazoizkoagoa” aldarrikatzen da, bere oinarriak bete-betean berrikusiko dituena.
Horri dagokionez, eta aipu errazera jotzeko asmorik gabe, amaitzeko, ezinbestean ekarri behar ditut Aizpuruak Gaceta Literaria aldizkarirako idatzi zuen manifestuaren azkeneko hitzak: “Arima bare bat kalera irten da, eta lasaitasunik gabeko eraikinak ikusi ditu, sentsualtasunez betetakoak; baretasun hori galdu eta iraultza oihu egiten du."
Katalogoa
Argitalpen honi dagokionez, erakusketaren katalogoa Aizpurua y Labayen liburuaren argitalpenarekin hasitako lanaren bigarren zatia da; hortaz, esan dezakegu liburu hori ilustratzen duen bigarren liburukia dela katalogo hau.[6]Argitalpenak oinarritzat du Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan, Juan Miguel Otxotorena katedradunaren zuzendaritzapean, egin nuen doktore-tesia idazterakoan garatutako proiektuen katalogoa. Orduan, ikerketaren lehenengo zailtasuna izan zen Aizpurua-Labayen artxiboa urteetan zehar desagertzen joan zela dioen mitoa haustea. Izan ere, lehendabizi, gerra zibilaren ondorioz desagertu ziren arkitektoen estudioko dokumentu asko; ondoren, Joaquin Labayenek gero inoiz berreskuratuko ez zituen material ugari utzi zituen maileguan, 1969. urtean Jose Manuel Aizpuruari buruz argitaratu zen Nueva Forma monografikorako.[7]Baina hala ere, eta iturri guztiak sakon aztertu ondoren, agerian geratu zen Joaquin Labayenen arreta eta ordena arretatsuari esker bazegoela oraindik ere arkitekto gipuzkoar hauen lanaren oparotasunaren fede emango lukeen katalogoa egiteko adina dokumentazio. Gainera, Aizpurua familiak ere gordetzen zituen oraindik hainbat dokumentu, batez ere argazkiak, eta horiek katalogoa osatzeko balio izan zuten.
Katalogo hartan, oraingo honetan bezala, jatorrizko marrazkiak eta argazkiak biltzen dira, arkitektoen familien artxiboetatik nahiz Zuricheko EHT unibertsitatearen GTA Archive edo Nafarroako Unibertsitateko artxiboan dagoen Aguinaga legatua bezalako beste funtsetatik hartuta.Dokumentatutako materialaren jatorrizkotasuna lehenesten du katalogoak, beste edozein iturriren gainetik, normala den bezala.Beraz, katalogoaren helburua ez da izan proiektuen deskribapen xehakatua egitea, jatorrizko materialak dokumentatzea baizik.Gehienbat, beraien proiektuen zirriborroak eta krokisak.Hala ere, eta lehen ere esan dugun bezala, tamalez, dokumentatutako proiektu batzuk ia ez dute jatorrizko materialik eta, horregatik, zeharkako iturrietara jo behar izan dugu, lehen aipatu dugun Nueva Forma aldizkariaren monografiara adibidez, katalogotik kanpo utzi ezin diren hainbat proiektu ere jasotzeko.
Era berean, proiektuei buruz dauden memoria guztiak ere bildu dira katalogoan.Kasu honetan ere, iturriak askotarikoak izan dira, ia ez baitago testuen jatorrizko eskuizkriburik. Horregatik, garai hartako argitalpenak erabili dira, behingoz bi arkitektoen idatzizko material guztia biltzeko asmoz. Kasu honetan, eta katalogoaren euskarazko bertsioari dagokionez, komenigarritzat jo da testuen jatorrizkotasuna mantentzea, itzulpenik egin gabe, alegia.
[1]Biltzarra otsailean Basilean egin zen bileran prestatu zen. Cfr. MEDINA MURUA, José Ángel: “GATEPAC Grupo Norte: de Basilea a San Sebastián”, in El GATEPAC y la revista AC, Catalizados de la vanguardia arquitectónica española. 1931-1937, Demarcación de Zaragoza del Colegio Oficial de Arquitectos de Aragón, Zaragoza, 2005, 27-30.
[2]Cfr. L´Habitation minimum, Julius Hoffmannen edizioaren faksimile-edizioa, 1933, Demarcación de Zaragoza del Colegio Oficial de Arquitectos de Aragón, Zaragoza, 1997.
[3]Labayen&Aizpurua estudioan gorde ziren prentsa-zatietako batean Fernando Garcia Mercadalek arkitekto madrildarrei egin zien elkarrizketa sonatua irakurri daiteke, arkitektura modernoari buruz zuten iritziaren inguruko galderekin.Elkarrizketa horretan, Arniches eta Dominguez arkitektoek ironiaz erantzun zioten Mercadalek egindako galderari: “Zer da zuretzat arkitektura arrazionalista?Guk egiten duguna arrazoizkoa deritzogu; ez dakigu arrazionalista irudituko zaizun.”Cfr. GARCIA MERCADAL, F.: “Encuesta sobre la arquitectura moderna” in La Gaceta Literaria, 32 (1928ko apirilak 15), 17.
[4]Cfr. MEDINA MURUA, José Ángel: Aizpurua y Labayen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako Ordezkaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, 2011.Ez bat ez beste ez zen Frankfurteko CIAM II biltzarrean egon, baina Aizpuruak bai parte hartu zuela hilabete batzuk lehenago, biltzarra prestatzeko, Basilean egin zen bileran. Basileako bilera hori ere erabakigarria izan zen talde horren historiaren etorkizunerako, aktetan ikusi daitekeen bezala.Cfr. CIAM Archive, GTA Archive, ETH Zurich.
[5]Arkitekto gipuzkoarren estudioan Jose Ortega y Gasseten obraren hainbat liburu aurkitu ziren, behar bezala azpimarratuta.
[7]Joaquin Labayenen familiak dio Fullaondori behin eta berriz eskatu arren, maileguan utzitako materiala ez zela inoiz itzuli.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04