Artista Liburua eta arte-koadernaketa
Maiatzaren 7tik 30ra, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegian artista-liburuen eta arte-koadernaketaren Topaketen barruan erakutsitako lanen azalpena ikusgai izango dugu. Topaketa horiek arteliburu21ek antolatu zituen Errenterian martxoaren 26tik apirilaren 6ra bitartean Errenteriako Udalarekin batera.
Zer da artista-liburua?
XX. mendeko gaia da artista-liburua. Arte-adierazpen plastikoetako bat da, eta arte lan bat da bere horretan, forma eta eduki ugari garatzeko gai dena. Sortze lan artistiko bat denez, ez du zertan egungo liburuaren ohiko mugak aintzat hartu; aukeran du muga horiek onartu edo baztertu. Eta garrantzitsuena: ohiko liburutik harantzago joan daiteke, hura iritsi ezin den tokietara. Artea da, eta, horrexegatik, arriskuekin jolasten du.
Zer da arte-koadernaketa?
Arte-koadernaketaliburuaren edukiari lotzen zaion arte lan bat da. Liburua babestu eta artikulatu egiten du, eta hasieratik bukaerara irizpide artistikoei jarraituz garatzen da. Sortze lan baten ondorio eta arriskuak ditu, eta sortze lan bat da, halaber, bere alderdi guztietan: diseinua eta adierazpen plastikoa, materialen hautaketa, lan teknikak...