Barbara Stammel. Giza orbanak / Manchas humanas / Human Stains
BARBARA STAMMEL
Giza orbanak / Manchas humanas / Human Stains
Inaugurazioa:
uztailak 10, 19:30
2014ko uztailaren 10etik irailaren 6ra
Ordutegia:
Asteartetik ostiralera:
16:00 - 20:00
Larunbatak:
11:00 - 14:00 / 16:00 -20:00
Barbara Stammel: pinturaren boterea
Hasteko, gauza bat aitor dezagun: Barbara Stammelen koadroak ez zaizkio jende guztiari gustatzen. Haren mihiseek eta paper gaineko obrek ikusizko erronka bat planteatzen dute, eta erronka intelektuala halaber. Begi liluragarriak, gris eta zurizko, hori, berde eta arrezko pintzelkadaz pintatutako aurpegietatik tinko begira. Ikusleari jakinguraz beha direla, etsaitasunik gabe ordea, gure geure buruaren aurrean jartzen gaituzte.
Stammelen pinturak ez dira errazak. Stammelek ihes egiten die abstrakzioari eta irudikapenari. Egiten dituen irudiek errealismoa ezartzen dute, errealistak izateke. Wagnerren sinfonia bat edo Goetheren Fausto bezala, lan egundokoa egiten du, sutsua, zaila, baina ahaztezina.
Barbara Alemaniatik datorkigu, poeta eta filosofo, musikari handi eta pintore ahaltsuen lurraldetik. Herentzia horrekiko leial, konpositore batek soinua bezala erabiltzen du Barbarak pintura. Tonu freskoak, trebeki manipulatuak, gris, granate eta marroien artean defendatzen dira. Horizko pintzelkada batek eta berde distiratsuzko edo eskarlatazko ukitu batek sortzen dute osotasuna, gure inguruan olatu baten antzera lehertzen den crescendo batean.
Ez dugu, baina, oker ulertu behar: nahasmen hau ez da kaosa. Stammelen koadroak artistaren beraren ezaugarri diren nolakotasunen adierazpen erabatekoak dira: bizitza, kemen, egoskorkeria eta irmotasun adierazpenak. Mina dago, baina baita lasaitasuna ere erretratu diruditen –baina ez diren- aurpegi horietan. Horietan memoria ere badago, igarotako gauzen oroitzapena, eta etorkizun diren gauzekiko beldurra.
Stammel Söcking herri txikian jaio zen, Starnberg lakutik hurbil, Munichetik hego-mendebaldera. Herriko biztanle ospetsu bat Fritz Gartz pintore espresionista izan zen; Lehen Mundu Gerraren ostean ospea iritsi, eta eszenatoki artistikotik erretiratu egin zen nazismoaren urteetan zehar. Itxialdi lasaia bizi izan zuen, eta Söckingen hil zen, 77 urte zituela, 1960an, Barbara jaio zen urte berean.
Söckingetik iparraldera Dachau zegoen, nazien lehenbiziko kontzentrazio-eremuaren kokagunea. Bere oroitzapenik goiztiarrenen artean, Barbarak gogoan du gurasoek nola kontatzen zioten, inguruan bizi ziren haurrak zirela, zuhaitzen atzean ezkutaturik ikusten zituztela preso-ilarak, kateaturik zeramatzatela ondoko BMWren lantegian bortxazko lanak egitera. Joan zen mendeko hirurogeiko urteen hamarkadan, alemaniarrak artean ikasten ari ziren bere historia hurbila onartzen, eta Barbararen haurtzaroaren gainera abaildu zen oroitzapen horien itzala. Hain justu ere urte horietan zehar bere aberkide Georg Baselitz artista alemaniarrak Helden edo Heroiak obrak aurkeztu zituen, Bigarren Mundu Gerrako aberriratu akituen irudikapen ironikoak berak. Handik urte batzuk igaro direla, Stammelen aurpegiek Baselitzen obraren ezaugarria zen konformismo-kontrakotasun errebelde bera erakusten dute.
Stammelen lehen eraginen artean ama dago, emakume sortzailea eta beti eskulanen batean ari zena etxean, eta etxetik hurbil bizi zen arotz jator bat, Barbarak forjan lagundu ohi baitzion eskolatik atera ondoren. Stammelen haurtzaroaren ezaugarrietako bat aldaketa izan zen. Zortzi urte zeuzkanean, eta geroago berriro 12 urte zeuzkanean, aitak -alfonbra-saltzailea zen- beste leku batera eraman zuen familia. Bavarian segitzen bazuten ere, aldaketa hauek betiko lagunekiko harremana galtzea eta lagun berriak egitea ekarriko zioten.
Aldaketa eta mugikortasuna konstante bat izan ziren unibertsitateko urteetan ere. Ikasketak ordaintzeko hainbat lan egin zituen, horien artean treneko ohe-bagoien ikuskatzaile aritu zen, eta honi esker alderik alde zeharkatu zuen Europa. Gaueko bi trenen artean, denbora aurkituko zuen Erroma, Hanburgo edo Stockholmi begirada bat emateko.
