Azaroko komiki eta eleberri nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Azaroko komiki eta eleberri nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
Juan Talionek, "Mil cosas" eleberrian, Travis eta Anne aurkezten dizkigu, hiri handian bizitza bizkorra daramatenak, estres, estutasun eta betebeharren errutina amaigabean murgilduta. Opor aurreko egunetan, premiazko arazo batzuk izango dituzte, eta funtsezkoak diruditen arren, horien benetako garrantzia zalantzazkoa da. Travis enplegua galtzeko beldur da, eta Annek tentsioak ditu lanean. Bien bitartean, egun nekagarri baten higadurari aurre egiten saiatuko dira.
“Lur mortuak” Núria Bendicho Giró-ren lana. Eleberri beltz honetan, Joan Capdevila, hiru urte igaro ondoren, bere etxea izandakora bueltatuko da, baina bere itzulera tragediak markatuko du. Norbaitek tiro egin dio, eta badirudi erruduna familiako norbait dela. Etxea sekretu ilunez, sufrimenduz eta odolez idatzitako madarikazio batez beteta dago.
“Katona” Antxiñe Mendizabal Aranburuk idatzitako lan honetan, Katonek bahitutako neskatila baten istorioa kontatzen du. Umea jaio bezain laster, Txerren deabruak bereganatu eta idazlearen arima eman zion; gero, izena kendu, eta harekin batera bere izaera ere kendu zion. Txerrenek ez zion utzi inor maitatzen, ezta maitasunaz idazten ere. Eleberri hau bidai espiritual bat da, ametsaren eta sorginkeriaren arteko harian idatzia.
"Tu sueño imperios han sido" Álvaro Enriguek XVI. mendeko Mexikon Hernán Cortés eta Moctezumaren arteko topaketa berpizten duen eleberri historikoa dugu. Prosa biziz eta gaurkotasunez idatzia. Egileak, konkistaren mitoak zalantzan jartzen ditu eta botereari, indarkeriari eta zibilizazioen arteko talkari buruz hausnartzen du. Cortés bere kapitain, itzultzaile, tropa eta zaldiekin iristen da Tenochtitlanera. Lehenengo Atotoxtlikek eta gero enperadoreak berak hartuko dute bere ardurapean. Batzuk zaldiak eta besteek txokolatea deskubritzen dituzten bitartean, Jazmín Calderak uste du benetako erronka ez dela hirian sartzea, hiritik irtetea baizik.
Yasmina Khadraren "Corazón de almendra". Nestorrek, amak jaiotzean arbuiatu eta amonak Barbes auzo multikulturalean hazia, bere babesleku bakarra nola hondatzen den ikusten du, amona ospitaleratu behar dutenean eta amak apartamentua saltzeko erabakia hartzen duenean. Minaren eta amorruaren artean, Nestorrek bere historia bizitzeko eta idazteko gogoa berresteko indarra aurkitzen du hitzetan eta bere ingurunean.
“El misterio de la turista que murió dos veces: un caso de Lucio Garza” Javier Holgadok y Susana López Rubiok idatzitakoa da. Espainiako Costa Doradan kokatzen da 1969. urtean. Turista misteriotsu baten hilketaren ondorioz, garai hartako, argitu gabeko misterio bat irekiko du berriro, eta Lucio Garza auzitegiko mediku ospetsua proban jarriko du. Emaztearekin eta hauen zazpi seme-alabekin oporretan daudelarik, Luciok iragan tragikoko neska gazte bat ezagutuko du. Autopsiak, hil egin zutela ez ezik, bere benetako nortasuna ere erakusten du: duela urte batzuk desagertutako Espainiako irudi famatu bat zela.
