Aste Santuaren memoria
Aste Santuko ibilbide laburra

Aste Santua Kristautasunaren ospakizunik handiena da berez. Udaberriko lehenengo ilargi betearekin ospatzen da. Erramu igandetik Piztuera igandera arte doa, laburbilduz, honako gertaerekin: Kristoren Jerusalemerako sarrera, apostoluekin egin zuen Azken Afaria, otoitza Getsemaniko baratzan, Judasen traizioa, epaiketa, Gurutze bidea, heriotza eta, azkenik, Berpizkunde Igandea.
Biblian jasoak datoz gertakizun guzti hauek, Itun Berrian hain zuzen ere. KMK Liburutegian dugu, hain zuzen ere, Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berriaren ale bat, Joannes Leizarragak Juana de Albret erreginaren enkarguz egindako Itun protestante Berriaren euskarazko itzulpena, 1571n argitaratua. Bernard Dechepareren Linguae vasconum primitiae (Bordele, 1545) lanaren ondoren gorde den euskarazko bigarren inprimaturik zaharrena da.
Beraz, Aste Santuan ekitaldi jakin batzuk daude. Inoiz parte hartu ez badugu ere, ezagunak egiten zaizkigu. Erramu igandean, palmondoak eta erramuak bedeinkatzen dira. Egun honetan, Garizumako seigarren igandea ere deitua, Jesusen sarrera Jerusalemen ospatzen da eta Aste Santuari hasiera ematen dio.
Ostegun Santuan Jesusek Azken Afaria ospatzen du apostoluekin batera. Ogia eta ardoa bedeinkatzen ditu eta ekimen hau ondorengo meza guztietan gogora araziko da. Testu erlijiosoen arabera, afariaren ondoren Jesus Getsemaniko baratzean otoitz egitera erretiratu zen. Bertan zegoela Judasek salatu zuen erromatar soldaduen aurrean eta preso eraman zuten. Epai baten ondoren gurutzean hiltzera kondenatu zuten.
Une eta eszena horiek gure herrietako prozesioen pausoetan islatzen dira. Pasaia, Hondarribia, Azkoitia edo Segura dira Aste Santuko ohiko prozesioei eusten dieten Gipuzkoako herrietako batzuk. Segurakoa XVII. mendeko lehen hamarkadan dokumentatua dago.
![]() |
![]() |
![]() |
Ernioko Gurutz-Bidea. Iturria | Gurutze-Bidea Usurben. Iturria |
KMK Liburutegiko funtsek, garai batean Donostian egiten ziren prozesioen oroitzapena gordetzen dute ere. Izan ere, José Luis Sánchez Funtsaren 5.500 posta-txartel baino gehiago Gipuzkoako hiriburuaren historiaren lekuko dira: historia, arkitektura, kirol-ekitaldiak, folklorea...
Aste Santua Donostian. |