Begoña eta Iñaketen 'Helize' komikia
Mikel Begoña ; Iñaket
Helize
Harriet, 2020
Euskaldunen oroimen kolektiboa XX. mendearen hasieran hasten da banatzen. Euskal Herri kontinentalean, urte horien zama ikaragarria da, herriz herri, kalez kale, etxez etxe. Penintsulako euskaldunentzat 30. hamarkadaren eztandak ito egiten du beste aro hura.
Horregatik biziki eskertzekoa da Begoñak urte horiek aukeratu izana istorio hau kontatzeko.
Abentura klasikoaren gerizpean, etxeko pasadizoa ezkutatzen du gidoilari sopeloztarrak. Halere, hau ez da kontakizun historikoa, aro historiko zehatz batean girotutako fikzioa baizik. Orain dela 100 urteko giro sozial, ekonomiko zein ideologikoaren puska bat ezagutzen laguntzen digun narratiba, baina garrantzia istorioan datza, ez historian.
Istorioa baino, istorioak, trama bat baino gehiago nahastuta lortzen baitute autoreek euren narrazioa osatzea.
Narrazio horretan, Iñaketen marrazkiak erabateko garrantzia du. Izan ere, marrazkerak Cimoc-en irakurritako eta egun klasikotzat jotzen ditugun lanak gogora ekartzen ditu, besteak beste.
Azkenik, tebeoa amaitutakoan erantsitako materialak ezin aproposagoak dira; ez dira betelan hutsa, informazio osagarri eta biziki garrantzitsua baizik.