Arte plastikoen artikulazioa eta kulturarako aurreikuspen egokiak hizpidera, saio irekien kronikak
Urteko lehen saio irekietan bi gogoeta egin ditugu lurraldeko eragileekin: "Artista plastikoen artikulazioa Gipuzkoan: aukerak eta erronkak" eta "Nola egin aurreikuspen egokiak gure proiektu artistiko eta kulturalak bideragarriak izan daitezen?". Kronikek elkarrizketetan partekatutako ideiak eta emozioak biltzen dituzte.

Urtarrileko azken egunean, negu gorrian-edo, saio irekia egin genuen, "Artista plastikoen artikulazioa Gipuzkoan: aukerak eta erronkak" lerroburupean. Urte pare bat pasa dira artista plastikoen artikulazioa saio ireki batean hizpide izan genuenetik. Bertan parte hartu zutenek hariari tiraka jarraitzea eskatu ziguten. Denbora tarte horretan gauza asko gertatu dira han eta hemen, tartean ekimen berriak sortu dira eta horren berri eman nahian beste saio ireki bat antolatu genuen, arte plastikoen egungo egoeraz mintzatzeko asmoz.
Konfinamendu garai bete-betean eratu zen “Artistak-etc” plataforma, eta garai berdintsuan ere abian jarri dira beste bi ekimen: Zapart Euskal artisten sarea eta Eskuahaldunak Euskal eskultoreen elkartea. Eragile horietako kideak saiora bildu ziren beren ekimen eta asmoen berri ematera. Hamabi bat eragile elkartu ginen K bulegoaren egoitza berrian, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan.
Kronika osoa argitaratu dugu, gogoetarekin jarraitzeko asmoz.
Bestalde, martxo hasieran, Besainera jo genuen. Arratsalde hartan, "Nola egin aurreikuspen egokiak gure proiektu artistiko eta kulturalak bideragarriak izan daitezen?" galderak xaxatu zituen buruak. Gaiari sarrera emateko, K bulegoan maiz topatu izan ditugun zailtasunen eta lanketa interesgarrien zerrenda bat partekatu genuen. Honako hau izan zen saioaren mamia: nola egin aurreikuspenak jarduera sendoak lantzeko, kontuan hartuz gure garapen positiboa ere zaindu behar dugula.
Kronika osoa duzu irakurgai eta hemen saio borobiltzeko ondu genuen manifestua.
-
2023 urteko lehen erdiko saio irekiak eta formazioak: kronikak eta baliabideak
K bulegoak Gipuzkoako kultur sektorearen garapenerako ikaskuntza esperientziak bultzatzen ditu. Hilabetez hilabete, saio irekiak eta formazio saioak tartekatzen dira, sorkuntza, komunikazioa eta kudeaketa alorretan ezagutzak partekatu eta lurraldeko eragileen arteko elkar ezagutza sustatzeko xedez
2023-08-21
-
"Zein da gure ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoa?" saio irekiaren kronika
K bulegoak ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoaz hausnartu zuen, oporren aurreko azken saio irekian. Santa Teresa komentura hurbildu ziren Gipuzkoako kulturgileen gogoetak kronikan bildu ditugu, eztabaidari jarraitzeko asmoz
2023-07-19
-
"Kultur ekimen profesionalak sendotzeko gakoak" izeneko formakuntzaren baliabidea
K bulegoak elkarrizketa formatuan antolatu zuen formazioa saioa, kultura ekimenen sendotzeari buruzko hausnarketa irekia eragiteko asmoz. Bi aditu eta aritu jardun ziren hainbat gako Gipuzkoako kulturgileekin lantzen. Bertan jorratutakoa baliabide batean bildu dugu
2023-07-12
-
Artistaren Estatutuaren gaineko baliabideak
K bulegoak bi baliabide sortu ditu Artistaren Estatutua hobeto ulertzeko xedez. Batak esparru orokorra azaltzen du eta besteak haren eragina Arte Eszenikoen esparruan
2023-06-27