'Azul', Esther Giliren artea

Astronave, 2020
Marrazkilari handi bati buruzko liburu handia, atsegina eta polita aurkeztu nahi dizuegu. “Azul, el arte de Esther Gili” izeneko lanak, artista honen ibilbidearen berri ematen digu, elkarrizketa eta irudi ederrez jositako liburuan.
Esther Gili Madrilen jaio zen 1981. urtean. Txikitatik marraztera ohituta, ilustrazio ikasketak burutu zituen eta irudigile askok bezala, gauza oso desberdinak egin ditu bere lan ibilbidean zehar orain arte. Akuarela teknika gogokoena izanik eta bere erretratuekin pertsonen espresioak bikain azalduz, komikiak, liburuetarako marrazkiak, laminak, eta zinema eta publizitaterako irudiak ere egin ditu beste gauza askoren artean.
Haur eta gazteentzako liburuetarako ilustratzen eskarmentu handikoa da, “El legado de Catherine Elliot” lanean arrakasta handia eskuratu zuen Gemma Camblorrekin batera. Helduentzako lanen artean, “39 semanas” izeneko liburua kaleratu zuen, amatasunari buruz berak sortutako blogak eduki zuen oiartzuna dela eta. Komikigintzan, Arruequen fanzinean eta Dos Veces Breve aldizkarian parte hartu izan du. Liburu kolektiboetan elkarlanean ere aritu da, “Tapa Roja”, “Lanza en Astillero” eta Dupuis argitaletxearen “La vieille dame qui n’avait jamais joué au tennis, et autres nouvelles” komikian besteak beste.
“Azul” liburua modu nahiko intimoan aurkezten digu. Esther Gili bera, haren inguruko pertsonekin elkarrizketan agertzen da bere ilustrazio eta lanen artean erdi ezkutuan. Marialu Gili ahizparekin, Carlos Salgado bikotekidearekin, eta Avesha L. Rubio eta Maria Hesse lagunekin, eta lantzen den gai bakoitza estilo desberdineko irudi ezagun edota inoiz argitaratu gabekoekin harilkatuta dator. Hizketaldi hauetan bere marrazki eta esperientziez aritzen dira, akuarela, haurrentzako ilustrazioa, zinea eta komikiak ardatz direlarik. Liburua esku artean izatea da lan honetaz gozatzeko aukera onena.