'Bañolet' filma parte-hartzailea proiektatuko da martxoaren 21ean Koldo Mitxelena Kulturunean
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoyen proiektuari eta sorkuntza-prozesuari buruz arituko dira
'Bañolet' filma parte-hartzailea proiektatuko da martxoaren 21ean Koldo Mitxelena Kulturunean
Bañolet filma Garaziko eskualdeko biztanleekin garatu den euskarazko pelikula proiektu parte-hartzaile bat da eta bere idazle eta zuzendariak izango ditugu Koldo Mitxelena Kulturunean.
Filma Eiheralarreko herrian grabatu zen 2021eko udan, eta kasu honetan aktore taldeak ezaugarri berezi bat zeukan: ez ziren profesionalak, herriko biztanleak baizik. Pelikulak existitzen ez den herri bat aurkezten digu, eta sortzaileek testuinguru geopolitiko berezi batean eraiki dute, populu zapalduek berriki birjabetu baitute lurraldea.
Pelikulak haurtzaroko begirada hartzen du oinarri gisa eta bere kodeak erabiltzen ditu, erreferentetzat garai horretako gogoetak eta jokoak hartuz.
Pelikularen proiekzioaz gain, bi zuzendariekin proiektu parte-hartzaileari buruz hitz egin ahalko dugu. Gainera, biek zuzeneko kontzertu bat eskainiko dute, filmerako sortu zuten musika interpretatuz.
Saio honekin agur esango diogu aurtengo Iparraldea bertan zikloari.