Auspoa berri bat: Bilboko Gabon Kantak
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratzen duen Auspoa bildumako 324. aleak lehenengo aldiz biltzen ditu, batera, euskaraz idatzitako hainbat gabon kanta, 1755etik eta 1832ra bitartean sortu eta Bilboko zenbait elizatan kantatu zirenak. Bertso moduan idatzita dauden kanta hauek Antonio Zavalak (1928-2009) bere bizitzan zehar euskal literatura herrikoia ikertu, dokumentatu eta zabaltzeko lanean jasotakoak dira. Hauek dira berak argitaratuko zituen bertsorik zaharrenak; eta horietan ikusten zuen bertso-paperaren sorrera.
Gabon kanta hauek nahiko argi erakusten dute, batetik, Bizkaiko hiriburuan artean euskarak indarra zuela eta, bestetik, garai haietako Bilboko euskara nolakoa zen. Bertsogintzari erreparatzeko aukera ere eskaintzen dute kanta hauek, horietako asko zortziko txikian idatzitakoak. Bertso hauen egileak nor diren argi jakin ez badaiteke ere, Zavalak bat baino gehiago Bizenta Mogel (Azkoitia 1782-Abanto 1854) idazlearenak direla uste zuen.
“Bertso-papera zera izan zen: bertso-sail idatzia, paperetan inprimatua eta herriz-herri zabaldua. Baina, noiz izan zuen hasiera? Beharbada Bilboko gabon kanta hauetan”, dio Zavalak liburuan. Bere hitzetan, “bertso-paper horiek Bilboko elizetan banatuko ziren” eta bertsolariek bertsoak jendeari ezagutarazteko bide egokia zela ikusi zutenetan “makina bat lan” eman zieten handik aurrera inprentei Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Iparraldean eta baita Argentinan ere.
‘Bilboko gabon kantak 1755-1832’ liburuak Antonio Zavalak utzitako lana du oinarri, eta lan horri Javier Kalzakorta eta Pello Esnalen ekarpenak gehitu zaizkio.
‘Auspoa’
‘Bilboko gabon-kantak 1755-1832’ liburua Antonio Zavalak 1961 urtetik 2009 urtean hil zenera arte euskal literatura herrikoia ikertu, zabaldu eta sustatzeko sortu, zuzendu eta editatu zuen Auspoa Bildumako 324. zenbakia da. Bilduma hau hainbat argitaletxeren bidez argitaratu ostean, 2003 Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen bilduma editatzen jarraitzeko ardura eta 41 liburu argitaratu ditu ordutik, gehienak gai ezberdinen inguruko bertsoak eta Euskal Herri osoko eta diasporako bertsolarien memoria eta idatziak.
Hil baino lehen, Zavalak Pello Esnal, Javier Kalzakorta eta Joxemari Iriondoren esku utzi zuen Auspoa proiektuaren ardura.