‘Atzerritarrak Gipuzkoan Aro Berriaren hasieran (1482 -1540)’ hitzaldia Iago Irijoaren eskutik
Gaur, arratsaldeko 7:30tan, Areto Nagusian, "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta KOLDO MITXELENA Kulturuneak antolatutako jardunaldien hitzaldi berri bat ospatuko da. Iago Irijoa Cortes izango da hitzaldi honen protagonista. Atzerritarrak Gipuzkoan Aro Berriaren hasieran (1482 -1540).
Gipuzkoako gizarte eta ekonomian atzerritarrek izan duten presentzia edo garrantzia, oraindik orain, guztiz jorratu gabe dago. Hutsune hau Behe Erdi Aroa eta Aro Berriaren hasierarako bereziki azpimarragarria da. Dokumentazioak, ordea, dinamismo eta mugikortasun nabarmena duen gizarte baten aurrean gaudela adierazten digu, eta atzerritarrak ere horren erakusle izango dira. Beraien agerpena kontutan hartzekoa da, eta horietako batzuk gure artean bizitzea erabaki zuten: bertan bizi, ezkondu, seme-alabak izan… Hitzaldi honen bidez, XV. mende amaieran eta XVI. mendeko lehen hamarkadetan jarriko dugu begirada, Pasaiako badiako populazioen adibidea aintzat hartuz. Alabaina, beste leku batzuk kontutan hartuko dira (Deba, Zumaia, Donostia edota Hondarribia).
Iago Irijoa Cortés (Donostia, 1980). Historia eta Kultur Ondarean lizentziatua da, Deustuko Unibertsitateagatik (1998-2002). Salamancako Unibertsitatean doktorego ikasketak burutu zituen. Bertan, Gaztelako Komunitateen testuinguruan Gipuzkoan izan zen gatazkari buruz burutu zuen lana 2004 urtean sakondu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako bekaren bidez. Ikerketa esparru nagusia XV-XVI. mende hasierako Gipuzkoa du.