Baños Pleamar komikia
Isaac Sánchez da komiki autobiografiko eta kostunbrista honen gidoilari eta marrazkilaria

Baños Pleamar komikia
Baños Pleamar leku baten, komiki baten eta haurtzaro baten izena da. 90eko hamarkadan Isaac Sanchezen familiak lan egiten zuen jatetxearen izena da Baños Pleamar. Badalonako hondartzan kokatuta zegoen eta bertan bizi zen familia osoa. Denetarik zegoen: logelak, jangela, igerileku komunitarioa, jatetxea, baratzea eta hondartza ere eskuz-esku zeuden.
Isaac umearen oroitzapenetan oinarritutako ibilbide honetan, pertsonaia sinplifikatuak eta ia animalia bihurtuak aurkitu daitezke, beste komikietako pertsonaien erreferentziak ere ageri dira eta nostalgia, umorea eta kostunbrismoa deitzen den alor hain zabal hori dena jasotzen du narrazio bikain honek.
Isaac Sánchez komiki autobiografiko eta kostunbrista honen gidoilari eta marrazkilaria da. Bere gurasoen istorioa kontatzen du, nola ezagutu zuten elkar, nola eta zergatik bizi izan ziren horrela, anai-arrebak nolakoak ziren eta baita haien ibilerak ere. Gainera, Isaacek pertsonaia edo kontalari berezia sortu du narrazioa borobildu eta kontestualizatu asmoz, hitza eman die bertako paretei, komunei, pertsonaia bat bilakatuz ia “Baños Pleamar” bera. Esaera arrunt batek dioen moduan “paretek hitz egingo balute…” eta horixe lortu du gidoia eta marrazkia uztartzeaz gain dena bikain josiz egileak.
Marrazkiak ere asko laguntzen du istorioan barneratzen, kolore eta formek denboran atzera eramaten bagaituzte ere, istorio txikien artean gehitu dituen garai bateko argazkiek pertsonaiekin konektatzeko gako bilakatu dira. Eta aldi berean gidoiaren momentu batzuetako elkarrizketa hutsal antzerakoek marrazkiaren laguntzaz, pertsonaien sentimenduetaraino eramaten gaituzte, egiazkotasuna eta hurbiltasuna bermatuz.
Irakurtzen hastea besterik ez zaizue falta, komikiaren munduko pertsonaia ezagunen erreferentziak aurkituko baitituzue.