Arkitektura eszentrikoak

2003/2/4 - 2003/4/17
Komisarioa: Piedad Solans
Artistak: James Casebere, Magdalena Jetelová, Tadashi Kawamata, Georges Rousse, Edwin Zwakman
Testuak:
Muntaia: Croquis S.A.
Prentsa oharra:
Arkitektura eszentrikoak bost artistak osatutako erakusketaren titulua da (James Casebere, Magdalena Jetelová, Tadashi Kawamata, Georges Rousse, Edwin Zwakman). Artista horiek esku hartzeko gunetzat eta azalera batetik (eraikin arkitektonikoa) besterako (irudia, erakusketa gunea, hiria) lekualdaketa edo desplazamendutzat lantzen dute arkitektura, argazkigintzaren, pinturaren, pantailaren, maketen, teknologiaren eraldaketa birtualen eta instalazioaren bitartez, lekuan lekuak eta arkitekturak dituzten konfigurazio, ibilbide eta esanahiekiko beste desberdin batzuk sortuz.
Koldo Mitxelena Kulturunea eraikinaren beraren ideiaren inguruan sortu da erakusketa, bestelako fikziozko arkitekturak edo arkitektura eszentrikoak barnean hartzen dituen arkitekturatzat hartuta. Lanetako batzuk, alegia, Rousse-ren Gernika esku hartzea eta Loiola Argazki Saila, edota Kurtsaal Zentroaren kristalezko zatiez eginiko instalazioa eta Jetelova-ren Kurtsaal Argazki Saila, herriaren historiari, eta Gipuzkoako arkitekturari eta txokoei lotuta daude. Kawamatari dagokionez, erakusketa gunearen beraren barruan, bestelako eraikuntzak –maketak- erabiltzen dira, edo, Photo Archives-en artistaren beraren dokumentazio fitxategiak Zentroarekin lotzen dira biblioteka gisa. Casebere-ren argazkiak, berriz, ikuslearen gune psikikorantz eta arkitekturaren gune errealerantz era fenomenologiko eta sinbolikoan proiektatzen dira (Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoek ere prozesu hori jasan ahal izango balute bezala) eta Zwakman-en irudiek gaur egungo hirietako eraikuntza bloke handien habitat pribatuaren estatismo eta hutsunearen eta hausnarketa, lengoaia eta sormen kolektiboko prozesuetan inplikaturiko kultura eraikin baten mugimenduaren eta okupazio publikoaren arteko kontrastea adierazten dute.
JAMES CASEBERE (Lansing, Michigan, EAB, 1953): erakunde eraikinen maketak (espetxeak, ospitaleak, eskolak), ingeniaritza lanak (lur azpiko pasaguneak, tunelak) edo arkitektura historikoak egiten ditu. Maketen barrualdea argi-itzalen kontrastetan argitzen du era eszenografikoan, edo, ur itxura duen erretxinadun sustantzia batez bete. Ondoren, argazkiak ateratzen ditu, eta, horren ondorioz, pertzepzio oniriko eta hipererreala adierazten duten irudi batzuk sortzen ditu, eduki sinboliko kritiko eta metaforikoarekin: gizarte modernoen itxialdietako lekuak edo erakunde eraikin handien higadura.
MAGDALENA JETELOVÁ (Praga, Errepublika Txekiarra, 1946): eraikin baten zati baten translocation edo beste eraikin edo leku baterako lekualdaketaren ideiarekin lan egiten du, Koldo Mitxelena Kulturuneak pentsatu eta egindako Sopravisione instalazioan bezala. Bere barnean, Kurtsaal Zentroko kristalezko zatiak sartzen ditu, elkarketa asimetriko bat eta Donostiako bi arkitektura enblematikoren arteko gurutze gune bat sortuz, espazioaren, eraikitzeko materialaren, eta hirian zeharreko alegiazko ibilbidearen bitartez. Erakusketa honetarako ere egindako Kurtsaal Sailan,, Donostiako argazki batzuen manipulazio digitala egin du, eta haien gainean Kurtsaal Zentroko zati bat jartzen du, arkitekturaren, kaiaren eta itsasoaren hauskortasun eta anbiguotasun giro bat sortuz. Era berean, Atlantic Wall argazki saila aurkezten da, horien gainean laser izpien argizko testu bat jarrita, eduki politikoa ematen diena, hain zuzen ere.
