Artxipelagoa, komikira salto egin duen adaptazioa
"Artxipelagoa" podkastaren komiki formatua

Artxipelagoa, komikira salto egin duen adaptazioa
Irrati, eleberri, opera… hainbat obra artistikoen adaptazioak ezagunak izan dira komikian eta baita komikitik beste arlo batzuetara ere. Komikitik zinemara egin zuen esaterako Paco Rocaren “Arrugas" komikiak. Eta gaur berriz, “Artxipelagoa” aurkeztuko dizuegu. Soinutik irudira salto egin duen proiektua hain zuzen ere.
Oier Aranzabal eta Etxeberria anaiek (Martin eta Xabier) sortu eta garatu zuten soinu fikzioa izan zen “Artxipelagoa”. EITBPodkast plataforman aurkeztu zen 2021ean, websaila ere izan zen, eta orain berriz, Alex Sanvi marrazkilariaren adaptazioa eskuratu berri dugu komiki formatuan.
Soinu bidez entzun nahi baduzue euskal aktore ezagunen ahotsean jaso dezakezue: Aitziber Garmendia, Jare pertsonaiaren paperean, Eneko Sagardoy Ikerrenean eta Anartz Zuazua Nizarrena burutzen. Gainera, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar eta Klara Badiola ere agertzen dira “Artxipelagoa”n. Ulu Mediak eta EITBpodkastek ekoitzitako fikziozko podcast serie honek 2022ko Irratigintzako Argia saria jaso zuen.
Komikian berriz, istorioaren muinera hurbilaraziko gaituzte Etxeberria anaien gidoiak, Alex Sanviren marrazkiek eta Sedyasen koloreak. Serie honen lehen denboraldiaren adaptazioa da 90 orrialde inguruko komiki hau. Hizkuntza aldetik, erregistroen aldaketak burutu dituzte, baita kapituluak laburtzeko trikimailuak erabili ere. Honela, podcasta eta komikia bi produktu ezberdin bezala ere dastatu litezke.
"Artxipelagoa" 2103. urtean kokatzen den istorio distopikoa da. Bertan berotze globalak eta poloen urtzeak eragindako itsas mailaren igoerak sortuko duten mapa mundial berrian abentura izango da ardatz. Bizirik irautea lortuko duten protagonistek baliabide gutxiko eszenatoki berri eta zatikatu batean nabigatu beharko dute. Potentzia berriak sortuko dira ur azalean geratzen den Europa konkistatzeko prest. Jare, ezkutuko botereak dituen Euskal Artxipelagoko neska gaztea aliantza berriak sortu nahian dabilen konplot arriskutsu batean murgilduko da ustekabean.