Basque Sketches. Ilustratzaile militar britainiarrak lehen karlistadan

Aurkezpena: Lehen Karlistadako militar britainiarrek egindako ilustrazioak
Europak ibilbide luzea egin behar izan zuen sistema liberala ezartzeko, herrialde bakoitzak bere erritmoa eta bilakaera izan baitzuen. Espainian Lehen Karlistaldia lehertu zenerako, Britainia Handian gorpuztuta zegoen sistema liberala, eta Errege Itsas Armada eta soldadu boluntarioak bidali zituzten penintsulako iraultza liberalaren alde borrokatzera. Testuinguru horretan, britainiar militar batzuek beren lekukotza utzi ziguten akuarela eta litografietan, paisaiak eta eguneroko bizitzako gorabeherak irudiztatu baitzituzten, gerrako bizipenez gain.
Apirilaren 30a arte, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran duzue lekukotza horiek ezagutzeko aukera. Basque Sketches, ilustratzaile militar britaniarrak lehen karlistadan erakusketan ondokoa aurkituko duzue:
- Akuarelen koaderno bat, orain arte argitaratu gabea.
- Britainia Handiko boluntario liberalen litografiekin osatutako hainbat album
- Charles Henningsen boluntario karlistaren akuarelak.
Erakusketan bildutako irudi eta dokumentu hauek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumakoak dira, Ondare eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zuzendaritzen elkarlanaren fruitua; izan ere, dokumentuak Zumalakarregi museoan eta artxiboetan gordeta daude.
Apirilaren 30a arte Ganbaran izango dugun erakusketa honetan aipamen berezia merezi dute Richard eta Thomas Hornbrookek, Henry Wilkinsonek eta Charles Frederick Henningsenek.
Hornbrook aita-semeak. Akuarelen koadernoa eta grabatuak.
Richards eta Thomas Hornbrook militar britainiarrek Euskal Herrian bizi izan zuten esperientzia irudikatu zuten irudi, akuarela eta estanpen bidez.
Richards aita Britainiar Itsas Armadako kapitaina zen eta Euskal Herrian egin zuen egonaldian paisaien eta eguneroko bizitzaren irudiekin akuarelen koaderno bat osatu zuen.
Thomas semeak, Britainiar Legio Laguntzailekoa, akuarelak pintatu zituen eta bere lanekin litografien bilduma bat argitaratu zuen Londresen: Twelve Views in the Basque Provinces illustrating several of the actions in wich the British Legion was engaged with Carlist Troops.
Henry Wilkinson
Henry Wilkinson-en biografiaren datu gutxi dauzkagu. Britainiar Legioko medikua zen eta 1835ean 5. erregimentuan sartu zen zirujau. Ondoren, Eskoziar Granadarien erregimentura eraman zuten eta 1837ko martxoan Britainiar Legio Laguntzaileko Estatu Nagusira. Bere egonaldian Sketches of Scenery in the Basque Provinces of Spain idatzi zuen (Londresen argitaratu zen1838an). Euskal lurraldetan izan zuen esperientziaren narrazio interesgarri horretan udalerrien ikuspegiak eransten ditu, eta baita euskal doinuen eta soldadu espainolei entzundako abestien partiturez osatutako ilustrazio musikalak ere.
Charles Frederick Henningsen
Karlisten artean boluntario ibilitako atzerritarren artean ezagunenetakoa izan zen, bereziki Tomas Zumalakarregiren lehen biografoa izan zelako.
Henningsen Eskozian jaio zen 1815ean. 19 urte zituela bere burua boluntario aurkeztu zuen karlisten artean aritzeko. Zumalakarregiren zalditeriko partaide izan zen eta borroka ugaritan aritu zen. 1835ean Elliot Hitzarmena sinatzerakoan diplomatiko britainiarra harritu omen zen karlisten artean eskoziar hura aurkitzean.
Zumalakarregi hil zenean, Ingalaterrara joan zen, bertan karlisten aldeko lana egitearren. Lan hauen artean koka genezake Zumalakarregiri buruz Londresen 1836ean argitaratu zuen liburua: The most striking events of a twelvemonth´s campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces. Liburuak arrakasta handia izan zuen eta alemanierara, frantsesera, italierara eta gaztelerara itzuli zen urte gutxian. Britainiarren artean eztabaida ugari sortu zuen, Zumalakarregiren figura goraipatu eta karlisten aldeko jarrera nabarmentzen baitzuen.
Bere ilustratzaile lana, berriz, ez zen orain arte ezagutzen. Erakusketa honetan dasta daitezke lehenengoz, arestian Zumalakarregi Museoaren bilduman bildutako akuarelak.
Basque Sketches en Gipuzkoakultura.net
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17