Artista berrien XXXVI. lehiaketa
1995/9/19 - 1995/10/28
Artistak:
Testuak: Adelina Moya
1er. premio: Maria Pilar Soberón, Cita al jinete del cubo de Kafka.
2º premio: Sergio Prego , Sin título
3er. premio: Guillermo Zuaznabar, Módulos en escala 1:5.
Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketa
Aro modernoaren ezaugarri da, zalantzarik gabe, arrazoiaren hutsegiteen aurkikuntza eta desmitifikazioa, baina ez da horretan geratzen, izan ere, “hutsegite” haiek berek bizirik jarraitzen baitute hainbat modutan, maila ez hain nabarmenean. Kultura sekularizatua ez da tradizioko eduki erlijiosoei bizkar eman dien kultura bat besterik gabe, baizik eta eduki erlijioso horiek berak, aztarna bezala edo eredu estali eta moldakaiztu bezala, oso barrenean bizi dituena. Gianni Vattimo, “La Sociedad Transparente”, Paidos, 1989.
Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketaren (1920-1995) sintesia egitea ez da lan erraza izan, lanaren emaitza testu motz hau izan arren. Ez dut ikerketa sakon bat egin nahi, ez bailitzateke aproposa parada honetarako, baina ez nituzke kontuan hartu gabe utzi nahi, ez Lehiaketaren iraupen luzea, ez izan dituen funtsezko aldaketak. Ahal izanez gero oraina pixka bat hausnartzen laguntzea izan da nere asmoa, iraganak eta geroak orainari buruz zerikusia dutela jakinik.
Hasteko, Artista Berrien Lehiaketa arte modernoaren sekularizatze-prozesuarekin lotuko dut, hau da, Walter Benjaminek definitzen duen eran, artelanaren kultura edo deboziozko balorearen ordez obraren erakus-balioa nabarmentzen duen prozesuarekin. “Irudiaren balio kulturala sekularizatzen ari da eta, zenbat eta sekularizatuago, orduan eta zehaztugabeago agertuko zaigu irudiaren beraren singulartasuna. Artistaren beraren edo artistaren arte-jardueraren singulartasun enpirikoak indarra hartzen du eta ikuslearen ikuspegian albora uzten du, gero eta gehiago, irudi kulturalean nagusi ageri diren elementuen singulartasuna”. Denborazko faktore nola edo hala progresista horren ondoan, Lehiaketari izateko arrazoia ematen dion espaziozko datua ere hartu behar da kontuan: probintzia bateko artista gazteen lana aitortu eta sustatu nahia; probintziaren singulartasunean txertatutako singulartasun artistikoen lana beraz, Donostia nukleo adierazgarritzat duen probintzia batean. Nolanahi ere, lehenik Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketa eta geroago (1977an) Lehiaketa deitu zaionaren historian zehar, ondo adostutako irekitze-joera bat nabari da, beldurrik gabe bertakotasunak mugatu duela esan genezakeena. Euskal Herriko tradizio moderno bezala ageri zaigun hori tajutzen lagundu duen lehiaketa hau, bere artistak konkurrentzia eta sentsibilitate handiagoz sustatzera abiatzen den aldi berean, azterketa edo hausnarketarako eremu bilaka daiteke, ez bakarrik arteko kontraesanak artisten obraren edo epaileen kontraesan bezala agertuko dituelako, baizik eta XX. mendeko gizarte jakin baten kontraesan bezala ere agertuko direlako.
Lehen urratsak: 1920-1935
Arte plastikoetarako beka batzuen ordez 1920an Diputazioak erakusketa hau abian jarri zuenez geroztik jaso zuen prentsak lehiaketaren hasierako bilakaera, diktadura baten eta errepublika baten artean, gogotsu orain bihozgabeturik hurrena, bere bidean aurrera egiten zuela.
Emaitzen ikuspuntutik alaia eta baikorra izandako sorrerako garaiaren ondotik egonezin eta kritika gehiagoko bolada bat etorri zen, edo itxaropenak guztiz bete ez zirelako, edo pentsatzen zelako, ahalegin handienak hein handiagoko helmugetara jotzen hasiak zirela ikusirik, lehiaketak jada ez zuela ahaleginak biltzeko lehen adinako indarrik. Hala eta guztiz ere, obrari eta artistei, eta kritikak egin zien jarraipenari ere begiratuta, nabari daiteke nola lehiaketa berritu egin zen gero eta gehiago eta nola abangoardia historikoekin loturarik ez zitzaion falta izan.
1920. urtean eta ondorengoetan Vazquez Diazen pintura “planistak” gazte hasi berri gehienengan -Montes Iturrioz, Jesus Olasagasti, Juan Cabanas eta Jose Migel Zumalabe, kasu- zeukan eragin modernizatzaile onuragarria aipatzen zen antzera, 1930eko urteetan, berriz, naturaltasun osoz txalotzen eta abangoardiakotzat jotzen zen Jorge Oteizaren, Nicolas Lekuonaren eta Imaz deiturako tolosar baten lana. Hau da, urte gutxitan pasatu ziren euskal gaieko halako postkubismo bati gauzarik modernoenaren balioa ematetik, arartean lausotua ageri zen abangoardia bat aitortzera, gehiago zehaztu gabe.
