Azaroko bideo nobedadeak

Hona hemen urrian iritsi eta katalogatu diren bideo berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan ikusteko. Maciej Barczewskiren “El campeón de Auschwitz” filmak Tadeusz (Teddy) Pietrzykowskiren benetako historia kontatzen du. Pietrzykowski boxeatzaile aparta zen, eta 1940an Auschwitzeko kontzentrazio esparrura iritsi zen, presoen lehen garraio masiboaren parte gisa. Eric Barbierrek zuzendutako “Pequeño país” filma Gäel Faye rapero franko-ruandarraren eleberri autobiografikoaren egokitzapena da. Haurren begiradatik sortutako ikuspegi bat eskaintzen du, Ruandan hutuen eta tutsien arteko gerra zibilean adingabeek jasandako bizipenak jasoz. “Libertad” Espainiako web telebistaren miniserie bat da eta baita bidelapurrei eta drama historikoari buruzko film bat ere, biak Enrique Urbizuk zuzendutakoak. Claus Drexel zuzendariaren “Bajo las estrellas de París” izenburu poetikoak errealitate latz bat ezkutatzen du, hain zuzen ere izarpean lo egiten duten eta hiria asfaltozko jungla gupidagabe gisa bizi duten “clochards” edo etxegabeen errealitatea.