1987an Municheko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko matrikula ofiziala egin zuen. Sorkuntza-epe bizi baten hasiera izan zen; ordu txikiak arte egiten zuen lan, eguna zabaltzen hasi arte, bere eskolaren estudio gisa erabiltzen zituzten zurezko estalpeetan. Hurrengo zazpi urteetan zehar -Bartzelonara ikastera joan zen 1990ko tarte batez-, Stammelek hainbat proiektu landu zituen; horietako batzuk argi eta garbi zeuden bere biologia ikasketekin lotuta, “The Heart” izeneko bihotzari buruzko pintura-sortaren kasuan ikusten dugun bezalaxe. 1994an Alemania utzi, Euskadira etorri eta Xabirekin finkatu zen; hau ikaslea izana zen, eta filosofia irakaslea ondoren, eta Munichen ikasten eta ikertzen eman zituen urteetan zehar ezagutu zuten elkar.
Aldaketa, ihesa, emigrantearen estutasuna, baina baita kolonoaren zalantzak ere; hauek dira Stammelen obraren muinean dauden gaietako batzuk. Serieak eginez, artistak erreproduzitu egiten ditu beste leku batekiko mina, distantziaren indarra eta desira. Euskadin pintatu zuen lehen serietako batek, Gente mirando el mar izan zen, paperezko zorroetan pintatutako aurpegiak erakusten ditu, burdinazko egitura batean zintzilik daudela brisak mugi ditzan. Aurpegi guztiek norabide berean begiratzen dute, kanporantz, ozeanorantz, urruneko beste lur batzuekiko irrikaz.
Beste serie batek, Dark Swimmers (Igerilari ilunak) izenekoak, neurri handiagoko paperezko zorroetan pintatua bera, gauez igerian ari zen jendea erakusten zuen, lehorrera iristeko borrokan ari zela. Kableetatik zintzilik zeudela erakusgai ziren galerian zehar, hastapeneko korridore bat eratu eta bisitariak igerilarien neke eta etsipenaren aurrean jartzen zituzten. Ildo berari jarraiki, Shipwrecked edo Naufragoak serieak beste lekuren batean bizimodu hobea bilatzeko etsipenean Afrikatik ihesi zihoazen emigranteen irudikapen garratzak erakusten zituen. Egin duen azken seriea, Human stains (Giza orbanak) izenekoa, diapositiba-aurkezpen bat da, joan-etorriz, gure begien aurrean agertzen eta ondoren, desegin eta desagerturik hurrengoari tokia uzten dioten diren identitateez osatua; hau da, itxura, antz eta ezkutatzez osaturiko giza kate bat da.
Nondik datoz aurpegi horiek? Sarritan lagun eta ezagunen argazkiak dituzte sorburu, edo aldizkarietatik atereak dira bestela. Baina hori hasiera besterik ez da. Stammelek pintzela hartzen duenean, eraldatze prozesu bat abiatzen da.
Begiak ditu abiapuntu. Hasierako eredua ezagutzen dutenentzat, emaitzak izugarrizko antza izaten du harekin. Baina horixe da pinturak irudikapenetik hurbilen dauden puntua. Existitu daitezkeen baina existitzen ez diren pertsonen erretratuak dira. Errealismo hori ez baita foto-errealismoa, baizik eta Larritasun existentzialaren errealismoa.
Begiak jada badituenean, Stammel pintatze ekintza nagusian murgiltzen da. Pintura ematen dio mihiseari. Tinduak eta ehundurak azaltzen dira. Duela urte batzuk, aurpegi gordin eta oinazetuak egiten zituen. Pintura oldarka bezala lantzen zuen, espatulaz, larrua kendutako haragia eman zezan. Bazirudien kanpoko babes geruza bat kendua zela, bizitzaren eta esperientziaren gordina agerian lagatzeko.
Egin dituen azken koadroetako batzuetan osatze prozesu bat abiatu da. Aurpegiek gure eguneroko bizimoduaren lekuko kezkagarri izaten segitzen dute, baina itxura lasaiagoa dute orain, eta kanpo azala osorik dute. Une batez, atsedenalditxo bat izan dezakegu, munduko egungo larritasunaren aurrean.
Baina larritasunak bertan segitzen du. Mihiseetatik finko begiratzen digutela, begiek arakatu egiten gaituzte, eta ditugun motibazio eta asmoak zalantzan jartzen dizkigute halaber. Aspaldiko oroitzapenek eragindako tentsioa dute aurpegiek. Deserosoa izaki, are zakarkeriaraino heltzen dela, zalantzarik batere ez dago Stammelen obraren sakontasunaren inguruan. Artistak paper gainean pintatutako bere obrak zintzilikatu ohi dituen egiturek eta kableek beraren sorkuntzei eusten diete, eta baitan daramatzate gainera. Igeltsuzko bota astunek oinarria jartzen diote Europako hareatzeetan hondartutako emigrante itsasoan galduen flotari. Granitozko gurpilek traba egiten diote metalezko egitura batean zintzilik duen aurpegi-koadroetako baten mugimenduari.
Alabaina, pintura da nagusi pertzepzioaren eta errealitatearen arteko bidegurutzean. Lucian Freud-ek ez bezala, honen koadroak pinturaren ehunduraren eta giza haragiaren izaera galkorraren ospakizun baitira halaber, Stammelek errefusatu egiten du antzekotasun objektiboarekiko tentazio oro. Stammelen koadro bat ikustea indibidualismotik haratagoko mundu batean sartzea da. Horrexetan dautza duen artearen indarra eta boterea.
Nick Bray
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04