KOMIKIAK
“Kateriñe: gerra-aztarna, bizi-taupada” Kateriñe Letamendi tolosarra, Espainiako Gerra Zibilak eragindako sarraskiaren lekuko izan zen. Tropa frankisten bonbetatik eta mehatxuetatik ihesi, kaosaren erdian egunerokoan aurkitu zuen babesa: sufrimenduz eta oroitzapenez beteriko bitakora pertsonala. Komiki honek haren ihesaldiaren eta biziraupenaren testigantza jasotzen du. Orain, haren bilobak, Maitena Illarramendik, eskuizkribu zahar batean gordetako pasarteak eskaintzen dizkigu liburu honetan. Honen guztiaren emaitza, kontakizun sakon eta hunkigarria da.
“La conserje de los grandes almacenes” Tsuchika Nishimuraren istorio fantastikoa, Akino protagonista duena. Hiriko saltoki handi esklusiboenetako langile berria. Bere eginkizuna bezeroei arreta ematea eta zer nahi duten jakitea da, lan zaila da gizakien artean hori egitea, eta are zailagoa atea zeharkatzen duten bezeroak animaliak direnean, eta halere benetako gai izango da erronka hau kudeatzeko.
"Odios cotidianos" gaur egungo Espainiako arrazakeria, islamofobia eta gordofobiaren arazoak mahai gainean jartzen dituen eleberri grafikoa da, jasaten dutenen ikuspegitik kontatua. Istorio zuzen eta hurbilekin, aurreiritziak eta estereotipoak eguneroko bizitzan nola sartzen diren erakusten du, batzuetan inuzenteak diruditen iruzkin edo keinuetan. Umorez, ironiaz eta begirada kritikoz, Pedro Riera eta Aliénor Benoist-en eleberri grafikoak, Ainoa Regaderaren marrazkiekin, askotan oharkabean pasatzen diren baina gure gizarteari buruz asko adierazten duten eguneroko jarrera horiek aurkitzera eta zalantzan jartzera gonbidatzen du irakurlea.
Agustina Guerrerok Bartzelonan bestelako egun bat bizitzera gonbidatzen gaitu “Hoy” eleberri grafikoan: plan finkorik gabeko eguna, presarik gabekoa, hiriak hitz egin dezan uzten duena eta ustekabekoa gertatzen dena. Oinez, behatuz eta entzunez, protagonistak ikusiko du arreta eta askatasuneko une txikiek ematen diotela zaporea eta zentzua bizitzari. Gelditu eta inguratzen gaituenera irekitzearen edertasunari buruzko istorioa da.
“No es mi trabajo” Simonides eta Jabier Etxagibelen eleberri grafikoa, lanaren eta identitatearen inguruko hausnarketa ukitu ironiko batekin nahasten duena. Jabilo, erretiroa hartzear dagoen gasteiztarra, papergintzaz eta errutinaz nazkatuta, Ertzaintzaren gorputz "seniorreko" agente gisa infiltratuko da hirugarren adineko gizarte-mugimenduetan. Bere pentsioa hobetzeko plan erraza zirudiena berehala korapilatuko da euskal poliziaren ustelkeria sare bat bere bidean gurutzatuko baita.
“Gerra hotza irabazi zuen ergela” Jean-Yves Le Naour-en gidoia eta Cédrick Le Bihan-en marrazkiak dauzkan komikia da. 1980an Ronald Reagan, mendebaldeko filme zaharretako aktore izandakoa, Estatu Batuetako presidente hautatua da; berandu altxatzea, lokuluxka egitea eta asteburuak Kaliforniako baserrian pasatzea du gustuko, eta dokumentuak aztertzea ez da bere indargunea, baina komunikatzaile bikaina da, etengabe txisteak kontatzen dituena, eta, gainera, irudi jator eta atsegina du. Bere jarrera ezohikoak nahastu egiten du Gorbatxov, eta Sobietar Batasuneko agintari nagusiak ez du zuzen negoziatu nahi, aholkulariekin baizik, baina Reaganek hori guztia axola ez zaiola erakusten du, eta bere burua garailetzat aurkezten du, Gerra Hotza irabazi duela aldarrikatuz.