Bi gurpilen gainean
Bizikleta eta txirrindularitzaren inguruko materiala KMK Liburutegian

Bi gurpilen gainean
Udaberria garai egokia da bi gurpilen gainean jarri eta kilometroak egiteko. Eguraldiak lagunduz gero behintzat bai. Gainera garraiobide hau ekologikoa eta osasuntsua ere bada. Halakoa da bi gurpil oinarri gisa dauzkan tresna honen erabilpen nagusia, ikusi adierazpen honetan bertan.
Txirringa, bizikleta edo txirrindularitza oso mundu zabala da, kirola da, zientzia da, garraiobidea da, denetarako ematen duen gaia dugu gaurko hau. Hasteko bere historiari buruzko liburu hau izango da aproposenetakoa gaian barneratzeko.
Eta behin bizikletaren gainean jarrita hobe gure gaitasunak eta gure prestakuntza fisikoa ere ongi ezagutzea. Hona hemen zertzelada batzuk: gimnasioan egin daitekeen ziklismoa, erresistentzia fisikoa, entrenamenduaren analisia, errepideko txirrindularitza.
Jarraian, behin bidean abiatuta norantz jo dezakegun ere aukeratu beharra dugu: Piriniotan hainbat aukera daude edo mendiko txirrindularitzako ibilbide bereziak, baita gure inguruetako mendietan ere, Urbasa, Andia edo Entzia mendilerroetan adibidez. Eta inork urrutiago joan nahiko balu, esaterako Kaukaso eta Kurdistango inguruetara edo Txinara joateko ideiak har ditzakezue liburu hauei esker.
Kontuan izan beharreko beste puntu garrantzitsu bat: segurtasuna eta norekin bidaiatu nahi dugun. Esaterako badaukagu bakarrik bidaiatzeari buruzko beste liburu hau ere.
Eta azkenik, zer egin gurpiletako bat zulatuz gero? Laguntza eskatzea bezain gauza errazagorik ez badago ere, badaezpada gure Liburutegian badauzkagu bestelako bitxikeriak, manualak edo kotileoak biltzen dituzten materialak: manualak, kartelak, aldizkariak, eleberriak, komikiak, saiakerak, gidak, e.a. Guzti-guztiak ez, baina eskuragarri dauden batzuk bildu ditugu zerrenda orokor honetan.
Udaberria Euskal Itzuliarekin abiatu genuen apirilean eta Eibar protagonista zuzena izan zen bertan. Etapa bat bertan amaitu zen eta ezin ahaztu txirringen fabrikazioa eta txirringen inguruan mugitzen den industria inguru honetan XX. mende hasieratik gaur egun arte.
Ekainean amaituko da udaberria baina ekainaren 3a bizikletaren eguna dela esan gabe ezin dugu testu hau amaitu. Eta uda aurretik dugunez, pedalak martxan jartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Donostian bertan gainera, bada liburutegi, liburu-denda, elkarte zein bidegorriez gain, Zikloteka deitutako dokumentazio txoko bat ere Cristina Enea parkean eta hauxe da haien azken buletinetako bat.