Badator Iparraldea bertan!
Urtero Iparraldearen zatitxo bat Donostiara ekartzen zikloak 12 urte betetzen ditu aurten eta bi berezitasunekin dator.
Batetik, lehen aldiz, hiru artista gipuzkoar entzungo ditugu Iparraldeaz mintzatzen. Maialen Lujanbio bertsolaria, Xabier Mendiguren idazlea eta Mikel Markez musikaria. Nola ikusten dute Iparraldea? Ba al da mugarik bertsolaritza, literatura eta musikarentzat? Zer harreman dute Ipar Euskal Herriarekin? Mahai-ingurua ETBko kazateri Franck Dolosorrek gidatuko du, apirilaren 10ean, 19:30etan.
Bigarren berezitasuna da film bat eskainiko dela, Oskar Alegriaren Emak bakia baita. Nazioarteko zinemaldietan kritika arrakasta lortu duen pelikula honek Man Ray-k 1926an Miarritzetik gertu filmatutako Emak Bakia pieza abanguardistan agertzen den etxearen bilaketa du ardatz. Oraindik filma ikusi ez dutenek, beste aukera bat izango dute KOLDO MITXELENA Kulturunean, apirilaren 24an.
Jakina, kantuak ere izango du bere tokia Iparraldea Bertan! jardunaldietan. Bi emanaldi izango ditugu. Lehenengoa, apirilaren 3an, Holako taldeak, erromeria moduko kantaldia eskainiko du Iparraldeko atzkoko eta gaurko kantuak ezagutarazteko. Apirilaren 17an berriz Nadine Elgoyhen, Lucien Joa, Isabelle Jaury, Kattalin Indaburu eta Filipe Albor zuberotarren txanda izango da.