Egia esan, lehiaketa ez daiteke bereizi Donostian gertatzen ari ziren eta garrantzizko gertaera artistiko bilakatuko ziren gainerako ekintza politiko eta kulturaletatik, denetan baitzebiltzen antolatzaile lanetan lehiaketan nabarmendu zirenetako gazte batzuk, Jesus Olasagasti eta Juan Cabanas Erauskin esate baterako, zenbait arkitektorekin eta kulturako jenderekin batera. Hori izan zen 1930eko Pintura eta Arkitektura Modernoko Erakusketaren kasua, 1931ko Pintura eta Eskulturako (Artista Iberikoen) Erakusketarena, GU artisten elkartearen sorrerarena 1934an, eta baita, 1933ko Artista Berrien X. Erakusketaren ondorioz eratutako Oteiza-Lekuona-Balenziaga taldeak 1934an egindako eskultura-pintura-argazkigintzako erakusketaren kasua ere, aurrekoak baino apalagoa izanik ere garrantzitsua, eta eskultoreari artista abertzale iraultzaile talde bat sortzea proposatzeko euskarria eman ziona.
Kontuan hartzekoa da obran gero eta gehiago islatu zen ideologizazioa, euskal pizkundearen kontzeptuan desadostasunak egon zirela pentsarazten duena, orduko autonomi estatutu burutu gabearen testuinguruan. Ildo horretan bereizi behar dira, bai berrikuntza etnografikoko ildo batzuk, hala nola Flores Kaperotxipi pintorearena eta Bienabe Artiarena berarena, eta bai Balenziagaren espresionismo xalo probokatzaileagoa eta Oteizaren obraren haustura kritiko antzinazalea. Horien ondoan, Italiako hemeretzigarren mendeko klasizismoranzko lerratze bat nabari da Olasagastiren eta Cabanas Erauskinen obra batzuetan.
Beste alde batetik, lehiaketaren bigarren fasean kartelen eta dekorazioko arteen garapena garrantzitsua izan zen, baina ez zuen merezitako ordainik izan sarietan.
Gerra ondoko urte latzak; 1940-1959
Gerra ondoren ia berehala ekin zitzaion ostera Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketari, eta 1942an egin zen XIIgarrena, Francoren erregimenetik hurbileko artisten laguntzarekin seguru asko -Carlos Ribera eta Jesus Olasagasti, kasu-, nahiz eta ofizialki Círculo San Ignacio elkarteko lehendakariak egin eskaera . Gauza gutxi jakin ahal izan dut berrogeiko hamarkadaz, 1928az geroztik bezala biurterokoa izaten jarraitu zuela ez bada. Erlijioko gaiak, erretratua eta paisajea nagusi izango zituen obra bat bururatzen zait, adierazpenean autozentsuratua, baina, 1935eko Artista Berrien Lehiaketan bertan aurrikus zitekeen bezala , gerra aurrean izandako nolabaiteko atzera-joera baten jarraitzaile, nolanahi ere.
Hurrengo hamarkadan gauzak aldatzen hasi ziren, Espainian mugimendu abstraktoak eta informalistak sortzen ari zirenean eta Arantzazuko obraren dangatekoak euskal arteari berrikuntzako itxaropenak piztu zizkionean. Berritzaileen belaunaldian Miguel Angel Alvarez eta Ana Maria Parraren izenak aditzen hasiak ziren eta, geroago UR taldea osatuko zuten Gracenea, Tapia eta Rocandioren izenak eta baita GAUR taldea osatuko zutenenak ere, gehituko zitzaizkien berrogeita hamarreko urteetan. Hala, lehiaketako 1953, 1955, 1957 eta 1959 urteetako agirietan Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu, Bonifacio Alonso, Sistiaga eta Zumetaren izenak ageri dira. Urte horietan, hala ere, Rafael Ruiz Balerdik bigarren sari bat 1955ean eta lehen sari bat 1957an lortu zituen eta Remigio Mendiburuk eskulturako lehen sari bat 1959an, baina Sistiagak sari apalago bat (4.a) bakarrik eskuratu zuen eta Zumeta ez zen hautatua besterik izan. Frankismoak eragindako inboluzioa gogoan hartu gabe harrigarria gertatzen da ikustea nola, handik denbora gutxira abangoardiarengatik borrokatuko ziren gazteek 1955ean titulu guztiz konbentzionaletako obra aurkezten zuten, hala nola “Bodegoia urdinez”, “Maria Cristina zubia”, eta abar. Pentsatzekoa da, ordea, orduko giro estu hark eraginik izango zuela artista haiengan Parisera alde egiteko asmoa sorrarazten. Han talde gisa ibili ziren 50eko hamarkadaren bukaera aldera Balerdi, Sistiaga eta Zumeta , eta han ezagutu zituzten 60ko hamarkadaren hasieraz geroztik Donostian defendituko zituzten abangoardiak, geroago Euskal Eskolako GAUR taldean (Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Balerdi, Sistiaga, Zumeta eta Amable Arias, 1966) zehaztuko zituztenak.