TADASHI KAWAMATA (Hokkaido, Japonia, 1953): Relocation, edo birkokapenaren kontzeptuarekin, arkitekturan esku hartzen du egurrezko euskarri edo armazoi handien edo baztertutako altzarien bitartez eraikiz (aulkiak, leihoak, ateak), beren egituratik energia eta kaosa atereaz eta beren esanahi historiko edo gizarte mailakoa edo beren oroimena gogora ekarriz. Kawamatak eduki kolektibo handiko igarotzeko zubi eta egiturak ditu. Erakusketan hainbat maketa aurkezten dira eta haien formak arkitekturaren hutsunea, egitura eta espazialtasuna berreraikitzen ditu, sarritan, Serpentine Gallery-n edo Evreux-ko zubian kasu, espazioaren, naturaren edo hiriaren benetako dimentsioetan. Bere lanarekin batera work in progress deitzen duenaren dokumentazio ugari aurkezten du, sorkuntza eta suntsidura etengabeko prozesu batean, arkitekturari heltzeko modu bat, hain zuzen. Photo Archives-en, berriz, hiru kabina-armairu aurkezten ditu, eta haiei buruzko dokumentazioa kontsulta dezake publikoak, era horretan, Koldo Mitxelena Kulturunearekiko harreman bat sortuz, hain zuzen ere, bere bibliotekan jasotako hizkuntza, kultura eta oroimen historikoa bere barnean dituen arkitektura gisa.
GEORGES ROUSSE (Paris, Frantzia, 1947): Pinturaren bitartez, abandonatutako edo eraistekotan diren eraikinetan edota apenas jenderik ez dabilen etxe eta arkitektura barrualdeetan esku hartzen du, edo, Koldo Mitxelena Kulturunerako sortutako Gernika esku hartzean bezala, kultura eta erakunde eraikinetan. Esku hartze horretan izan ezik, Rousse-k ikuslea espazio eta arkitekturatik at uzten du, behin prozesua amaituta, azken emaitza erakusten duen argazkian lanaren irudia soilik ikusiz. Gernika-n, historiaren eta gaurkotasunaren arteko harreman bat ezartzen du, Koldo Mitxelena Kulturunearen espazioan gerra zibilean zehar bonbardatutako hiri baten plano bat proiektatuz, oroimen historikoa eta gerraren suntsidura eta basakeriaren gogora ekarriz. Bere azken lanetan, plano eta mapa sare bat egiten du, lekuen arkeologia bat, eta igarotzen diren lekuen oroimena, horiek denak beste leku batean gainjarriz, geruza garden baten gisa. Horrela arkitektura eta bideen mundu konplexu bat sortzen du, espazio, aztarna eta historien arteko gurutzatze bat, Loiola sailean bezala. Erakusketa honetarako sortutako eta Loiolako Baselizaren planoetan oinarritutako lan horretan, Jesuiten ordena sortu zuen San Inaziok igarotako lekuak gogora dakartzaten espazioetan (Cernières, Idoine, Loiola) pintatzen du, eta espazio horiek Koldo Mitxelena Kulturunean bertan berriro sartzen ditu.
EDWIN ZWAKMAN (Den Haag, Holanda, 1969): Bere argazkiek gaur egungo arkitekturak erakusten dituzte, mugimendu modernoaren eta nazioarteko mugimenduaren apartamentuen bloke-kaxa eta pisu-kuboen ereduetatik datozenak, hain zuzen ere. Bizitza arrasto guztiak kentzen dizkie, beren biluztasunik soilenean aurkeztuz. Argazki kameraren objektibotasun hipererrealistarekin kontraste handia duen giro arraro eta ia irreal batek argitutako barnealdeak, fatxadak edo kanpoaldeak, hain zuzen. Alokairuko pisu merkeak, familia bakarrekoak eta sailekoak, etorkinen eta behe mailako klaseetakoenak, arkitektura modernoak gizarte berdintasuneko arazoak konpontzeko izandako porrota sinbolizatuz. Baina bere argazkiak simulazioak dira, Zwakman-ek maketa txikiak egin eta argi naturaleko fondo batekin argazkia ateratzen die. Gero, ordenagailu bidez esku hartzen du eta formatu handitan erreproduzitu egiten ditu, ikusleak errealtzat jotzen duen fikziozko errealitate giro bat sortuz.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17