Auschwitzetik haratago Liburutegian

Uztailaren 3ra arte erakusketa-aretoan egingo den Seeing Auschwitz erakusketarekin batera, eta Holokaustoa ardatz hartuta, gaur egungo historian zehar izan diren beste masa-indarkeria mota batzuk ere landuko dituen kultura-programa izango da hilabete hauetan Kulturunean. Programak, Auschwitzetik haratago izenburupean, Edurne Portelak zuzendutako eztabaida eta hitzaldi ziklo bat eta Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Begoña del Teso kazetariak elkarlanean egindako zine ziklo bat izango ditu. Liburutegitik hainbat erakusketa-proposamen eta irakurketa- eta zinema-gomendio antolatuko ditugu, nahi duenak gaian gehiago sakondu dezan.
Bihar, otsailaren 18an, 19: 00etan, KMK-ko Areto Nagusian, zikloan programatutako lehen hitzaldia egingo da, Julian Casanova historialariaren eskutik. Casanova eta, zehazkiago, honek argitaratu berri duen Una violencia indómita: el siglo XX europeo liburua erreferentziatzat hartuta, Liburutegian erakusketa txiki bat eta hainbat interesgune prestatu ditugu. Erakusketa, XX. mendeko Indarkeriak Europan deiturikoa, Koldo Mitxelena Liburutegiko funtsekin ilustratuta dago eta joan den mendean Europa suntsitu zuten indarkeriazko gatazken erakusgarri izan nahi du. Lehen interesgune horietan proposatzen ditugun gomendioek historia liburuak, Europako gatazkak istorioen parte diren eta berebiziko protagonismoa hartzen duten eleberriak eta filmak biltzen dituzte, bai eta mende hasieran Europa izan zen indarkeria-espiral hartan beti kontrakarrean ibili zen Romain Rolland Nobel frantsesarekin lotutako hainbat argitalpen ere.
![]() |
![]() |
![]() |