60-70 urteetako parentesia ongi nabarmendu behar da. Donostiako arte-bizitzan abangoardiako keinu eta ekintzak militantzia antifrankistatzat hartzen ziren bitartean, “Artista Berriak” desagertu egin zen ia bi hamarkadaz: 1957tik 1977ra. (Pop Art-aren eragina bizi izan zuen belaunaldia lehiaketa honetatik kanpo gelditu zen, beraz.)
Goitik beherako eraberritze baterantz (1977-1993)
Franco hil eta laister lehiaketaren aldi berri bat hasi zen, goitik behera eraberritu zuena . Ordutik honako distantzia txikia den arren, sariei begiratu bat ematea aski da gauza batzuez berehala ohartzeko; besteak beste, 1978az gero berdintasunean parte hartzen duten pinturaren eta eskulturaren artean dagoen aldeaz eta eskultore berriengan argi eta garbi nabari den Jorge Oteizaren eraginaz.
1920ko hamarkadan Vazquez Diazek pintore gazteengan izandako eragin modernizatzaile ukaezinaz, nolabaiteko arketipo berritzaile bat sortu zuenaz, hitz egiten zen era berean, antzeko fenomeno bat igerri uste dut Jorge Oteizak eskultore gazteengan 1978 eta 1988 bitartean izandako eragina ikusirik.
Azken 18 urteetan saritutako obra begiratuta zaila gertatzen da, lehen bezala, espazio eta denborazko koordenatu horiek biak elkarri doitzea. Desenfokatuta ikuspegia bihurritzen da, ordea.
Alde batetik, pinturak Espainiako testuinguruarekin (nazioarteko korronteetatik urrundua zegoena, nahiz ez zuen guztiz ahazten) du zerikusia, non errealismoak (kritikoak, magikoak, popak) informalismoari txanda hartu diola ematen duen . Adibide gisa aipa daitezke Juan Maria Azpeitiari saritutako bi obrak, “Ez digute zer gertatzen den ikusten utziko” (No nos dejarán ver lo que pasa) eta “Itsasoan galduaren ikuspegia” (Visión del náufrago), Joxan Arretxe Insaustiren “Zaharrari” (A lo viejo) eta, aurrerago, Jose Mari Lazkanoren “Pinturaren historiara leihotik begira” (Ventana a la historia de la Pintura) eta J.R. Azpilicuetaren “Eguraldi gizona” (El hombre del Tiempo). Laurogeiko urteetan aurrera goazela, trasbangoardia eta espresionismo alemanaren oihartzuna nabari da Lopez Garmendia, Raul Urrutikoetxea eta Luis Ezeizaren pinturan, eta oihartzun horrekin berarekin lot genezake Koldobika Jauregi eskultorearen obra. Egia esan, pinturan argi eta garbi ageri den gauza bakarra errepresentazio figuratiboaren nagusitasuna da, eta etengabeko moda-aldaketa, eskulturaren denboragabetasunarekin kontraste egiten duena.
Hori bezain harrigarria da eskultura abstraktoak, geometrikoa baino areago lirikoak, duen protagonismoa. Izan ere, 1980ko hamarkadaren bukaera aldera arte Quousque Tandem eta Euskal Eskolako Gaur taldearen (1963 eta 1966) uhin hedakorraren eraginpean mugitzen da, eta horren lekuko dira Jose Manuel Isasaren obra (“Ingudea” -Yunque-, “Dardara”), Mikel Kristi Etxeberriarena (“Ebakiduraren azterketa estetikoa” -Estudio estético del corte-), Joxe Lasa Iturriozena (titulurik gabea) eta abar.
Ez da ahaztu behar hemen aipatzen dena emaitzetan oinarritua dagoela, ez aurkeztutako obran, horrek azterketa sakonagoa behar bailuke, hasieran ere esan dudan moduan. Epaimahaien hautaketak, gehien batean bertakoak eta, ausartuko naiz esaten (neu ere behin baino gehiagotan mahaikide izateak ematen didan eskubidez), kontserbatzaileak izan baitziren, baduke zerikusirik emaitza horietan.
80ko azken urteetatik hona beste aldaketa bat ere gertatzen ari da, ezin genezake esan, baina, hein handikoa ala txikikoa ote den . Eskulturaren nortasun-zeinuak desagertu egin dira edo eraldatu (Idoia Monton, J. Arribas, Alberto Oyarzabal, Nekane Zaldua, Mikel Bergara), pinturak bere buruari gehiago begiratzen dio (Eduardo Lopez, Gorka Eizagirre, Juan Perez, Manu Muniategiandikoetxea), eta Itziar Ocarizek eta Azucena Vieitesek ekarritako argazkigintzak feminismoaren ukitua erantsi dio lehiaketari . Gainera, beste lehiaketa batzuetan gertatzen ari den bezala, emakumeek hartu dute hitza, auskalo noiz arte.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04